Herritar horrek epaitegian agertu duenez, igandean, hilak 6, 10:00ak aldera Malvinas esaten dioten inguruan zegoen Herri Eskola parean banku baten eserita zegoen, txakurrarekin. Halako batean bi gazte menditik jaisten ikusi zituela adierazi du, eta une horretan Guardia Zibilaren bost ibilgailu azaldu zirela eta motxilak eskatu zizkietela bi gazteei, miatzeko. Halaber, identifikatzeko eta txakurrari eusteko eskatu zioten guardia zibilek lekukoari.
Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu zituzten ingurua map - Tagzania
Ondoren, gazteen ibilgailua, Wolkswagen Kadi gris bat miatu zuten guardia zibilek herritarraren arabera, eta motxiletatik edo autotik izan zen ziurtatzerik ez duen arren, nonbaitetik zelofanean batutako pakete bat atera zutela. Pakete hori ikustean guardia zibilen buruak bi gazteak eskuburdinak jarrita autoan sartzeko agindu zuela dio herritarrak. Berari nortasun agiria itzuli eta alde egiteko agindu ziotela erantsi du. Hala ere, atxiloketa gertatzen zen bitartean han zegoela eta ikusteko astia izan zuela ziurtatu du.
Komunikabideek zabaldu dutena gezurtatzeko
Deklarazioa egitera zerk bultzatu duen ere zehaztu du herritar horrek deklarazioan: atxiloketaren inguruan komunikabideek zabaldu dutena gezurra dela jakiteak, bai orduari dagokionez -10:00 eta 10:30 artean kokatu du-, bai Guardia Zibilak ustez jarritako kontrolari dagokionez, eta baita ustez atxilotuek jarritako erresistentziari dagokionez ere.
Iturria: Berria.info