Iaz, %24,7 murriztu zen errepidean hildakoen kopurua eta, aurten, joera horrekin jarraitu nahi du Herrizaingo Sailak. Horretarako, zirkulazio istripuak ekiditeko kanpaina berezia jarri du indarrean: operazio berezi honetan, zirkulazioaren jarraipen zorrotzagoa egingo du.
Gaur arratsaldean hasi eta astelehenean, apirilaren 5ean, gaueko hamarretan bukatuko da errepideen zaintza berezia. Gaurko arratsaldea eta biharko goiza izango dira mugimendurik handieneko momentuak; horiek dira, hain zuzen, urtean errepideak ibilgailuz gehien betetzen diren uneak.
200 ertzain egongo dira errepideak zaintzen eta zirkulazio arauak betearazten, eta 32 radar berri egongo dira martxan Euskal Autonomia Erkidegoan.
Gipuzkoan, guztira, 14 dira jarritako radar berriak; gehienak Donostiako eta inguruko errepideetan. Debagoienean ez dute batere jarri, ez behintzat radar finkorik, baina horrek ez du esan nahi gurean ez dutenik kontrolatuko gehiegizko abiadura.
Auto gidariei errepideak dituen arriskuez kontzientziatzeko, Herrizaingo Sailak 'Garrantzitsuena iristea da' lema duen irrati kanpaina zabaldu du egun hauetarako. Hortaz aparte, gomendio batzuk eman ditu: ahal bada, zirkulazio gehien dagoen orduetan ez irtetea, ibilgailua behar bezala prestatuta dagoela ziurtatzea, bi ordutik behin atsedena hartzea eta 120 kilometro orduko abiadura ez pasatzea.
Herritarrak informatuta edukitzeko bideak ere ipini ditu: informazio zehatza gura duten auto-gidariek 902 112 088 telefonora deitu dezakete edo www.euskadi.net/trafikoa webgunea kontsultatu.