Aurrean jarraitzeko, baina, irabazi egin behar da, berdinketek ez dute balio; izan ere, puntu bat gaur egun saria baino gehiago zigorra da.
Aurrekari horiekin, eta jakinda bi taldeetako inor ez dela berdinketarekin konformatuko, badirudi domekako derbia ez galtzeko modukoa izango dela. Badago beste datu baikor bat: bi talde horiek jokatu dituzten azken derbiak joko aldetik onak izan dira.
Errespetua
Nahita ere ez diegu ez Igor Gordobili ezta Igor Arenazari ere kontrarioarengatik berba txar bat entzun. Errespetu handia diote elkarri; alde horretatik, saltsa gutxi: "Mondratik neure talderako norbait aukeratu beharko banu, Gordobil bera ekarriko nuke", erantzun digu Arenatzak nor fitxatuko lukeen galdetuta: "Bigarren entrenatzailea izango nintzateke neu, haren laguntzailea".
Gordobilek barre egin du: "Arenatzak entrenatzaile mordoa ezagutu ditu, eta igarri egiten da hori, asko ikasten delako. Aretxabaletan egiten dabilen lana azpimarratzekoa da". Esandakoa, entrenatzaileen artean harreman oso ona, eta jokalarien artean lagun asko: "Akaso, zaleek aparteko garrantzia emango diote derbiari, baina niretako beste partidu bat gehiago da. Noski, irabazi egin gura dut, astero moduan", adierazi du Gordobilek.
Kontrarioari begira, inor azpimarratu barik Mondrak duen taldea osotasunean baloratu du Arenatzak. Hala, Arrasateko entrenatzaileak ere ez du inor azpimarratu gura izan, mingainetik tira egin diogun arte: "Niri Igartua asko gustatzen zait, eta Eriko sekulako lana egiten dabil, gorputzaldi onean dago. Gero, hegaletan jokalari oso onak dituzte: Piru eta Espinosa, eta Lopez ere ondo dabil". Konturatu orduko, ia jokalari guztiak errepasatu ditu Arrasatekoak. Esandakoa, gozatzeko partidua izango da, Arenatza ados dago horrekin: "Partidu horrengatik urte bukaeran ez gara aurrerago edo atzerago egongo".