Atzeratu egin da epailearen aurreko deklarazioa

Ubane Madera 2009ko urt. 19a, 17:58
Oraindik ez dira epailearen aurretik pasa joan den zapatuan AHTren kontrako manifestazioan atxilotutako zortzi lagunak. Edozelan ere, datozen orduotan deklaratuko dute, bihar 16:00ak baino lehen eraman beharko dituzte-eta, epailearen aurrera. Atxilotutakoen gurasoei poliziak esan die Madrilgo Audientzia Nazionalera eraman dituztela atxilotutakoak. Hala salatu du AHT Gelditu Elkarlanak eta Ekologistak Martxan taldeak.

Gaur (astelehena) 17:00ak arte etena dauka Gasteizko epaitegiak, beraz, ordura arte ezingo da jakin gaur edo bihar deklaratuko duten zapatuko atxilotuak. Edozelan ere, legez bihar 16:00ak arte izan ditzake poliziak atxilotutakoak atxikita (erretenituta), berez, ordu hori baino lehen pasa beharko dira epailearen aurretik.

Audientzia Nazionalera

Kontuak kontu, gaur susto handia hartu dute atxilotutakoen gurasoek Gasteizera joan direnean. Mila Elortzak, AHT Gelditu Elkarlaneko kideak salatutakoaren arabera, poliziak esan die euren seme-alabak Audientzia  Nazionalera bidean zeudela, Madrilen epaitu behar zituztelako zapatuko gertaerengatik.

Bada, Madrilerako autobusak antolatzen hasita zeudenean jakin dute guztia "gezurra" izan dela, atxilotutakoak ez direla Gasteizko komisariatik atera. "Gezurra esan diete gurasoei. Madrilgo abokatuak Auzitegi Nazionalera joan direnean jakin dugu han ez zegoela hemengorik", jakinarazi du Elortzak. Gaineratu du Madrilera bidali dutena izan dela atxilotutakoen kontrako kasua, eta hura ere atzera Gasteizko epaitegira bueltatu dutela.

Ekologistak Martxanek ere salatu du

AHT Gelditu Elkarlanak hori guztia salatzeaz gainera, salaketa horrekin bat egin du, baita ere, Ekologistak Martxan taldeak. Bigarren talde horrek azpimarratu gura izan du zapatuan manifestariek "desobedientzia zibil baketsua" egin zutela, obretan "sentada" besterik ez zutela egin gura izan, eta Ertzaintzak "ezer esan barik" kargatu zuela euren kontra.

Gaurko gertaeren aurrean, berriz, salatu dute kasua Audientzia Nazionalera bidali izana dela "zentzugabekeria juridikoa", eta horren helburua dela trenaren kontrako "mugimendu soziala kriminalizatzea". Gaineratu dute, besteak beste, "desobedientzia zibil baketsuan" oinarritutako protesta eta manifestazioa terrorismo moduan kontsideratzea dela agintariek bultzatzen duten "zigorraren bidean" beste pauso bat ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak