Zenbait urte kolokan eta hiru berregituraketa pasa ondoren, azkenean Assa-Abloy
multinazional suediarrak Aretxabaletako lantegia ixtea erabaki du.
Assa-Abloyk beste lantegi bat dauka Debagoienean: Eskoriatzako Tesa.
Martitzenean, langileen irteera negoziatzen hasi ziren.
Enpresa-batzordearen esanetan, "diruari dagokiona negoziatuko dugu;
hori da gure aukera bakarra". Egoera, beraz, behin betikoa da eta ez
dago atzera bueltarik.
Enpresa-batzordearen balorazioa hauxe da: "Lana badaukagu eta, beste
urte batzuetan baino gutxiago bada ere, irabaziak produzitzen ditugu;
baina multinazionala krisiaz baliatu da lantegia ixteko".
Bestalde, Assa-Abloyko zuzendaritzarekin harremanetan jarri ondoren, hauxe da esan diguna: "martitzenean batzartu ginen langileekin eta lagun arteko akordiora iritsi ginen, lehen saioan". Hortaz, erraza izan da negoziazioa.
Sarrailagintza, larri
Debagoieneko sarrailagintza sektoreak beste zauri larri bat jasotzen du Azbe ixtearekin. Aurten oraindik, Oñatiko Ceur lantegia itxi zuten, eta Arrasateko Union Cerrajera (UCEM) lege konkurtsalaren eraginpean eta enplegu-erregulazioan dago: 70 laguneko lantalde osoari eragiten dio ERE horrek, eta, horren bidez, aurten lanorduen %50 egiten dabiltza, txandaka. Sarrailagintzan zuzenean ez, baina UCEMen magalean sortutako Roneo ere likidazioan dago. Krisia bete-betean jasaten dabil bailaran hain garrantzitsu izan den sektore hori.
Sektorea ezagutzen duten adituek esaten dutenez, "sarrailagintza eraikuntzatik bizi delako" gertatzen dabil krisi sakon hori. Aditu horien esanetan ere, "irtenbide posible bat izango litzateke arazoari aurre egitea Debagoien osoan batera, baina, zoritxarrez, gaur egun ez da hori egiten".