Aste bukaerako kultura hitzorduak

Usoa Agirre 2010eko uztailaren 16a

Antzuolako jaiak, Santa Marina jaiak Aramaion eta Arrasaten, kontzertuak, antzerkia... kulturaz gozatzeko hitzordu ugari aste bukaeran. Hemen duzue agenda:

Musika

Arrasate

> Led Zeppelinen tributu talde Mothership-en emanaldia
Led Zeppelin taldearen tributu talde Mothership-ek kontzertua egingo du. Legazpiarrak dira.
Bihar, zapatua, Zarugalde kaleko Gure Leku tabernan, 23:00etan.

Bergara

> Bilboko Travellin' Brothers taldeak blues emanaldia egingo du
Euskal Herriko blues talde garrantzitsuenentzat dute Travellin' Brothers. Hiru disko aterata dituzte eta zuzeneko emanaldietan indar ikaragarria dute. Denetariko blues estiloak jorratzen dituzte. Espoloian joko dute gaur (22:30).

> Azkaiter Peloxek diskoa aurkeztuko du skate parkean
Azkaiter Peloxek eta bere taldeak 2010eko martxoan grabatutako diskoa aurkeztuko dute grabatu zuten leku berean, Laino skate parkean, alegia. Argazki erakusketa eta martxoko kontzertuaren bideo proiekzioa egingo dute. DJak egongo dira eta pintxoak
ere bai.
Eguenean, hilak 22, Laino skate parkean, 19:00etan.

> Santamarinetako emanaldiak Aritzetak eta musika bandak
Uztailaren 18a Santa Marina eguna dela-eta, Aritzeta abesbatzak eta Bergarako musika bandak emanaldi bereziak egingo dituzte.
Bihar, zapatua, Aritzeta abesbatzak egingo du kontzertua, honako errepertorioarekin: Cantiga de Noiteboa (Julio Dominguez), Nerea Izango Zen (Javier Busto), Alleluia (Randall Thompson), La Paloma (Manuel Massotti Littel), El Abanico (J. Trayler) eta Segalariak (Josu Elberdin). Imanol Urtzelaik zuzenduko du emanaldia, Santa Marina parrokian, 19:45ean.
Etzi, domeka, udal musika bandak kalejira egingo du (11:30) eta, segidan, kontzertua udal pilotalekuan. Errepertorioa hauxe izango da: Añoranza (pasodoblea, A. Glez. Chirlaque), Devonshire (obertura, D. Ployhar), Katiuska (zarzuelako selekzioa, P. Sorozabal), My fair lady (musikala, F. Loewe) eta Frenesí (A. Dominguez). Alfredo González Chirlaquek zuzenduko ditu musikariok.
Aritzetaren emanaldia bihar, zapatua; udal musika bandarena, etzi, domeka.

Eskoriatza

> John Maurerren (Social Distortion) Five Alarm Fire
Errekan Gora egitarauaren barruan, 20 bat urtean Social Distortion taldeko baxu-jotzaile izan zen John Maurerren talde berriaren, Five Alarm Fire-ren kontzertua izango da, etzi, domeka. Los Angelesko punk onena, zuzenean.
Etzi, domeka, Gernika plazan, 19:30ean.

Oñati

> Rogelio Botanz kantautorearen kontzertua Guria tabernan
Rogelio Botanz (Legazpi, 1956) musikariak kantaldia egingo du Kale Barriko Guria tabernan.
Etzi, domeka, 20:00etan.

Antzerkia

Eskoriatza

> Amuska emakume taldeko antzerki taldearen debuta
Amuska emakume taldean sortu den Ausartak antzerki taldeak bere estreinaldia egingo du, Marizipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi ipuinaren moldaketa bat antzeztuz. Olatz Pagaldai aktoreak zuzenduko ditu.
Bihar, zapatua, unibertsitateko aretoan, 22:30ean.

Aretxabaleta

> 'Superplast' kale-antzerki sariduna egingo du Hortzmugak eguenean
Euskarazko saileko 2009ko Max saria irabazi zuen Hortzmugak Superplast-ekin (hilak 22, Herriko plazan, 19:00). Superplast familiak Zabor Jaun gaiztoari aurre egingo dio, Aretxabaletan izango diren ikusle guztien laguntzarekin.

Arrasate

> Belgikako Shake That taldeak 'On the rocks' delako kale-zirku emanaldia egingo du
Eskarmentu handiko kaleko zirkuko bost artista belgikarrek On the rocks ikuskizun harrigarria egingo dute, taberna zulo baten. Nahastuko dituzte malabarismoa, umorea, magia, ikus-entzuleei eraginez, koktel zoragarriak eginez. Komedia eta malabarismo ikuskizunaren koktel horrekin, ikustera joaten den oro ondo aseta uztea lortuko dute. Udazabal egitarauaren barruan antolatutako saioa da.
Gaur, egubakoitza, Herriko Plazan, 20:00etan.

Ospakizunak

Antzuola

> Mairuaren Alardea egingo dute, herriko jaien barruan
Valdejunkeran 920. urtean Abd al-Rahman III.aren aurkako bataila gogora ekarriko dute antzuolarrek.
Alardearen ospakizunaren barruan, hainbat gauza dira aipagarri: musika, bandera, buruzagiak egiten duen hitzaldia eta hitzaldiarekin batera kantatzen dituzten bertsoak.
Aurten, berritasun moduan, gainera, Abd al-Rahmanek segizio handiagoa izango du.
Bihar, zapatua, 19:00etan.

Aramaio

> Santa Marina jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran Aixolan
Honako ekintzak izango dituzte, besteak beste: gaur, egubakoitza, auzo bertso-afaria, Egaña eta Lizasorekin (21:00); bihar, zapatua, meza (12:00), Ibarratik Aixolara bizikleta lasterketa (13:00), kanpai-jotze erakustaldia (19:30) eta dantzaldia (22:30); eta etzi, domeka, meza (12:00) eta umeendako jolasak (18:00).
Gaur, barikua, etxafuegoak eta kanpaiak.

Arrasate

> Gaur, egubakoitza, hasiko dira Santa Marinako jaiak
Honako ekintzak antolatu dituzte Santa Marinako jai batzordekoek: gaur, egubakoitza, poteoa, doako pintxoekin (18:00); eta bolo-boloa eta umeendako jolasak ere bai (18:30). Gauean, DJ Arceren eta Ateneo Orkestraren musikarekin dantzaldia izango da (23:00). Bihar, zapatua, umeendako ekitaldiez gainera, bolo-palma txapelketa jokatuko dute (13:00), auzoa bertako batukadak girotzen duen bitartean; eta besteak beste, kojonudoak ere izango dira, 19:30ean. Eta etzi, domeka, esaterako, karaokea egingo dute (17:00).
Aste bukaera osoan ospakizunak.

Erakusketak

Eskoriatza

> Eskoriatzako, Arrasateko eta Oñatiko egileen margolanak ikusgai daude
Hainbat herritarren erakusketa ikusgai dago Ibarraundin. Denetara, 30 egileren lanak daude; gehienak eskoriatzarrak dira, baina badaude baita Arrasateko eta Oñatiko parte-hartzaileak ere. Uztailaren 30era arte dago zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak