Erabakia hartu aurretik, Auzitegi Gorenaren 61eko aretoko 16 epaileek Askatasuna eta D3M alderdien helegiteak entzun zituzten.
Askatasunaren kasuan, epaileek alderdien estatutuetara jo dute, eta azaldu, Askatasunaren, Batasunaren eta Euskal Herritarrok alderdiaren estatutuak oso antzerakoak direla. Goreneko epaileen hitzetan, Askatasunaren zerrendak egiteko prozesua ETA-Batasunak zuzendu du, eta jaiotzatik bertatik, legez kanpo dauden alderdien jarduerei jarraipena emateko tresna da.
D3Mren kasuan, zerrenda osatzen duten 84 hautagaietatik 82k Batasunarekin, Eusko Abertzale Ekintzarekin edo EHAKrekin harremanak dituztela salatu zuten bere garaian Espainiako Gobernuak eta Fiskaltzak. Auzitegi Gorenaren iritziz, horrek frogatzen du D3M Batasunaren mende dagoela.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, berriz, bihar erabakiko du D3Mren eta Askatasunaren jarduerak eten edo ez.
Helegitea Konstituzionalean
Gorenaren erabakiaren aurrean, alderdi abertzaleek 48 ordu dituzte erabakiari helegiteak jarri eta Auzitegi Konstituzionalera eramateko. Konstituzionalak hauteskunde kanpaina hasi baino lehen, hau da, ostegun gauerdia baino lehen erabaki beharko luke helegiteok errefusatu edo ez. Helegiteak atzera botatzen baditu, lehenengo aldia izango da ezker abertzalea Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik kanpo geratzen dena.