Jose Maria Aldekoa MCCko lehendakariak Bilboko Finantza klubean egindako adierazpenen arabera, MCCk 16.000 milioi euroko salmentak izango ditu 2007 urte bukaerarako, aurreikusten zena baino 2.000 milioi euro gehiago. Langile kopuruan ere gora egingo du, ia 100.000 izatera iritsiz, horietatik %44a Euskadin.
Caprabo
Taldearen berezko hazkundeaz gain, aurreikuspenak gainditze horretan ekainean Caprabo supermerkatu katea erosi izanak ere badu zerikusia, izan ere, erosketa horrekin, 500 salmenta puntu berri lortu baititu taldeak, orain arte ahulak izan diren Madril eta Kataluniako merkatuetan presentzia indartuz. Erosketa horrekin, gainera, sektorean lider diren Mercadona eta Carrefourrengana gerturatzea lortu du Eroskik.
Ez hain baikor
Jose Mari Aldekoaren adierazpenak baina, ez ziren denak hain baikorrak izan. Esan zuenez, ezusteko handirik ezean, hurrengo bost urtetarako emaitzak ziurtatuta ditu MCCk, baina hamabost-hogei urteren bueltan dagoena zalantzan dagoela azpimarratu du. Horren aurrean, gaur gaurko lan eredua, ziurgabetasun egoeretara egokitzeko premia nabarmendu du.
Kudeaketa sistema berria
Aldekoaren esanetan, helburua ez da diru gehiago irabazteko moduak asmatzea, balio osagarriko enplegu kooperatiboa sortzen segitzeko bidea topatzea baizik. Konponbide gisa, kudeaketa sistema berria proposatzen du Aldekoak, bere esanetan, MCCk dauzkan gaitasunak hobetu eta sareen bidez lan egiteko sistemak martxan jartzeko giltza izan behar du eredu berri horrek. Aurreratu zuen baita, osasuna eta hirugarren adinarekin lotutako sektoreak estrategikoak izango direla etorkizunean.