Banatu dituzte MUko Ekiten programako sariak

Asier Alkorta 2010ko uzt. 13a, 17:34
2007az geroztik Mondragon Unibertsitateak ekintzaileentzako Ekiten programa antolatzen du, eta bertan unibertsitateko ikasleek hainbat ideia berritzaile aurkeztu dituzte. Hiru alor ezberdinen zeuden orotara, eta gaur egin dute sari banaketa ekitaldia MUko errektoretzan.

19 proiektu aurkeztu ziren iaz Ekiten programan, eta aurten berriz 35. Antolatzaileek datu hori nabarmendu nahi izan dute, baina kontuan hartu beharra dago aurten estreinakoz antolatu dela Gazteria, Aisialdia eta Kirol arloko lehiaketa. Lehiaketa horretaz gain, aurten ere Landa-Gunea Garatzeko Ideia eta Proiektuen bigarren lehiaketa egin da, eta Enpresa Ideia berrien laugarrena. 

Guzti hauetako irabazleen izenak eman dituzte gaur MUko errektoretzan. Antolatzaileek proiektuen maila ona azpimarratu nahi izan dute, gaur egungo egoerara ongi moldatzen diren proiektuak direla azpimarratuz. 

Enpresa Ideia berrien lehiaketan, Paula Arrillaga, Ainhoa Gonzalez, Laura Burgoa eta Mirian Juaristik osatutako Boslan S.L. taldea saritu dute. Hauek kaleko argiztapenean energia aurrezteko proiektu bat aurkeztu dute. Egun argiak eskaintzen duen energia aprobetxatuz udalerrien energia gastua aurreztu nahi dute. 

Landa Gunearen Garapenerako lehiaketan bestetik, Iskander Alkate, Jon Abaitua eta Mikel Iridoiek osatutako Landazale Kooperatiba saritu dute. Hauek baserritarren produktuak saltzeko era berri bat garatu dute. 

Gazteria, Aisialdia eta Kirol arloko lehiaketan Joanes Rodriguez, Jon Abaitua eta Markel Gibertek osatutako taZEBAez - Team Coaching taldea saritu dute. Hauen proiektuak kirolari gazteenei ezagutza eta balio berriak eskaini nahi dizkie.  

Proiektu berritzaileak ekarri dituzte aurtengo Ekiten sariek, etorkizunari begira jartzeko balio diguten proiektuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak