Azken kontzertua Danbakako final handia baino lehen

Maider Arregi 2008ko abe. 19a, 10:33
77ko kutsua duen punk-rocka, power-pop indartsua eta saxoaren ñabardurak gaur Espaloian, 22:30ean. Ibarreko bi talde, eta Durangaldeko eta Debabarreneko talde bana izango dira entzungai: The Motherfuckers, Barua Banda, Tuesday Evenings eta Revelphone.


Heldu gara Danbakako kontzertuen zuzeneko fasearen bukaerara. Gaur, egubakoitza, agertoki gainera igoko dira Espaloian zuzenean aritzeko sailkatutako 24 taldeetatik falta diren lau azkenak. Are gehiago, datorren astelehenean jakingo dugu zeintzuk izango diren finalera joango diren hiru taldeak. Zorte on! 
Bitxikeri batekin hasiko dugu gaua. Hain zuzen ere, Arrasateko The Motherfuckers taldeak bi kontzertu ditu gau berean. Hala, aurtengo Danbakako seigarren gaua zabaldu ostean, alde egingo dute. Horien ostean, aurtengo Eskoriatzako ordezkari bakarra: Barua Banda. Saxoak berezitasun handia ematen die euskaraz abestutako rock kantuei, eta ziur herrikide asko batuko dituztela. Durangaldeko gaueko ordezkaria Tuesday Evenings taldea da. Power-pop, gitarra gogorrak, distortsioa eta melodia, guztiak batzen dituzte.
Gaueko azkeneko taldea Soraluzeko Revelphone izango da, Danbaka.com webgunean jarraitzaileen botuei esker sailkatu zen taldea. Punk-rocka eta doinu itsaskorrak batzen dituzte. 

The Motherfuckers, Arrasate

The Motherfuckers taldea 2006an jaio zen. Hasiera baten hainbat musikarik denbora-pasa sortutako taldea da, baina tarteka kontzertuak egiten dituzte. Hodei Beitiak, Asier Salak, Asier Uribetxebarriak, Mikel Arriaranek eta Jon Alkortak osatzen dute, eta guztiak Oi! eta street-punk taldeetan buru-belarri dabiltza. Proiektu honetan ingelesa eta gaztelera tartekatzen dituzte, eta 77ko punka, punk-rocka eta rock-and-rolletik hurbil dabiltza.

 

Barua Banda, Eskoriatza

Barua Banda 2007an sortu zuten Eskoriatzako hainbat lagunek bizkaitar batek lagunduta. Orain arte hiru kontzertu eman dituzte, guztiak Eskoriatzan, eta aldaketa batzuk izan berri dituzte taldean. Gaur egun, Andoni Bengoak, Iñaki eta Garikoitz Kortazarrek, Iñaki Herrerak eta Txus Gutierrezek osatzen dute taldea. Euskarazko rocka egiten dute, oso estilo pertsonalarekin, eta emaitza asko aberasten dute saxoaren laguntzarekin. Talde gazte, baina bitxia da Barua Banda.

 

Tuesday Evenings, Durango

Durangotik datorkigu 2005ean beste proiektu batzuetatik etorritako bost lagunek sortutako taldea. Beñat Espinosak, Marcos Agirrek, Urko Lekeri-kak, Mikel Urrestik eta Iñaki Urrestik osatzen dute taldea. Ingelesez abestutako kantuetan hainbat estilo batzen dituzte. Taldekideek power-pop eta rockaren artean kokatzen direla diote, baina askoz gehiago dagoela esan dezakegu: hala nola, gitarra gogorrak, psikodelia eta baita, tarteka, noise-poparen aztarnak.

 

Revelphone, Soraluze

Soraluzeko talde hori 2005eko udan sortu zuten hainbat lagunek, euren esanetan, arratsalde aspergarriei irteera emateko. Gaur egungo taldekideak Iosu Arriola, Gaizka Azkarate, Joanes Iñurrieta, Asier Iraeta eta Juan Fernandez dira. Pare bat maketa kaleratu izan dituzte, eta Soraluzen eta Debabarrenean batez ere hainbat kontzertu eman dituzte. Euskaraz abesten dute, eta rockaren eta punk-rockaren arteko kantuak egiten dituzte, amorrua eta melodia uztartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak