Atzeratu egin behar izan dute 3x3 saskibaloi txapelketa

Goiatz Arana Begiristain 2008ko maiatzaren 24a

Goizeko saioa ongi joan bada ere, arratsalde erdian botatako euri jasak ezinezko egin du jokatzen jarraitzea. Beste egun batean jokatuko dituzte zintzilik geratu diren 32 partiduak.

16:40an hasi du euria. Ordurako kantxaratuta zeuden neska-mutikoek ekin diote jokoari baina, nola botatzen zuen ikusita, antolatzaileek atseden hartzera deitu dituzte, atertzen zuenean  jarraituko zuten itxaropenarekin. Baina ez da halakorik gertatu: 20 minututan, putzu bihurtu da Arrasateko Laubide plaza eta, egoera horretan, ezinezkoa zen aurrera egitea; iritzi berekoak ziren neska-mutikoak eurak ere, baldintza horietan jokatzerik ez zegoela zioten. Hala, bere horretan utzi behar izan dute txapelketa, erabakia pena handiz hartu badute ere: "Gerta zitekeen gauzarik okerrena gertatu da", esan digu Gorka Gabilondo Leintz Eskola Kiroleko koordinatzaileak.

Hasitakoa bukatuko dute

Gaur, zapatua, hasitako txapelketa egunean bertan amaitu ez izanak ez du esan nahi, ordea, bertan behera geratu denik; zintzilik geratu diren 32 partiduak jokatuko dira. Hala jakinarazi dute antolatzaileek. Ahalik eta azkarren izan dadin ahaleginduko dira gainera, baina eguna eta ordua zehazteke daude oraindik. Jada erabakita dagoena tokia da: Iturripen jokatuko dira partiduak, Laubide plazan beharrean. Dagoeneko jokatu diren 165 norgehiagoketako emaitzak aintzat hartuko dituzte eta txapelketari, eten behar izan duten unetik bertatik berrekingo diote. Bukatutakoan, sari banaketa ekitaldiaren txanda izango da. Antolatzaileek ikastetxeen bidez emango diete ikasleei hitzordu horren berri.

500 haur

Arrasate Ointxe! Saskibaloi Elkartea eta Leintz Eskola Kirola dira 3x3 txapelketaren antolatzaileak eta aurtengoa bederatzigarren edizioa da. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Aramaioko 500 haur inguru mugiarazi ditu; orotara, 115 talde, kategoria ezberdinetan banatuta.
Txapelketak bildu duen ume eta guraso mordoak agerian uzten du saskibaloiak momentu ona bizi duela Leintz bailaran eta, alde horretatik, oso balorazio positiboa egiten dute ekimenaren bultzatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak