Asteburuko agenda

Txomin Madina Milikua 2007ko api. 20a, 19:47
Musika, antzerkia eta erakusketak dira asteburu honetako , apirilak 20tik 22ra bitarteko, proposamenak. Udaberri giroa eta kultura uztartu nahi dituenak beraz, badu non aukeratu.

Antzerkia

Antzerki emanaldiz betea datorkigu asteburua, haur, gazte zein nagusientzako… gaur, apirilak 20,  Pikor teatroren eskutik, Qtmeto antzezlana egongo da ikusgai Oñatiko Santa Ana antzokian, 22:30ean. Biolentziaren inguruko obra da eta bullyingaren gainean gogoeta egiten du.

Ordu berean, bina Elgetako Espaloia Kafe Antzokian, Solala antzezlana taularatuko dute. Melodrama umoretsua da Pez en rayaren ekoizpen hau eta antzerkiko Max sari bat eskuratu du.

Igandean, apirilaren 21ean, aldiz, Oñatiko Santa Ana antzokian, 5. urtetik gorako haurrentzat Pizti Domadorea izeneko lana egongo da ikusgai 18:00etatik aurrera.

Eta igandean bertan, Arrasateko Amaia Antzokian eta 19:30etik aurrera, Ama kiero ser lehendakari! antzezlana eskainiko du Glu-glu producciones konpainiak. Aitzpea Goenagak idatzitako lan honetan, politikari buruzko gogoeta egiten da, beti ere umorea gidari hartuta. Ideologia guztiz desberdinetako 5 anai arrebak, lehendakari izateko aurkeztu dute euren burua, eta denen erdian, ama daukate, ez baten eta ez bestean ald egiten ez duena. Antzerki eta telebista munduko izen ugari agertzen dira antzezlanean, besteak beste, Loli Astoreka, Ane Gabarain, Galder Perez edota Maribel Salas.

Musika

Musika kontzertutara joan nahi duenak ere, aukera zabala izango du egunotan. Eskoriatzan adibidez, Inkernu tabernan Etxe bakarlariak Bide eginez diska aurkeztuko baitu, gaueko 10:30etik aurrera hasiko den emanaldian.

Arrasatera salto eginda,  3.60 aretoan, Atom Rhumbak joko du gaur,  apirilak 20,    11:00etatik aurrera. Seikote bizkaitar honek bere azken laneko, Ohiukarekin argitaratu duen Amateur Universeseko doinu elektronikoak aurkeztuko du. Musika ona entzunaz gorputza mugitzeko aitzaki ederra izango da beraz kontzertua. Royal Canal taldea ere ariko da emanaldi horretan.

Bergarako Musika eskolak martxan jarri duen apirilean musika ekimenaren barruan, musikeneko egurrezko boskotearen emanaldia izango dute entzungai bihar, apirilak 21,  18:00etatik aurrera udaleko osoko bilkura aretoan. 19:00etan berriz, Jose Maria Ijarrubiak piano bat barrutik nolakoa den erakutsiko du.

19:00etan, Oñatin, Euskal herriko txistularien 24. alardea egingo dute Bizkaia, Araba Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldetik etorritako ordezkariek. Foruen plazan egingo ekitaldi nagusia, eta Miguel Biain Oñatiko txistulari zena omenduko dute bertan euskal txistuaren alde egindako lan guztiagatik.

Azkenik, Elgetan Espainiako gerrari buruz jarri duten erakusketa proposatu behar dizuegu.  Inxortako atea  erakusketak, Elgetako frontean izandako gertaerak ditu oinarri, eta hainbat bitxikeri ikus daitezke bertan: garai hartako hegazkin etatanke bilduma eskalan, uniformeak, txanponak, armak, kartelak… maiatzaren 3arte egongo da erakusketa, espaloia kafe antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak