Azkoagain eta Ipintzako futbol zelaiak datorren astean zabalduko dituzte

Maider Arregi 2008ko ira. 6a, 15:44
Irailak 12, barikua, Bergarako Ipintza futbol zelaia zabalduko dute. Hilaren 14an, domekan, berriz, Oñatiko Azkoagain futbol zelaia preferenteen partiduak inauguratuko du. Bi futbol zelaiak datorren astean erabiltzeko prest izango dira. Bietan lan nagusienak amaituta daude eta ia guztia prest dute datorren astean bertan futbol partidu eta entrenamenduekin hasteko.

 

Ipintza

Joseba Aizpurua Hirigintza Teknikariak adierazitako moduan, hilaren 12rako lan guztiak amaituta egongo dira. Egindako lanen artean, egungo zorua aprobetxatuz, belar artifiziala jarri da. Lehengo eremu eta azalerak mantendu direla azaldu du teknikariak. Egindako beste lanen artean, atezaintza berriak, aulkiak, zelaia argiztatzeko dorreak eta ureztatzen sistema berria daude. Lanak guztiz amaitzeko, pare bat kontu besterik ez dira falta. Batetik argiteria instalazioan azken ukituak egitea eta zelaia inguratuko duen hesia jartzen amaitzea.

Zelai berriak baldintza guztiak betetzen ditu, eta datorren astean, federazioko teknikariak zelaia homologatzeko lanak egingo ditu. Amenabar enpresak egin ditu lanak eta 700 mila euro inguruko aurrekontua izan du. Mantenuari dagokionez, Udalak makina berezi bat erosiko du zelaiaren mantenurako eta ureztatze lanak egiteko. Bestalde, futbol 11, 7 eta 8 jokatzeaz gain softball-a (beisbolaren modalitatea) praktikatzeko aukera izango da. Horretarako, zelaian marra urdin bat markatu da. Eskola kirola eta entrenamenduak ere bertan egiteko aukera izango da.

Azkoagain

Oñatiko Azkoagain futbol zelaiko lanak ere amaitu dituzte; ukitu batzuk besterik ez dira falta. Oscar Carrascal Kirol Teknikariaren esanetan, belar artifiziala eta aldagela berriak jarri dira, 7 modulu guztira. Horrez gain, taberna berria jarri dute eta aldagela zaharrak eta harmailak saneatu eta margotu dira. Argitze sistema ere berria da.

Mantentze lanetarako ureztatze sistema elektroniko berria erabiliko dela gaineratu du Oscar Carrascalek. Obrak Murias enpresak egin ditu eta milioi bat euroko aurrekontua izan du.
Aurrerantzean, helburua da, futbolean arituko diren ume eta gazte guztiak Azkoagainen entrenatzea. Horregatik Zahor lantegitik Azkoagain futbol zelaira dagoen bidea urbanizatu egingo dute. Urbanizazio lanak egingabe daude, baina Kirol Teknikariak adierazi duenez lehenbailehen egingo dira.

Bestalde, Jabier Azpiazu Aloñako presidentea oso gustura azaldu da egindako lanarekin. Azpiazuk gaineratu du jokalariek entrenatzeko aukera izan dutela eta pozik azaldu direla zelai berriarekin. "Goxo-goxoa" dela diote eta guztiek bertan entrenatzea nahi izan dutela egunotan adierazi du Azpiazuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak