Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2010ko ots. 4a, 14:21
Aste bukaera gertu daukagu eta ondorengo egunak ekintzaz gainezka datoz. San Blas eta Santa Ageda ospatuko duten auzoak ere badira gure ibarrean. Bestalde, aste bukaeratan ohikoa denez, antzerkiaz, zinemaz, kontzertuez edota erakusketekin gozatzeko aukera izango da Debagoienean. Hemen duzue aste bukaerarako proposamena:

Musika

eskoriatza
> Sorkun bakarlariak diskoa aurkeztuko du Inkernun
Sorkun bakarlariak kontzertua egingo du Inkernu tabernan, Vicepresidentes taldearekin.
Gaur, egubakoitza, Inkernu tabernan, 23:00etan.

arrasate
> Ruper Ordorikak 'Haizea garizumakoa' diskoa aurkeztuko du
Haizea garizumakoa da Ruper Ordorika oñatiarraren lan berriena, eta publiko orokorrarendako egiten duen Debagoieneko lehenengo kontzertua egingo du bihar, zapatua. Disko horretan, kantariaren hurbilekoak jotzen gaitu, bere gogo aldarte guztietan: alaia, intimista, sentibera… baina beti den modukoa agertzen zaigu.
Kontzerturako sarrerak 20 eurotan salduko dituzte.
Bihar, zapatua, Amaia antzokian, 20:00etan.

bergara
> Arborea talde estatubatuarrak 'House of sticks' diskoa aurkeztuko du
AEBetako Maine estatutik datoz Buck eta Shanti Curran, Arborea taldeko kideak. Psych folk eta indie estiloko musika egiten dute, eta House of sticks izeneko lana aurkeztuko dute etzi, domeka, Zabalotegin, 19:00etan.

Antzerkia

aretxabaleta
> 'Ino, ino, ino, badator Bonbardino', umeendako
Ino, ino, ino, badator Bonbardino umeendako ikuskizuna egingo du Anne Monna taldeak. 3-11 urte arteko umeendako da, eta sarrera 3 euro da.
Bihar, zapatua, Arkupe kultura etxean, 17:00etan.

bergara
> '¿Se puede?' klown antzezlana egingo dute bihar, zapatua, Zabalotegin
Mama Crea taldeak ¿Se puede? delako antzezlana egingo du, 20:00etan. Sarrera 5 euro da. Alargun batek erabakitzen du kanposantura joatea, hil berri den senarrarekin egotera. Klown estiloko lana da, aktore bakarrarekin, ia hitzik esan gabe.

aretxabaleta
> 'El txou de Patxi' bakarrizketa egingo du Gorka Aginagaldek
Gorka Aginagalde aktore gasteiztarrak El txou de Patxi umorezko bakarrizketa egingo du. Umore satirikoa erabiliko du, Patxi Arrigagorritxorriberrigoitia pertsonaiaren paperean, euskaldunaren estereotipo guztiak batuz: astakilo samarra, ona, tragozalea, neurriz kanpoko egizalea, eta familia eta adiskidezalea. 
Eguenean, hilak 11, Arkupen, 19:30ean. Sarrera, 4 euro.

Erakusketak


bergara
> Aratusteetako kartelak
Kartel lehiaketara aurkeztutako lanak daude ikusgai.
Kultura etxean otsailaren 19ra arte, astegunetan, 18:00etatik 20:00etara.


aramaio
> Nikaraguaren gaineko erakusketa ipiniko dute
Nikaragua: atzo, gaur, bihar izeneko erakusketa zabalduko dute Satiña aretoan otsailaren 8an, astelehena.
Hilaren 8tik 21era bitartean egongo da zabalik erakusketa.

oñati
> 'Bizitzeko tokiak, pertsonentzako tokiak' erakusketa
Natura 2000 Sareak antolatuta, Bizitzeko tokiak, pertsonentzako tokiak izeneko erakusketa egongo da eguaztenean, hilak 10, hasi eta hilaren 14ra arte. Horrekin lotuta, hitzaldia egongo da eguaztenean, hilak 10, zinema aretoan: Natura 2000 sarea Euskadin.
Kultura etxeko erakusketa aretoan, egunero, 17:00etatik 20:00etara.


aretxabaleta
> 'Esklabotza Frankismoan' delako erakusketa eta hitzaldia
Esklabotza Frankismoan delako erakusketa bisita daiteke Arkupen. Eusko Ikaskuntzako Edurne Beaumont adituak hitzaldia egingo du gaur, egubakoitza, 19:00etan. Sarrera, doan. Erakusketa zabalik dago astelehenetik zapatura; hitzaldia, gaur, egubakoitza.

Ikastaroak

bergara
> Hainbat ikastaro iragarri ditu Bizikasik
Defentsa pertsonaleko ikastaroa, otsailaren 22tik martxoaren 31ra, astelehen eta eguaztenetan 17:30etik 19:00etara; web orrien ikastaroa martxoaren 15etik 30era, astelehenetik eguenera, 16:00etatik 18:00etara; oinarrizko informatika, 22tik martxoaren 31ra, astelehenetik ostegunera, 15:00etik 17:30era; arrisku handiko elikagaien manipulazioa, martxoan. Argibideak: 943 76 93 94 (Miren) edo info@bizikasi.com helbidean.

arrasate/bergara
> Biodantza ikastaroa
Arrasaten, astelehenetan 17:00etatik 19:00etara, Erguin kaleko Slimming gimnasioan. Bergaran, martitzenetan 14:45etik 16:45era Giartzu gimnasioan edo eguaztenetan 16:45etik 18:45era Samadhi yoga elkartearen lokalean, Masterrekan.
Argibideetarako, deitu honako telefonora: 626 66 12 92 (Mentxu).


aretxabaleta
> Dantza afrokaribearrak Jaiki elkartearen eskutik
Martitzenero, 19:30etik 21:00etara, kuartel zaharrean. Ekainera arte.
Izenematea 653 70 50 68 telefonoan edo jaikielkartea@ayahoo.es helbidean.

Bergara
> Erromeriako dantzak eta dantza soltea
Jardun euskara elkarteak antolatuta, erromeriako dantzen ikastaroa otsailetik maiatzera, martitzenetan 19:30etik 21:00etara. Fandangoa eta arin-arina Juantxo Urbietak erakutsiko ditu eguenetan, 19:30etik 21:00etara. Otsailetik maiatzera maila guztiak.
Argibideak Jardun euskara elkartean, 943 76 08 19 telefono zenbakian.

arrasate
> Yoga ikastaroa 
Yoga ikastaroa Arrasaten (Txindoki dorrea, Bañez Doktorea 1): astelehen eta eguaztenetan, 09:30etik 11:00etara; martitzen eta eguenetan 14:30etik 16:00etara eta 19:00etatik 20:30era.
Argibideak eta izenematea: 635 71 06 16 (Maite) edo 943 78 31 26 (Ana).

arrasate
> Eskulan ikastaroa Udaleko Emakume Sailaren eskutik
Eskulanetako teknika ezberdinak ikasiz ondo pasatzeko ikastaroa da. Egurra, laminak, margoketa, birziklatzea, Van Dal, eztainua, zilarra, beruna eta kristala landuko dituzte Bea Arregirekin. Martxoaren 23ra arte, martitzenero 15:30etik 17:30era edota 18:00etatik 20:00etara.
 Argibideak eta izenematea 943 79 83 70 eta 651 70 79 36 telefono zenbakietan.

aretxabaleta
> Flamenko dantza ikastaroa otsailaren 26tik aurrera
Flamenko dantza ikastaroa, Jaiki elkartearekin. Eskolak dira honako egunetan: otsailaren 26an eta martxoaren 5ean, 12an eta 26an, 18:00-20:00.
Argibideak: 653 70 50 68 edo jaikielkartea@yahoo.es helbidean.

arrasate
> Emakume Txokoaren eskutik hainbat ikastaro
Arrasateko Emakume Txokoak hainbat ikastaro iragarri ditu otsailerako eta martxorako: bertso ikastaroa; emakumeak eta osasuna: gure emozioak; emakumeak eta osasuna: gure sexualitatea; autoestimua eta hazkuntza pertsonala; barreterapia; yoga; gorputzaren mugimendu kontzientea lantzeko ikastaroa; eta zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa. Argibideak Emakume Txokoan, 943 79 41 39 telefono zenbakian.


oñati
> Perkusio eta batukada ikastaroa Elkar Hezin
Perkusio eta batukada hasiera mailako ikastaroa emango du Mikel Abeiro perkusio irakasleak Elkar Hezi ikastetxean, otsailaren 17an eta 18an. Ordua parte-hartzaileen artean erabakiko da.
Argibideak Elkar Hezin, 943 78 28 70 telefono zenbakian.

arrasate
> Emakumeendako Jabetze Eskola, abian
Emakumeen ekarpenak berreskuratzeko eta baloratzeko; elkarrengandik ikasteko; harremanak bultzatzeko; pertsonalki eta kolektibo modura indartzeko... Horretarako gunea izan nahi du Jabetze Eskolak. Zein da Simone de Beauvoir-en beldur, otsailaren 10ean hasita; Emakumeak euskal kulturan eta jendartean, otsailaren 25etik; Grafikoki esparru publikoa aktibatzen, martxoaren 12tik; eta Jostailu erotikoen tailerra, otsailaren 19an eta 26an. Argibideak Emakume Txokoan, 943 79 41 39 telefono zenbakian.

Ospakizunak

eskoriatza
> Santa Agedako neska-mutilek dantza egingo dute
Santa Agedako aurtengo neska-mutilek dantza emanaldia egingo dute iluntzean. Egun osoan barrena kantuan ibiliko dira, Santa Ageda koplak eskainiz.
Dantzaldiak gaur, egubakoitza, eta etzi, domeka, Herriko plazan, 19:00etan.

aretxabaleta
> Txapel Txin eguna ospatuko dute bihar, zapatua, Aratusteen aurrekari gisa
Txapel Txin egunarekin, Aratusteen etorrera iragarriko dute aretxabaletarrek. 18:00etan, torrada lehiaketa izango da; 18:30ean, Tusuri taldearekin suzko kalejira; 19:30ean, Aratusteetako pregoia; eta 20:00etan, jatekoak banatuko dituzte.

eskoriatza
> Urdelardero eguna ospatuko dute herriko umeek
Aratusteak hasteko, urtero moduan, Urdelardero eguna ospatuko dute Eskoriatzako neska-mutikoek eguenean, hilak 11. Goizean, kalejira egingo dute; 11:30ean, Herriko plazan, txistorra-jana izango dute; 17:00etan, Hipo eta Tomax pailazoek girotutako jaialdia, kiroldegian; eta 18:30ean, txokolate-jana Herriko plazan. Norberak bere edalontzia eraman beharko du.
Hilaren 11n, eguena.

Bestelakoak

bergara
> Zapore eta Artisautza azoka zabalik dago astelehena arte
Atzo, eguena, irekitzekoak ziren Zapore eta Artisautza azokak zabalik jarraituko du astelehena, hilak 7, arte. Domekara bitartean,  18 postu egongo dira San Martin plazan. Galiziako jakiak dastatzeko tabernatxoa ere jarriko dute eta han egongo da Javier Ferreiro maisu pulperoa.San Martin plazan eta inguruetan dago azoka, honako ordutegian: 11:00-14:00 eta 17:00-22:00 –taberna 00:00ak arte egongo da zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak