Hona hemen Gernikako ituna sinatu zuten alderdien gure ibarreko ordezkarien balorazioak:
Ezker abertzalea
Xabier Zubizarretaren esanetan, prozesua "atzeraezina da, baina ez ETAk erabaki bat hartu duelako, baizik eta Euskal Herria martxan jarri delako. Atzeraezina egingo du prozesu hau euskaldunok, euskal hiritargoak protagonismoa hartzen badugu egoera honetan eta bere eskubideen aldeko lana egiten segitzen badugu".
"Nabaritzen zen jendearen poza alde batetik, eta pozarekin batera aurrera egiteko irmotasuna eta gogoa, eta uste dut jendea ikusten hasi dela benetan gauzagarria dela Euskal Herriaren askatasuna eskuratzea poliki-poliki; ez da egun batetik bestera izango, baina nik uste dut indar metaketa lortzen badugu euskaldunoi dagozkigun eskubideen defentsaren inguruan benetan lortu egingo dugula egun baten Euskal Herria askatuta ikustea".
"Une honetan egoera demokratiko batera heltzeko baldintzak inork betetzen baditu Euskal Herria da eta estatu espainola eta frantsesa oso urruti daude oraindik eskubide horiek errespetatzetik eta gauzak aurrera joango badira haiei dagokie orain urratsak egitea".
Aralar
Aralarko Oxel Erostarbek ere argi ikusten du prozesua atzeraezina dela eta argi dauka, baita ere, Gernikako itunaren ostean, ETAri eta Espainiako Gobernuari dagozkiela pausoak ematea: "Bake eszenatoki bat topatzeko bideari ekin diogu, eta aldarrikapen batzuk argi egiten ditugu: batzuk Estatuari begira eta beste batzuk ETAri begira. Bakoitzari dagokio bestearen zain egon barik bere pausoak ematea, eta ETAri dagokiona da alde bakarreko su-eten iraunkorra eta egiaztagarria lehenbailehen ematea, herri honi zor dion gauza bat delako".
"Oso pozgarria da Aralarren hasieratik gauden denondako eta ibilbide honetan lagun egin ditugunondako Gernikako akordioa; besteak beste, gero eta gehiago garelako argi berbetan hasi garen ezkerrekoak eta abertzaleak eta gero eta gehiago garelako Estatuari eskatzen diogun gauza berak eskatzen dizkiogunak ETAri: alde bakarreko pausoak emateko".
"Gaudenak zain egon barik gure pausoak ematen segitu behar dugu, argi berba egiten eta bake eszenario baten alde".
Alternatiba
Alternatibako Ander Rodriguezen ustez, Gernikako itunak indartu egin du orain arte egindakoa: "Gernikakoak atzeraezinkortasuna areagotu egin du. Uste dugu, baita ere, nazioarteko bitartekarien partaidetzak atzeraezinkortasuna areagotu egingo zukeela, baina uste dugu batez ere herritarren inplikazioa lortzen dugun neurrian lortuko dugula prozesuaren atzeraezinkortasuna.
"Pilota euren teilatuan dago, eta baita ETAren teilatuan ere; eskaera zehatza egin zitzaion eta uste dugu erantzun zehatza eman beharko duela; eta baita Espainiako Gobernuak ere (…) Gainerako indar politikoei dagokienez, esan behar da dokumentua zabalik dagoela eta gertu gaudela gainerako eragile sozial, politiko eta sindikalekin berba egiteko, jakiteko zeintzuk diren [bidaia orria] horri egin gura dizkioten ekarpenak".
"Prozesua luzea izango da, pausoak ematen joango dira, baina horrek ez du esan gura ez dugula egin behar horren aldeko apusturik eta ez dugula Euskal Herrirako bakea eta normalizazio politikoa lortzeko konpromiso eta apusturik egin behar".
Eusko Alkartasuna
Eusko Alkartasunaren izenean Pello Urizar idazkari nagusia izan zen Gernikan. Borondatea dute prozesua atzeraezina izateko. Baina ETAri eskaerak egin dizkioten neurrian, Urizarrek argi du gehiago behar dela aurrera egiteko: "ETAk pausoak eman behar ditu Euskal Herrian dauden askok euren burua mehatxatuta senti ez dezaten, baina hori txanponaren aurpegi bat da. Beste aurpegian daude beste eskubide batzuk ez direnak bermatzen gaur egun, beste jende asko sufritzen dago; Espainiaren legea hor egon arren, lege hori bete barik sufritzen dabiltzan asko daude".
"Egin behar duguna da prozesua segitu eta ahalbideratu atzo egon ez ziren batzuk, gutxienez, egon daitezen; badakigu denak ez direla egongo, baina ahalik eta gehien egotea positiboa da prozesua sendotzeko eta, denok espero dugun moduan, prozesuak atzera bueltarik izan ez dezan".
"Badakigu gizartearen gehiengoa ados egongo dela eta gizartearen gehiengoak babestuko duela prozesua eta ez duenak gura egon ez da egongo, baina geratuko da izkina batean gutxiengoan".