Babes ofizialeko zenbait etxebizitza behin betiko erosteko aukera

Goiena 2010ko urr. 1a, 14:50
Babes ofizialeko hainbat jaberi beraien etxebizitzaren behin betiko jabe izateko aukera luzatu die Eusko Jaurlaritzak. Debagoienean eskubide honek etxe hauei eragiten die: Oñatiko Bidebarrieta kaleko etxebizitzei, Bergarako Artzamendi eta Eskusarte kalekoei eta Eskoriatzako Intxaurtxuetakoei. Interesatutako bizilagunek azaroaren 15a bitarte izango dute beraien etxea erosteko aukera.

Oñatin, Bidebarrietako 22 eta 24 zenbakietan dauden babes ofizialeko etxebizitzei; Bergaran, Artzamendi kaleko 12 zenbakitik 28ra bitartekoei, eta Eskusarte kaleko 5 eta 7 zenbakietakoei; Eskoriatzan, azkenik, Intxaurtxueta kaleko 20 zenbakiko babes ofizialeko etxejabeei.

Zehazki, 2003. urtea baino lehenago eskuratutako etxebizitzak dira. Bizilagun horiek 75 urterako eskubidea zuten lurrarekiko.

Erosketa egiteko

Erosketa egiteko, Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzara edo etxebizitzen jabe diren etxe agentzietara jo beharko dute. Etxe agentziek, gainera, doan tramitatuko dituzte paper guztiak, Eusko Jaurlaritzarekin eginiko akordio bat medio.

Hiru dira bizilagunek aurkeztu beharreko dokumentuak:

  • NANren kopia
  • Jabetza erregistroaren ziurtagiria
  • 2009ko errenta aitorpena

Azken agiri hori garrantzitsua da, izan ere, eskubide hori urteko 39.000 euroko diru-sarrera gailentzen ez duten familiek izango dute soilik. 

Gehiegizko salneurria eskatzen dietelako kexa

Bergarako Artzamendi kaleko bizilagun batek esan digunez, Eusko Jaurlaritzak idatzi bat bidali die, euren etxebizitzaren prezio zehatza zein den esanez. Bizilagun honek kontatu digu, etxeak hartu zituztenean, 20 urteren buruan erosteko aukera izango zutela hitz eman zietela, ordaindu beharreko kopurua ez zela oso altua izango gehituz. Bere iritziz, baina, eskatzen dioten zifra gehiegizkoa da.  

Gaineratu du, gainera, etxebizitzak erosi ostean ere, babes ofizialeko izaera izaten jarraituko dutela, hau da, ez direla libreak izango. Beraz, ezin izango dituztela saldu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak