Asteburuan hasiko dute udako denboraldia, hainbat berritasunekin

Xabier Urtzelai 2007ko ekainaren 15a

Bihar hasiko da uda denboraldia, eta, batez ere, Eskoriatzan eta Arrasaten igarriko dute hori. Eskoriatzan, 6 urtetik beherako haurrek erabili ahal duten kanpoko igerilekua zabalduko dute, eta baita igerileku ondoan dagoen eguzkia hartzeko berdegunea ere. Arrasaten, berriz, barruko igerilekuak itxi eta kanpokoak irekiko dituzte.

Arrasate

Arrasateko herritarrek aurten hainbat zerbitzu izango dituzte eskura Musakolako kanpoko igerilekuan: astelehenetan gazte bulegoaren informazio-gunea egongo da, martitzen eta eguenetan bitxigintza ikastaroa emango du Duni Royo irakasleak, eta eguaztenetan sexologia zerbitzuaren informazio-gunea jarriko dute. Zerbitzu guztiak 17:00etatik 19:00etara egongo dira erabilgarri.

Hori horrela, Arrasateko igerilekuak dira ibarreko kirol etxeek duten kanpoko igerileku bakarrak –Eskoriatzakoa haurrendako da–, eta hori prezioan igartzen da. Aurten, Musakolako igerilekura sartzeko erabiltzaileek –20 urtetik gorakoak– 5,55 euro ordaindu beharko dituzte –sauna ere erabil daiteke–, eta 20 urtetik beherakoek 2,75 euro. Hala, igerilekura joatearekin konformatu ez, eta lehenago kirol apur bat egin gura duenak plus sarrera erosi beharko du (8,10 euro). Kontuan hartu, betiere, udarako abonamenduak (gazteek 31,95 euro, nagusiek 53,55 euro) edota 10 sarrerako bonuak ere eskura daudela.

Aretxabaleta

Aretxabaletari dagokionez, abuztuan hiru astez itxita egongo da kiroldegia: abuztuaren 6tik 26ra. Dena dela, orain arte, bertako erabiltzaileek denbora tarte horretan Musakolako kiroldegia erabili izan dute, eta, oraindik erabakia hartzeke badago ere, ez dirudi aldaketarik egongo denik.

Oñati

Oñatiko kiroldegian berritze lanak egiten dabiltzanez, aurtengo udan ez dute taberna eskura izango, irailean zabaltzeko asmoa daukate-eta. Hori bai, Zubikoatik esan digute freskagarrien, jatekoen eta izozkien makinak jarriko dituztela. Horrekin batera, Oñatin, barruko igerilekua baldin badaukate ere, eguzkia hartzeko berdegunea zabalduko dute. Gainera, igerilekurako sarrerarekin (gazteek 2,65 euro, nagusiek 5 euro) gimnasioa ere erabil daiteke.

Horrekin batera, Oñatin bertan badago beste aukera bat: Usako aisialdi-gunea. Oñatiarrez gain, ibarreko lagun asko animatzen dira Usakoko uretan freskatu eta bertako belardian eguzkia hartzera. Gazte asko joaten dira hara, paraje txukuna izatearekin batera debaldekoa delako.

Bergara

Bergaran eguzkia hartzeko gunea gertu egon dadin esfortzu handia egiten dabiltza. Udalak 18.000 euro gastatu ditu belar-gunea konpontzen –futbol zelaietako belarra jartzen duen enpresa bati erosi diote belar naturala–, eta, emaitza ikusgarria izango bada ere, itxaron egin behar da: "Kontua da azken egunetako euriteek ez dutela batere lagundu belar berriak sustraiak indarrez bota ditzan; hala, hilaren 25ean irekiko dugu belar-gunea", esan digu Kirol teknikari Unai Asurmendik.

Horrenbestez, Agorrosingo igerilekua barrukoa bada ere, herritarrek aparteko gunea izango dute eguzkia hartzeko: "Komunak eta dutxak izango dituzte kanpoan, eta aztertzen gabiltza ea ze aukera dugun kanpoan txiringito moduko bat jartzeko, freskagarriak eta bestelakoak saltzeko". Prezioei dagokienez, nagusiek 3,70 euro ordaindu behar dituzte, eta gazteek 2,65 euro. Hori bai, Bergaran, beste aukera batzuen artean hileko abonamenduaren alde egin dute: 18 euro.
Horrekin batera, gaurtik hasita erabiltzaileek beste zerbitzu bat izango dute eskura: bainuetxea. Lau eremu ezberdinetan banatuta, herritarrek spa, saunak, dutxak eta atseden gunea erabili ahal izango dute. Zerbitzu hori erabiltzeko bazkideek ez dute gehiago ordainduko, bazkide ez direnek 3,7 euro.

Udala, beste aukera bat

Arrasateko Udala auzoan dagoen igerilekua pribatua da, Uxartekoa. Hala ere, bertako prezioak ez dira gainontzeko igerileku batzuetakoak baino garestiagoak. Hala, 16 urtetik gorakoek 5,5 euro ordaindu behar dituzte; 8 eta 15 urte bitartekoek 4,5 euro; eta 4 eta 7 urte bitartekoek 3,5 euro. Udalako paraje ederra kontuan hartuta, askorendako merezi du hara gora igotzea.
Bestalde, hasiera batean Udalako igerilekuak bihar bertan zabaldu gura bazituzten ere, azkenean datorren asteburura atzeratuko dute irekiera; ekainaren 23ra. 

Araban ere bai

Egia da AP-1 autobidearekin kostaldea lehen baino gertuago daukagula. Debagoiendar askok aukeratzen dituzte, besteak beste, Debako edo Zarauzko hondartzak. Beste askok, baina, nahiago dute Albiñara, Ulibarrira, Landara edota Garaio parkera joan. Alde horretatik, Arabako Diputazioko langile Inazio Ruizek eman dizkigu gune horien gaineko xehetasunak: "Aurten lehenengoz sorosleendako zaintze-dorretxoak jarri ditugu, guztira zazpi. Horietako lau egongo dira Garaion, bi Landan eta Ulibarrin bestea". Hori horrela, hiru leku horietan sorosleak egongo dira (12:00etatik 20:00etara): "Ulibarrin, baina, sorosleak ezin du kostalde osoa zaindu, eta hori gertatzen den lekuetan kartelak jarri ditugu, jendeak kontuan izan dezan".
Gainera, badirudi udan Arabako urtegiak bikain egongo direla bainua hartzeko: "Izan ere, uda amaieran arazoak egoten dira ur mailak behera egiten duelako. Orain, baina, egoera ezin hobean daude urtegiak, %90 daude-eta beteta". Hori bai, Landan oraindik errepidea konpontzeko lanetan dabiltza, eta zailtasunak egongo dira autoak aparkatzeko.

Debagoieneko igerilekuen gaineko informazioa

Igerilekua Mota
Ordutegia
Prezioa
Kontutan hartzekoak
Arrasate (Musakola)
Kanpokoak
10:00-20:30*
5,55/2,75
Berdegunea, freskagarri makinak, sexologia zerbitzua, gazte bulegoa, sauna...
Arrasate (Udala)
Kanpokoak
10:00-20:30*
5,5/4,5/3,5 Terraza, hamakak, kafetegia.
Aretxabaleta
Barrukoak
8:30-21:30
3,8/1,95
Abuztuaren 6tik 26ra arte itxita egongo dira.
Eskoriatza
Barrukoak
9:00-21:00*
3,8/2,10 Umeendako kanpoko igerileku txikia dute, berdegunearekin, hamakak.
Bergara
Barrukoak
7:00-22:00
3,70/2,65
Eguzkia hartzeko berdegunea, bainuetxea, taberna, hamakak...
Oñati
Barrukoak
7:30-21:30
5/2,65
Gimnasioa, eguzkia hartzeko berdegunea, freskagarri makinak.

*Ordutegia aste barrukoa da, ekainean eta uztailean. Abuztuan nahiko aldatuko dira ordutegiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak