Urte guztian zehar astero euskaraz hitz egiteko zita edukitzen dute mintzalagunek. Ekainaren seian ere beste hainbeste egingo dute euskaldun zahar eta berriek, baina festa giroan oraingoan.
Mintza Egunaren bosgarren edizioa da honakoa. Eta aurretik Iruñean, Donostian, Getxon edo Gasteizen egin zen bezala, Euskal Herri osoko mintzalagunak egongo dira aurten ere Arrasaten. Era honetako egun eta egitasmoak eraginkorrak direla azpimarratzen du Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak.
Halako egunak garrantzitsuak badira ere, aurretik egin beharreko lana ezin da ahaztu. Euskara hobetzeko asmoarekin, Hego Euskal Herrian pertsona ugarik hartzen du parte mintzapraktiketan.
Mintzalagunen ekimen hau horren zabalduta egoteak gizartean eragin zuzena duela ere aipatu du Topaguneko zuzendariak prentsaurrekoan.
Mintza Egunean pertsona hauen guztien lan eskerga eskertuko zaie. Egun guztian zehar ekitaldi xumeak egingo dira, euskararen alde lan egin duen pertsona bat saritzeaz gain. Azpimarratzekoa izango da arratsaldean zehar Kataia taldeak eskainiko duen erromeria. Euskaraz kantatzen duen taldea baita, tartean senegaldar eta gambiar daudela. Integrazioaren irudia erakusteko adibide aproposagorik ez dago!