Donostialdeko, Tolosaldeko, Goierriko eta Bidasoako herriarteko autobus zerbitzuak izango dira ekainaren lau¡an Gipuzkoako txartel bateratua estreinatuko dutenak. Debagoienean erabiltzeko, baina, hilabete batzuk itxaron beharko ditugu, urriaren 1ean helduko baita.
Momentuz, autobusetan bakarrik
Hainbat urtetako ikerketen fruitua izan da txartel bateratua, eta jadanik egin dituzte probak Hernani eta Donostia lotzen dituen autobus linean. Momentuz herriarteko ibilbidea egiten duten autobusetan bakarrik erabili ahalko den arren, Foru Aldunditik esan dute etorkizunean tren, taxi edota herri barruko autobus zerbitzuetan ere ezar daitekeela.
Pertsonalizatua
Txartel bateratu hau, pertsonalizatua izango da, erabiltzailearen datuak eta argazkia izango dituelarik. Gipuzkoa osoko 500 prentsa dendatan egongo da eskuragarri lau euroren truke, eta 5 eta 300 euro arteko diru sarrerak onartuko ditu. Hileko lehen hamar bidaietan, ohiko prezioa ordaindu beharko da, eta hortik aurrera hasiko dira beherapenak ezartzen.
Eskualde berean 76 bidaia baino gehiago eginez gero, %90eko deskontua egingo zaio bidaiariari. Gainera, txartela autobusera igo eta jaisterakoan pasa beharko da makinatik, horrela egindako bidaia zehatzagatik kobratuko delarik.