Atentatua EITB-ren kontra

Nati Arrieta Larrañaga 2008ko abenduaren 31

Goizeko 11:05ean izan da leherketa. Eraikina ordubete lehenago hustu dute, eta, beraz, ez da inor zauritu; kalte materialak, baina, handiak izan dira. Ertzaintzaren arabera, 100 kilotik gora lehergai jarri ditu ETAk. (EITB-tik jasotako berria)

Eitb.com agerkaria ari da jarraitzen atentatua. Horrela titulatu dute eta handik jaso dugu notizia hemen jartzeko:

ETAk bonba-auto bat zartarazi du EITBren Bilboko egoitzan

ETAren izenean deitu duen lagunak abisatu bezala goizeko hamaikak pasatxo zirela lehertu da EITBren Bilboko egoitzaren atzealdean jarritako bonba-autoa, Citroen Jumpy furgoneta bat. Ordurako, EAEko irrati eta telebista publikoaren egoitza nagusia, Termibus autobus geltokia eta ondoko beste zenbait bulego -Bizkaiko Ogasunarena, 'El Mundo' eta 'Deia' egunkarienak, Antena 3ena eta Onda Cerorena- hustu egin ditu Ertzaintzak, eta San Mames atzealderaino joanarazi ditu langileak. Lekukoen arabera, eztanda handia izan da, kalte handiak eragin ditu EITBren egoitzan, baina inor ez du zauritu. Fatxada kristalezkoa denez oso hondatuta dagoela diote. Halaber, urduritasun une handiak bizi izan direla.

Bilboko eremu horretan jende asko ibiltzen da ohikotan, eta gaur goizean erdi jaieguna izanik, are eta gehiago. Ondorioz, nahasmen handia sortu da. Besteak beste, Termibus autobus geltokia hustu egin dute, eta 12:30 inguru arte ezin izan dute berriro zerbitzua ematen hasi. Zerbitzu etete horrek endredo handiak sortu dizkie herritar askori, haien autobusak atzerapen handiz atera baitira.

Goizeko hamarrak inguruan ETAren izenean ari zela esan duen lagun baten deia jaso dute Bilboko suhiltzaileek. Hamaiketan EITBren egoitzan lehergaiz betetako furgoneta zartatuko zela ohartarazi du. Halaber, Arrigorriagako (Bizkaia) mendi batean zegoela furgonetaren jabea, arbola bati lotuta. Gizonezko hori esandako lekuan aurkitu dute ertzainek.

EITBko langileak eta ondoko bulegoetakoak egoitzetatik aterararazten hamarrak eta laurden inguruan hasi da Ertzaintza, eta presa handiz irtenarazi ditu. Lehendabizi kanpoaldean geratu dira, baina gero asko urrunarazi dituzte: San Mames atzealdean edo Injenieritza eskola ondoan babesteko eskatu diete, eta EITBren egoitzaren inguru guztia eremu zabal batean hesitu dute. Ondoko eraikinetako bizilagunei leihoak eta pertsianak ixteko eskatu die Ertzaintzak.

Leherketa gertatu baino lehenago aurkitu dute bonba-autoa ertzainek, baina indargabetzeko aukerarik ez dute izan artezilariek, eta esan bezala, lehertu egin da.

 

Bingen Zupiria: ''EITBk askatasunarekin eta informazioarekin duen konpromiso etikoarekin jarraituko du'' ETBko zuzendariak atentatua gaitzetsi du eta kaltetu guztiei adierazi die elkartasuna. Adierazpenak.

 

Goienako zuzendaritzak ere oharra atera du:

Gertakarion aurrean Zuzendaritza batzordearen oharra:

Adierazpen askatasunaren eta
euskararen aurkako erasoa


Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak elkartasuna adierazi nahi die EITB taldeari eta talde horretako langileei.

Goienako zuzendaritzak gaitzetsi egiten du, EITBk Bilbon duen egoitzaren aurkako eraso basati eta justifikatu ezina, adierazpen askatasunaren eta euskararen aurkako erasoa delako.

Arrasaten, 2008ko abenduaren 31n.

Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteko Zuzendaritza Batzordea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak