Diputazioak aurreko astean jaso zuen hain justu Bus Rapid Transit-en aurreproiektua eta autobusek egingo dituzten ibilbideak aztertu eta zehaztu beharko dira orain tokian tokiko udalekin. Lehen fase horretan, sartuko dira printzipioz Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati eta Bergarako Udalak. Antzuola eta Elgeta geroago sartuko lirateke Bus Rapid Transit sisteman.
Mugikortasuneko diputatuak azaldu zuen, oraindik ere zenbait udalek mesfidantzaz begiratzen diotela Bus Rapid Transit delakoari, uste dutelako autobusendako karril azkarrak martxan ipiniz gero, tranbiaren proiektua arriskuan egon daitekeela.
Abiadura Handiko Trena ere izan zuen hizpide diputatuak. Espainiako Ministerioaren eskuetan dauden hainbat tarte geldik edo ia geldik daude eta joan den astean Espainiako Gobernuak iragarri zuen datorren urtean azpiegitura honetarako inbertsioa %38 jaitsiko dela. Horren harira, Tapiak esan zuen momentu zailean hasi zirela lanak eta une honetan ez duela ikusten benetako apusturik.
Gaineratu zuen, lanak 2016rako bukatuta izatea aurreikusten zuten arren, inbertsioaren beherakadarengatik, data hori zalantzan dagoela gaur egun.
Bide gorriari dagokionez, Tapiak azaldu zuen garraio publikoaren alternatiba izateko apustua dela eta horretan ere badabiltzala lanean.
Amaitzeko, Tapia pozik azaldu zen Lurraldebusen zerbitzuak gehitzeak ekarri duen erabiltzaile kopuruaren gorakadarekin; datu positiboa dela azaldu zuen eta gaineratu zuen lanean jarraituko dutela.