Konturatu orduko. Horrela iritsiko dira Gasteizera astelehenean Eskoriatzan AP-1 autobidea hartzen dutenek, ibilbide hori egiteko hamabost minutu pasatxo baino ez dira-eta behar –Gasteizko sarrerara–. Aste barruan egin dugu autobideko arduradunek lagunduta Lukurainoko tramua, eta autobideko langileak azken orduko lanak amaitzen ikusi ditugu. Izan ere, astelehenerako denak egon behar du gertu.
Tunel luzeena
Hamar urtetako lana eta gero, astelehenean egongo da erabilgarri Euskal Herri osoko tunelik luzeena, Araba eta Gipuzkoa lotzen dituen Isuzkitzako tunela (3,3 km). Baina, autoan ez da tarte hori aurreikusi bezain luzea egiten –hiru minutu–, ez Bergarako Gallastegi tunela (2,4 km) baino askoz ere luzeagoa, behintzat.
Eskoriatzatik sarbidetik gora egin eta metro gutxitan garaiera handia hartzen du autobideak. Eskumatara utziko dugu Olaeta eta Aingeru Guarda baserriaren artean Bidegik zerbitzugunea jartzeko aurreikusita daukan lur eremua (adjudikatuta daude lan horiek, baina oraindik ez dituzte hasi), eta handik eta Arabara arte bost biaduktu –Apotzaga (160 metro), Mazmela (404 metro), Zarimutz (468 metro), Marin (548 metro) eta Uztarreta (240 metro)–, eta bi tunel –Zarimutz, 420 metro, eta Arlaban, 3.377 metro– igaro behar dira.
Hain zuzen ere, Zarimutzeko tunelean izandako lurjausiek eragin zuten lanotan izandako azken atzerapena, eta aurrera egiteko arduradunek tarte horretako proiektua bera ere aldatu egin behar izan zuten.
Zarimutzeko tunela atzean utzita, Isuzkitzako tunelera iritsi aurretik dagoen azken biaduktua da ikusgarriena, Maringoa. Izan ere, 548 metro luze izatearekin batera, biaduktu horrek 100 metroko garaiera dauka. Eta ondoren dator tunel luzea, Europako seguruenetakoa izendatu dutena –norabide biak lotzen dituen bederatzi ihesbide izango ditu, eta suteen kontrako sistema, aireztatze sistema, bozgorailuak, eta telebista sistema itxia izango ditu–. Guztira 740 milioi euro erabiliko dira Eibar eta Gasteiz autobidez lotzeko, eta horietako 600 milioi Gipuzkoari dagozkio. Izan ere, tarte horretako hamabi tuneletako bakarra dago Araban.
Eskoriatzatik Gasteizera doan, dena zabaldu arte
AP-1 autobidea osorik amaitu arte Eskoriatza eta Gasteiz arteko zatia doan izango da. Eskoriatza eta Arrasate arteko autobide zatian, berriz, Apotzagako tunel ondoan izan diren lurjausiek sortu dituzte azken atzerapenak, baina Bidegik aurreikusten du ekainean amaituko dutela AP-1 amaitzeko geratzen den tramua.
Hala, ekainetik aurrera Eibarretik Gasteizera joateko –46 kilometro– erabiltzaileak 25 minutu beharko ditu, eta prezioa zehaztu gabe badago ere, 5,5 euro ingurukoa izango da.
Inaugurazioa
Astelehenean, apirilak 6, egingo da autobide zati honen inaugurazioa. 12:00etan izango da zita, Isuzkitzako tunelean. Bertan izango dira, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Xabier Agirre Arabako Diputatu Nagusia.