Auto elektrikoa aurkeztu du Mondragon Automocionek

Goiena 2010eko ekainaren 18a

Citycar izeneko auto elektrikoa azken urte eta erdian 'Mugikortasun Iraunkorraren' arloan Mondragonek egin duen lanaren erakusle da. Halaxe esan dute kooperatiba elkarteko arduradunek autoaren aurkezpenean. Mondragon Automocionen produktu, jarduera eta negozio berriak garatzea ahalbidetuko du auto horrek. Citycar modelo propioa ez ezik hainbat ekimen eta proiektu zehatz ere aurkeztu dituzte Arrasateko Garaian egindako ekitaldian.

Mondragon barruko hainbat enpresaren artean pentsatutako eta garatutako lehen citycarra da. Izan ere, proiektua gauzatu ahal izateko, lankidetza izan da ardatza. Lankidetza horretan Mondragon Automocion izan da buruan, honako hauen parte hartzearekin: Edertek, Koniker eta MTC teknologia zentroak; Mondragon Eskola Politeknikoa eta LKS Diara, proiektuan Lotus Engineering-en esperientzia baliatu ahal izan dutenak.

Autoaren ezaugarriak

Mondragonek asmatutako hiriko ibilgailu elektrikoak 45 kw-eko potentziako motorra dauka, 5 segundoan 0tik 50 km/h abiadurara iristen da, 105 km/h gehienezko abiadura hartzen du eta 80 kilometroko autonomia dauka. Ibilgailuaren diseinua egiterakoan, bidaiarien segurtasuna izan da jarraitutako irizpiderik garrantzitsuena. Bere aurrealdeko egitura bereziki pentsatua dago kolpeak xurgatzeko, eta serieko 9 airbag dauzka. Lau pertsonarentzako pentsatutako autoa da eta, atzealdeko maletategiaz gain, aurrealdean ere maletak eramateko leku osagarria dauka.

Lotus Range Extender

Bestalde, aste honetan bertan Fagor Ederlanek eta Lotus Engineering-ek akordioa sinatu dute eta Eko-motor sorgailu bat garatzeko giltzarriak identifikatu dituzte, ondoren fabrikatzeko. Akordioak aukera emango dio Fagor Ederlani motor horiek automozioaren sektorerako diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzeko negozio berri bat garatzeko. Lotus Range Extender-a motor ekologiko berri bat izango da etorkizuneko automobil elektrikoentzako. Motor horrek egungo automobilen CO2 igorpenak nabarmen murriztea ahalbidetuko du. Lotus Engineeringek lehen prototipoa aurkeztu zuen martxoan Genevako azokan. 

Gaur egun, Fagor Ederlanen eta Lotus Engineeringen arteko lankidetza esparruan lankidetzarako I+G plan bat ezarri da, eta horren emaitza hauxe izango da: etorkizunean, Euskadin Range Extender motorrak fabrikatu eta mihiztatzea. Motor berria 2010 eta 2013 bitartean garatuko du Lotuseko eta Edertekeko –Fagor Ederlan Taldeko I+G unitatea– 60 ingeniari ikertzailek osatutako talde misto batek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak