Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2010ko ots. 26a, 17:32
Kultura hitzordu ugari izango ditugu aste bukaeran: Barrence Whitfield eta Pettiren kontzertua Arrasaten, Uek taldea Eskoriatzan, 'Simplemente' dokumentala Arrasaten, argazki erakusketak, antzerkia... Hemen duzue egitarau osoa:

Zinema

Arrasate

> 'Simplemente' dokumentala aurkeztuko du John Anduezak barikuan, 20:00etan
Joan den astean Donostian aurkeztu ondoren, John Andueza arrasatearrak Simplemente  77 minutuko dokumentala ekarriko du Amaia Antzokira, gaur, egubakoitza, 20:00etan. Down sindromea duten dantzari batzuen istorioa da.

Erakusketak

Aretxabaleta

> Gerrako hilobien gaineko erakusketa ipiniko dute
Hilotzak hilobietatik ateraz, duintasunak berreskuratuz delako erakusketa ipiniko du Aranzadi Elkarteak, eta, horrekin batera, Gerra Zibila eta errepresioa Aretxabaletan delakoa, Intxorta 1937 kultur elkarteak. Martxoaren 2an hasi eta 24ra arte egongo da zabalik.
Bestalde, Esklabotza Frankismoan delako
erakusketa bisita daiteke domekara arte.
Kultura etxean, honako ordutegian: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00, lanegunetan, eta 11:00-13:00, zapatuetan.

Arrasate

> Birziklatutako zaborrarekin egindako sormen lanak
Zaborreria izeneko erakusketa ibiltaria dago egunotan Arrasaten. Kulturateko klaustroan dago.
Otsailaren 28ra arte.

> Nikaraguaren gaineko erakusketa, Harresi aretoan
Una vueltecita por Nicaragua izeneko erakusketa izango da aste bukaeran Iturriotz kaleko Harresi aretoan. Amsogra gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako erakusketa horrek Iñaki Agirianok egindako argazkiak batzen ditu.
Bihar eta etzi, zapatua eta domeka bisita daiteke erakusketa Iturriotz kaleko Harresi aretoan. Ordutegia: 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

Bergara

> Nagore Igartza antzuolarraren argazki erakusketa
Nagore Igartza argazkilari antzuolarrak Barneko lurraldea izeneko argazki erakusketa ipiniko du Aroztegi aretoan. Gaur, egubakoitza, inauguratuko dute erakusketa, iluntzeko zazpietan, eta martxoaren 21era arte izango da zabalik.
Astelehenetik egubakoitzera: 18:00-20:30; zapatuak: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; domekak: 12:00-14:00.

> Nekane Munduateren 17 margolan daude Nahikarin
Otsail bukaerara arte, Nekane Munduate ataundarraren erakusketa dago Nahikari tabernan. Hainbat formatuko 17 margolan dira, gres, egurra, margo akrilikoak, argizariak… erabiliaz egindakoak. Gaiak dira natura, mitologia, paisaia atenporalak eta giza-parajeak.
Otsail osoan, Masterreka kaleko Nahikari tabernan.

Oñati

> Cantero eta Gurrutxaga argazkilarien lanak bisitatzeko aukera asteburuan
Natura eta mendia gaitzat hartuta, Hegaletan izeneko argazki erakusketa zabaldu dute Benito Cantero eta Agustin Gurrutxaga argazkilari bergararrek. 50 bat argazki dira. Kultura etxean daude ikusgai aste bukaeran, 18:00-20:00.

Ospakizunak

Arrasate

> Andaluziaren Eguna ospatuko du Al-Andalusek asteburuan
Otsailaren 28an Andaluziaren autonomia estatutua onartu zeneko urteurrena da, eta Al-Andalus elkarteak ospakizun hauek antolatu ditu: bihar, zapatua, Sueños de Andalucía dantza taldearen emanaldia (20:00) eta Pedro Obregón flamenko kantari kordobarraren emanaldia (21:00); etzi, domeka, sevillana maratoia (12:00-13:00) eta Andaluziako ereserkia eta, segidan, koru rozieroaren eta Alegria de la Sierra taldearen emanaldia; bazkaria (15:00) eta Irusta taldearen emanaldia (17:00).
Al-Andalusen egoitzan izango dira ekitaldiak.

Antzerkia

Arrasate

> Suso Seca eta Rafa de la Llaveren bakarrizketak Iamain
Iamai kafetegiak 10 urte betetzen dituela-eta, hainbat ekitaldi berezi antolatu dituzte. Horien artean, Suso Seca eta Rafa de la Llavek osatutako bikoteak egingo dituen umorezko bakarrizketak daude.
Gaur, egubakoitza, Kontzezino kaleko Iamai kafetegian, gauerdian hasita.

Bergara

> 'Molestias clownicas' antzezlana egingo du Oihulari Klown-ek
Molestias clownicas delako antzezlana egingo du Oihulari Klown-ek. Sarrera 5 euro da.
Bihar, zapatua, Zabalotegi aretoan, 22:30ean.

Eskoriatza

> 'Prest gaude' umorezko antzezlan sariduna
Iazko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketan lehenengo saria irabazi zuen Lakrikun taldeak Prest gaude antzezlanarekin, eta Eskoriatzan ikusteko aukera izango da gaur, egubakoitza. Greban gaude antzezlanaren jarraipen antzekoa da, eta, umore kutsuarekin, emakumearen gaineko aldarrikapen batzuk ere planteatzen ditu honakoak. Gurutze Eizmendi, Alaitz Olaizola eta Idoia Uranga dira aktoreak. Sarrera doan da.
Gaur, egubakoitza, unibertsitatean, 22:30ean.

Musika

Arrasate

> Sexty Sexers eta Riff Truckers taldeen kontzertua
Sexty Sexers eta Riff Truckers taldeek emanaldia egingo dute. Sarrera 6 euro da.
Bihar, zapatua, 3 Aretoan, 23:00etan.

> Barrence Whitfield eta Petti, rock-and-roll-ak bateratuta
Barrence Whitfield eta Petti bakarlariek batera egingo dute kontzertua Amaia antzokian. Bostondik (Ameriketako Estatu Batuak) dator bata eta Beratik, bestea; gaztetasuna eta esperientzia, euskara eta ingelesa, rock-and-roll-ak batuko ditu. Biek batera baina talderik gabe aurkeztuko dute elkarrekin atera berri duten diskoa. Bloodyhotsaks taldeak ere joko du.
Sarrera 5 euro da.
Bihar, zapatua, Amaia antzokiko hall-ean, 20:00etan.

Azpeitia

> 'Txarrantxa 2005-2009' diskoa aurkezteko kontzertua
Txarrantxa 2005-2009 bilduma kalean da; Azpeitiko tabernan bost urte hauetan jo duten hainbat talderen abesti bana dago, tartean Debagoieneko 11 talderena. Aurkezpen kontzertua egingo dute Material Rechazado, Karkaba eta Apurtu taldeek. Luntxa, garagardoa doan eta musika emanaldia izango dira.
Bihar, zapatua, Txarrantxa tabernan, 17:00etan.

Eskoriatza

> Uek taldeak 'U-10' diskoa aurkeztuko du zuzenean Inkernu tabernan
Keu Agirretxeren Uek taldeak U-10 bilduma aurkeztuko du gaur, 23:00etan. Abesti batzuen bertsio akustikoak eta  hiru abesti berri daude diskoan: Gordetako ilusioak, Gizaki ikusieziñak eta Zure presentzia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak