Aurreratu egin da negua Debagoienean

Jasone Zabala 2008ko urriaren 30a

Udazkena irailaren 21ean hasi zen eta abenduaren 21 arte iraungo du. Baina irailetik hona eguraldi ona izan badugu ere, aldaketa etorri zaigu bat batean azken aste honetan.

Eguraldi kontuetan aditua den Narbaiza-Boluko Luis Mari Agirre bergararrak orain arte eman dizkigun datuek horixe erakutsi digute. Hala, irail amaieran tenperatura maximoa 31 gradutakoa izan zen eta minimoa, berriz, 10 gradutakoa. Euria ere apenas egin du udazken hasieran. Urriaren 8tik 14ra, esaterako, 6,8, litro metro karratuko. Horrela mantendu da orain arte: tenperatura goxoak eta euria gutxi; azken aste honetan eguraldia zeharo aldatu da eta maximo eta minimoen arteko diferentzia eskasa da orain. Hala, urriko azken egunetan maximoa asko jaitsi da. Minimoa 2 gradura arte jaitsi da (urriak 24) eta maximoa 26 gradutan (urriak 26) ezarri da. Gauzak aldatzen martitzena ezkero hasi ziren, eta euria ere egun horien ostean hasi da egiten; aste honetan, berriz, maximoa 9 eta 16 gradu artean egon da, baina minimoa 7 gradu arte jaitsi da. Euriari dagokionez, urriko azken bi asteetan 45 litro metro karratuko jaso dira, eta azken astean gehiago. Hala, martitzen eta eguaztenean guztira 63 litro metro karratuko jaso ziren. Elurra ere egiten hasi da, Urbia aldean. Martitzenean lehen elur malutak jausi ziren, eta Urbia eta Aizkorriko tontorrak zuritu ziren. Udazkeneko lehen elur malutak dira. Elur kota jaitsiko dela iragarri duten arren, oraingoz mendi aldean egingo du elurra.
Hala ere, hotza eta euria egingo du datozen orduetan. Horregatik, emergentzia sistemak martxan jarri ditu Diputazioak.

Emergentzia sistemak prest

Negurako bide zaintzako neurriak hartu ditu Diputazioak. Leintz Gatzagan, elurra kentzeko kamioiak, xafla eta gatz banatze ekipoa prest dago edozein emergentzietarako, baita Elgetan ere. Gatz siloei dagokionez, Bergarako Elorregi auzokoan ere 1.000 tona gatz prest daude.
Guztira Gipuzkoa osoan 44 gidari daude prest lan horiek burutzeko. AP-1 autobiderako, berriz, lau ekipo prest dituzte eguraldiak okerrera eginez gero eta bidea estal dezakeen elurra kentzeko.
Bergarako gatz biltegia beteta dago 550 tona gatzekin. Gune horretan guztira 12 langile arituko dira 24 orduz txandaka lan egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak