Aurten bukatuko dituzte Epeleko araztegiko lanak

Epeleko araztegia, Deba ibaiaren saneamendu sarearen giltzarria, aurreikusitako epeen barruan egongo da bukatuta eta lanean: aurten bukatuko dira obrak, eta proba epealdi baten ondoren, obren arduradunek diote 2011ko apirilean hasiko dela lanean araztegia.

Azken txanpan sartuta, azpiegitura ikusgarria da dagoeneko Arrasate sarreran, autobideko biribilgunearen alboan, ibai aldera. Espainiako Ingurumen Ministerioak hartu zuen araztegia egitearen ardura, interes orokorreko lanak zirela aitortuta, eta 2007an hasi ziren lanak; orduko hartan, epeak beteko zituela agindu zuen Madrilek, eta halaxe izango da, dena ondo bidean. UTE EDAR Epele enpresak dihardu lanak egiten, Espainiako Ingurumen Ministerioaren mende dagoen Kantauriko Ur Konfederazioaren erakundearen ardurapean. 

Zubillagatik bi hodi, tunela beharrean

Bukatuta dagoenean, Gipuzkoako Urek izango dute araztegiaren ardura.
Azken asteotan, proiektuari aldaketa bat egin diote arduradunek: Oñatiko urak araztegiraino ekartzeko aurreikusita zegoen 2.007 metroko tunela, Arrandiburu mendia zeharkatzen; horren partez, ura bultzatuko duten bi hodi egingo dituzte, mendia inguratzen. "Tunelak konplikazio gehiago zekartzan: batetik, obra egiteko; eta bestetik, martxan jarri ondoren, esplotazio aldetik. Batez ere, segurtasun arazoak ematen zituen", azaltzen dute obren arduradunek. Aldaketa hori ontzat eman zuen Arrasateko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, abenduan. Gainera, ez du lehengo 32 milioi euroko aurrekontua handituko. Oñatiko ura hodietatik bideratzeko, beste obra txiki bat egin beharko da Zubillagan: ura ponpatzeko putzu bat. 

Obren arduradunen esanetan, hoditeria hori martxoan hasiko dira egiten. Hori ez beste kolektore guztiak konektatuta daude, eta araztegia izango denaren atzealdean batzen dira, lur azpian. Lotune horretaraino eramango dituzte hodi haiek ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.