Bizitza pertsonala, elkarbizitza eta hezkuntza hobetzeko asmoarekin sortu du Baketikek Bizizikasi pedagogia proiektu berria. Horretarako, proiektuaren abiapuntua hezkuntzan dagoela zehazten du Jonan Fernandez Baketikeko zuzendariak.
Zortzi esperientzietatik abiatuta, ikaskuntza ibilbide garrantzitsu bat egin dezakegula ziur daude Baketiken. Zerbait benetan ezagutzeko lehenbiziko bizi egin behar dela baitio Jonan Fernandezek. Baina zeintzuk dira zortzi esperientzia horiek? Oinarrizkoen artean aipatzen ditu Baketikeko zuzendariak izakiaren izaera mugatua, esker ona, entzuteko kontzientzia eta giza duintasuna. Bestetik, elkarrizketa, enpatia, pazientzia eta maitasuna ere azpimarratzen ditu.
Baketikek lau urte hauetan egindako lanak forma eta izena hartu duela azpimarratu du Jonan Fernandezek. Orain bake zentroaren ardatz nagusi bihurtuko da Bizizikasi pedagogia proiektua. Lau urte hauetan zehar 6.000 pertsonek parte hartu dute ikastaro hauetan. Etorkizunean ere bide horretan jarraituko du ekimenak.