Ino Galparsoro, Arrasateko alkatea
Galparsorok esan zuen "herritarren protagonismoa lehen lerrora eramaten saiatuko" direla. Hori irudikatu guran, osokoa bukatuta, udaletxeko leihoak zabaldu zizkieten plazan zeuden herrikideei. Une "gazi gozoa" dela esan zuen, "boto eskubidea ez delako errespetatua izan Euskal Herrian eta aspaldi bizi dugun gatazka egoeraren irtenbideak oztopoz beterik jarraitzen" duelako. Bestalde, adierazi zuen ziuraski bakarrik gobernatuko dutela: "EA eta Aralarrek ezetz esan digute; seguruenik gutxiengoan gobernatuko dugu".
Agurne Barruso, Bergarako alkatea
Herritarrei hitza emateko gertu azaldu da Agurne Barruso alkatea. Alkate izendatu ostean, Agurne Barrusok euskal presoak eta iheslariak zein Bergara Aurrerako zinegotziak gogora ekarri zituen: "Azken hauen lanik gabe ez ginateke gaur hemen izango. Eskerrik beroenak Jesus Mari Garitano, Mikel Eguren, Maite Guridi eta Mila Elortzari".
Udaleko lana herritarrei zabaltzeko gertu agertu zen, jendearengana zuzenduz: "Zuena da hitza, gurea erantzukizuna eta denona lana". Gainerako zinegotziei hitza eskaini zien, baina Iñigo Iñurrategi (Aralar) izan zen bakarra hitz egiten. Barruso zoriondu eta politika abertzale ezkertiarra egiteko premia azpimarratu zuen. Bestalde adierazi zuen Gobernu paktu batekin, egonkortasuna izan nahi dutela.
Lourdes Idoiaga, Oñatiko alkatea
EAJk zortzigarren eserlekuari uko egitea sorpresa izan da. Lourdes Idoiaga alkatearen arabera, "Arduragatik hartu dugu erabaki hori; denok jarri behar dugu zerbait, eta herriaren alde da". Gaineratu du, aurrerantzean elkarlanean jarraitzea dela asmoa eta komisioetan parte hartzea. “Earekin osatuko dugu Gobernua, dagoeneko adostu dugu. Gobernu batzordean hartuko dute parte, eta batzordeburuak ere izango dira. Orain arteko sintonian jarraitzea espero dut".
Inaxio Garro, Aretxabaletako alkatea
Inaxio Garrok jakinarazi zuen akordioa sinatu dutela Eusko Abertzale Ekintzak, EAk eta Aralarrek, herrian sortutako egoerari irtenbidea topatu eta lanean hasteko oinarriak zehazteko; eta Alderdien Legearen ondorioz legez kanpo utzitako EAEko ordezkariak gonbidatu zituen osoko bilkurako mahaiaren bueltan jesartzera.
Pedro Lasagabaster, Eskoriatzako alkatea
Alkatetza hartu ahala, Lasagabasterrek salatu zuen EAEk ezin izan duela herri guztietan karguak hartu. Euskal Herriko egoera politikoari eta su-etenaren bukaerari konponbidea bilatzen saiatuko direla ere azpimarratu zuen Eskoriatzako alkateak.
Bestalde, nabarmendu zuen EAEk orain dela 8 urte Edorta Zubizarretaren lantaldeak hasitako lana eta Dorleta Kortazarrenak jarraitutakoaren lekukoa hartuko duela: "Haiek egindako lana eskertu behar dugu; eta gaurtik aurrera lanari ekin".
Pedro Iturbe, Antzuolako alkatea
Iturbek, alkate kargua zin egin ostean, hitz batzuk egin zizkien batzar aretoan batutako herritarrei. Iturbek esan zuen egun hori garrantzitsua zela, "aspalditik Antzuolako herriak eskatzen zuen aldaketa egi bihurtu" zelako. Bestetik, beste herri batzuetan, herritarren borondatea errespetatzea eskatu zuen.
Oxel Erostarbe, Antzuolako alkatea
Alkate karguan Oxel Erostarbek egindako lehenengo adierazpenetan, Jabier Arantzeta alderdikidea izan zuen aurreneko gogoan, gaixorik ospitalean dago-eta. Jarraian, eskerrak eman zizkion 31 urtez Elgetako alkate izan den Patxi Basauriri, egindako lanagatik. Herritarrei, azkenik, pazientzia eskatu zien. "Aldaketa badator, baina gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Denbora behar dugu, eta herritarrei pazientzia pixka bat eskatzen diegu". Aralarrek denekin gobernua osatzeko aukera aztertzen jarraituko duela esan zuen. "Posible dela uste dugu".