Aste Santurako ordutegi bereziak gertatu dituzte Debagoieneko turismo zerbitzuek

Mireia Bikuña 2008ko mar. 18a, 13:01
Oñatiko, Arantzazuko eta Bergarako Turismo Bulegoek, eta Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako museoek bisita gidatuak antolatu dituzte bihartik astelehenera arte. Bestalde, Arrikrutzeko kobazuloa bisitatzeko aukera izango dute turistek

Turista gehien Oñatin espero dituzte, eta Turismo Bulegoko arduradunek eskaintza zabala gertatu dute, hain zuzen, Unibertsitatea eta Mikel Goiaingeruaren Parrokia bisitatzeko ordubeteko bisita gidatuak. Bihartik astelehenera arte egunero egongo dira bisita gidatuak, goizetan eta arratsaldetan. Aste Santuan, gainera, informazio gune berezia egongo da Unibertsitatearen sarreran.

Arantzazun dagoen informazio puntua zabalik dago martxoaren 15etik. Goizetan hiru bisita gidatu egingo dituzte: 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean; eta, arratsaldetan beste bi: 16:00etan eta 17:00etan. Bestalde, Arrikrutzeko kobazuloak ikusi gura dituztenek, hobe dute aldez aurretik, 943 08 20 00 telefonora deitzea.

Bergarako bulegoa eta museoak

Martxoaren 10ean zabaldu zuten Bergarako Turismo Bulegoa, apirilaren 6ra arte. San Martin Agirre plazan dagoen bulegoak bisita gidatuak eskainiko ditu egunero, goizetan eta arratsaldetan. Baina, martxoaren 30ean, bulegoa itxita egongo da. Debagoienean dauden bi museoak, Eskoriatzako Ibarraundi eta Leintz Gatzagako Gatz Museoa zabalik egongo dira datozen egunotan. Ibarraundi eta Labidea eta Gatz Museoak ikusi gura dituztenek aldez aurretik hartu behar dute bisita egiteko ordua.

Autobusa

Aste Santuko jaiegunetan indartu egingo dute Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua. Bihartik hasita, astelehenera arte, autobusak egongo dira ordu erdian behin. Oñatitik lehena, goizeko 07:30etan irtengo da, eta azkena, Arantzazutik 20:00etan

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak