Debagoiendarrek osasun zerbitzu berria izango dute eskura astelehenetik aurrera: Debagoieneko Ospitaleko etxeko ospitalizazio zerbitzua. Atzo, eguena, horren berri eman zuten Arrasaten.
Zerbitzu berri horren mediku koordinatzaile Julio Sandovalek azaldu duenez, "ospitalea etxean edukitzea" bezala da. Gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ospitaletan aspalditik dagoela martxan. Gurutzetan, esaterako, 25 urte daramatzate zerbitzu hori eskaintzen; Osakidetzak duen urte kopuru bera, hain zuzen. Orain arte, hiriburuetako ospitaleetan funtzionatu du eta, orain, eskualdeetakoetan abian jartzen hasi dira, tartean, Debagoienean.
Etxeko ospitalizazio zerbitzua baliabide pertsonal eta materialekin gaixoaren etxean emandako asistentzia jarduera da. Eskainitako baliabideak ospitalean emandakoen parekoak izango dira.
Funtzionamendua
Jarduera horiek bi zatitan egongo dira banatuta: ospitalean eta gaixoen etxean. Ospitalean, lehenik eta behin, gaixoak aukeratzeko irizpideak zehaztuko dira eta jarraian, zerbitzu hori jaso dezaketen gaixoen zerrenda egingo da. Erizainek eta medikuek kasu bakoitzaren balorazioa egingo dute eta, programa horretan sar daitekeela ondorioztatzen bada, gaixoari eta haren familiari horren gaineko xehetasunak emango dizkiete. Gaixoa ospitalean dagoen bitartean, behar dituen zainketak eta tratamendua zehaztuko dira.
Behin etxean dagoela, gaixoak osasun arloko langileen bisita edukiko du, tratamendua aplikatzeko eta beharrezkoak diren probak egiteko. Besteak beste, analisiak, zundaketak edo elektrokardiogramak egin ahal izango dituzte. Horrez gainera, hondakinekin zer egin behar duten azalduko diete gaixoei eta senideei. Etxeko ospitalizazio zerbitzuak irauten duen bitartean, gainera, historia klinikoa gaurkotu beharko du eta, zerbitzu hori amaitzen denean, ospitaleko akta egiteaz arduratuko da.
Boluntarioa da
Sandovalek gogorarazi du boluntarioa dela zerbitzu hori onartzea. Horren harira, edozeinendako egokia ez dela azpimarratu du. Zerbitzua jaso ahal izateko, gaixoak zaintzailea eta telefonoa eduki beharko du derrigorrez etxean. Gainera, patologia kirurgikoak, patologia mediku larri eta kronikoa dituztenek edo zainketa aringarriak behar dituztenek jaso ahal izango dute.
Ohiko ospitaleratzearekin alderatuta, hainbat abantaila ditu zerbitzu berriak. Besteak beste, ospitalean har daitezkeen infekzioak eta ospitalean denbora luzea igarotzearen ondorioak ekiditeko egokia izateaz gain, pertsona nagusien artean depresioa edo nahasketa mentala edukitzea gutxitzen ditu.
Gainera, bisitak egiten dituen osasun langileen, gaixoen eta senitartekoen arteko harremana hobetzeko balio du; erosotasuna eta intimitatea eskaintzen du eta senideen joan-etorriak ekiditen ditu. Kostuak eta ospitaleko itxaron zerrendak txikitzea ere ahalbideratuko du.
Bederatzi profesional
Debagoieneko Ospitaleko taldea bederatzi pertsonak osatzen dute: hiru mediku, bost erizain eta administratzaile batek. Horien artean, euskaldun asko daude. Zerbitzu horrek urte osoan funtzionatuko du, 24 orduan. Goizeko taldean, mediku bi eta beste hainbeste erizain ibiliko dira; arratsaldeko txandan, berriz, mediku bat eta erizain bat.
Astelehenetik egubakoitzera bitartean, goizez eta arratsaldez funtzionatuko du. Zapatuetan, domeketan eta jaiegunetan, berriz, goizez egingo dute lan. Bi talde horiek koordinatuta egongo dira, eta. horretarako, bilera bateratua egingo dute eguerdian. Ordutegi horretatik kanpo laguntza behar duenak SOS Deietara deitu beharko du; izan ere, koordinatzaile bat izango du hor edozertarako.
Bi auto
Baliabideei dagokienez, Osakidetzak bi auto jarri ditu, osasun arloko langileak gaixoaren etxera joan daitezen eta behar duten material sanitarioa eraman dezaten. Horrez gain, ospitalean gela bat izango dute koordinatzio bilerak egin ahal izateko.
Sandovalek adierazi du etxeko ospitalizazio zerbitzuka urteak daramatzala "ondo funtzionatzen· beste hainbat tokitan. Hala, zerbitzu hori jasotzen duten erabiltzaileen "asebetetze maila oso handia da, Osakidetzako onena". Era berean, gogorarazi du zerbitzu horrek ez duela lehen mailako arreta ordezkatzen. Debagoiendarrendako onuragarria izatea espero du Sandovalek.