Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2007ko aza. 30a, 12:23
Aste bukaeran ekitaldi ugari izango da. Besteak beste, Kontzertuak, Zarzuela, erakusketak edota hitzaldiak izango dira. Hona hemen aste bukaerako kultura agenda:

Musika

Oñati
The Warlocks taldearen kontzertua. Psikodeliaren maisuek Heavy deavy skull lover izeneko laugarren lana aurkeztuko dute.  Gaur, egubakoitza, 22:30ean, gaztelekuan.
Arrasate
The Restarts britainiarrek kontzertua egingo dute. Londresko The Restarts taldearekin batera, kontzertu berean, Trayuka eta Akrata taldeek jardungo dute. Gaur, egubakoitza, 22:00etan, 3.60 aretoan.
Atxondo
Golpe de Estado oñatiarrek kontzertua egingo dute. 
Infernuko Panpinak eta Artobixarra taldeekin batera egingo dute emanaldia.  Gaur, egubakoitza, 22:00etan, gaztetxean.
Arrasate
The Zucchinis taldeak kontzertua egingo du. Gure Leku tabernan egingo du taldeak saioa.  Gaur, egubakoitza, 23:00etan.
Bergara
Andoaingo Alberto Agirre abesbatzak saioa egingo du. Bergarako Aritzeta abesbatzak Andoainen egindako kontzertuaren trukea da emanaldi hori.  Bihar, zapatua, 19:45ean, Santa Marina parrokian.
Bergara
Disko jartzaileek saioa egingo dute Go-Jamen eta Jamen. Pablo Akaros eta Haitz disko jartzaileak arituko dira bihar, zapatua, 23:00etan, Go-Jamen. Eguaztenean, berriz, Net 24, AlexUnder eta Damian Schwartzek jardungo dute 00:00etan, Jamen.   
Bergara
Disko jartzaileek saioa egingo dute Ziripot tabernan. Ibai eta Papi disko jartzaileek jardungo dute.  Bihar, zapatua, 23:00etan, Ziripot tabernan.
Bergara
Gasteizko bi taldek kontzertua egingo dute gaztetxean. Exhale eta Eorann taldeek egingo dute gaztetxeko emanaldi hori.  Bihar, zapatua. 22:30ean.
Arrasate
Disko jartzaileek saioa egingo dute 3.60 aretoan. Lalas disko jartzaileak jardungo du.  Bihar, zapatua, 04:00etan.
Bergara

Apocalyptica taldeak kontzertua egingo du. Biolontxelorik heavyenak entzuteko aukera izango da Jam aretoan. Helsinkiko taldeak Worlds Collide azkeneko lana aurkeztuko du.  Bihar, zapatua, 21:00etan.
Bergara
WASP taldeak kontzertua egingo du Jam aretoan abenduaren 6an, 20:30ean. Dominator World Tour delakoaren barruan Bergaran geldialdia egingo du WASP taldeak. Disko berria aurkeztera etorriko dira, Dominator izeneko lana, hain justu ere. Hamahirugarren lana da hori eta abenduan kaleratuko dute.
Arrasate
'El dúo de la africana' zarzuelaren beste bi emanaldi aste bukaeran. Arrasateko Izaskun Murgia elkarte lirikoak zarzuela berria prestatu du. Aurreko asteburuan estreinatu zuten eta oraingoan beste bi emanaldi egingo dituzte: gaur, egubakoitza, 20:00etan, eta bihar, zapatua, 19:30ean.
Gasteiz
Bi debagoiendar bihar jokatuko den Bertxoko sariketaren finalean. Jokin Labaien arrasatearra eta Manex Agirre aramaioarra beste lau bertsolarirekin batera arituko dira nor baino nor gehiago bihar, zapatua, Bertxoko sariketako finalean. Errexala elkartean izango da hori, 22:30ean.

Antzerkia

Eskoriatza
'La gota gorda' delako antzezlana Txalo antzerki taldearekin. Iker Galartza eta Joseba Usabiaga dira antzezlaneko bi aktoreak. Gaur, egubakoitza, 22:30ean, unibertsitatean.
Elgeta
Ipuin kontalari saioa egongo da liburutegian. 10 urtetik gorako umeendako da emanaldia. Gaur, egubakoitza, 18:00etan.
Arrasate
Igor de Quadra mimoak emanaldia egingo du. Methology delako ikuskizuna egingo du. Irudietan, objektuetan eta mimoan oinarritutako antzezlana da. Bere burua ezagutu nahi duen aktore batek bidaia subrealista eta absurdoa erakutsiko du Igor de Quadrak lan horretan. AEDk antolatu du saioa Debaguneko kultura zirkuituaren barruan.   Gaur, egubakoitza, 22:30ean, Kulturaten.
Elgeta
Leo Bassi aktore ezagunak emanaldia egingo du. Iaz izan zen lehenengoz Bassi Elgetan eta aurten errepikatu egingo du. Oraingoan Instintos ocultos delako ikuskizunarekin dator. Bihar, zapatua, 22:30ean, Espaloian.

Hitzaldiak

Aretxabaleta
'Begiak bizitzaren leiho' delako hitzaldia. Basotxo erretiratuen elkarteak antolatu du hitzaldia eta Manuel Solorzanok egingo du.
Abenduaren4an, martitzena, 17:30ean, Basotxo erretiratuen elkartean.
Antzuola
AHTren gaineko berbaldia AHT Gelditu! Elkarlana taldekoekin. Hizlariak izango dira Mila Elortza eta Hilario Manzanedo eta berbaldiaren izenburua da AHTren gaineko informazioa: trazadura eta eraginak.
Abenduaren 4an, martitzena, 19:30ean, Olaran etxean.
Leintz gatzaga
Bularreko minbiziaren gaineko hitzaldia. Katxalin elkarteko kideek egingo dute berba eta nahi duten guztiendako irekia da. Abenduaren 11n, martitzena, 18:00etan, kultura etxean.

Erakusketak

Bergara
Margo erakusketa berria Nahikari tabernan. Juan Gonzalez de la Cuestaren margo erakusketa ikusgai egongo da aste bukaeratik aurrera. Abendu bukaera arte.
Elgeta
Idoia Azkarate margolariaren erakusketa. Bergarako marrazkilariak astelehenean irekiko du erakusketa. Abenduaren 21era arte, Espaloia kafe Antzokian.
Eskoriatza

Euskal jostailuen erakusketa egingo dute. Erakusketaren helburua da gurasoei eta haurrei euskal jostailuak ezagutzera ematea.
Abenduaren 3tik 5era, 17:00-20:00 ordutegian, kultura etxean.
Eskoriatza
'Eskoriatzako mendi buzoiak iruditan'. Horixe da Juan Luis Zubizarretaren argazki erakusketaren izenburua. Abenduan barrena egongo da ikusgai, Inkernu tabernan.
Bergara

Filatelia eta musika erakusketa batean batuta. Batetik, Bergarako Filatelia Elkarteak zigiluak erakutsiko ditu, eta, bestetik, Bergarako Udal Musika Bandak argazkiak erakutsiko ditu. Abenduaren 16ra arte, Aroztegin.
Arrasate
'Azala-azalaren kontra' delako erakusketa. Gaztesareko Sextabaida gunetik antolatutako erakusketa da; Euskal Herriko gazteen eta sexualitatearen inguruko eztabaidaren harira egindako argazki erakusketa. Hilaren 30era arte, Kulturaten.
Bergara
Nieves Medela arrasatearraren lanak Nahikari tabernan. Arrasateko margolariak olio-lanak zintzilikatuko ditu Nahikariko paretetan.
Azaro bukaerara arte.

Lehiaketak

Bergara
Amodiozko gutunen 16. lehiaketa deitu du Jardunek. Ohikoa den moduan, lan guztiek jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan behar dute. Lehiaketan, 1993an edo lehenago jaiotako edozein pertsonak har dezake parte. Lanek gutun forma izan beharko dute eta DIN A-4 orrian, eskuz zein ordenagailuz idatzita aurkeztu ahal izango dira. Luzera ezin izango da bi orrialde baino gehiagokoa izan. Bestalde, SMS bidezko mezuen lehiaketa ere deitu dute. Argibide gehiagorako deitu Jardun elkartera (943 76 36 61) edo www.jardun.net webgunera ere jo daiteke. Beti bezala, sari banaketa ekitaldia San Valentin egunean, otsailaren 14an egingo dute, kultura etxean. Gutunak aurkezteko mugaeguna da urtarrilaren 6a.

Ikastaroak

Aretxabaleta
Kontakt-inprobizazio ikastaroa antolatu du Jaiki elkarteak. Abenduaren 15ean eta 16an izango da ikastaroa. Trinkoa izango da eta hastapen eta sakontze mailak emango dituzte. Olaff Kehlerrek emango ditu eskolak eta izango dira kirol etxeko gimnasioan. Prezioa da 30 euro langileendako eta 25, gainerakoendako.
Izena eman behar da Aretxabaletako Azkena tabernan hilaren 12a baino lehen. 10 euro aurreratu behar dira.
Bergara
Erakusleiho lehiaketa deitu du Udalak, Gabonen atarian. Herriko denda guztiak hartuko dira aintzat, aurrez izena eman barik. Erakusleihoek egon beharko dute prestatuta abenduaren 12tik urtarrilaren 7ra bitartean.  Erabakia abenduaren 19an emango dute aditzera.
Bergara
Umeen jolasak, kantuak eta ipuinak lantzeko ikastaroa. Umeendako euskal jolasak eta kantuak eta euskarazko ipuin kontaketa lantzeko saioak dira. Eskarien arabera euskaraz edo gaztelaniaz emango dira eskolak. Izenematea da abenduaren 14ra arte.  Izenematea da Udaleko Euskara Zerbitzuan: 943 77 91 31.

Ospakizunak

Arrasate
Gaztaina jana egingo dute Arrasateko Herri Eskolakoek. Arrasateko Herri Eskolako Guraso elkarteak antolatu du eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Gaur, egubakoitza, 17:00etan, Herriko Plazan.

Bestelakoak

Eskoriatza
Gabonetako marrazkia egiteko hitzordua egin dute.   Egin zure Gabonetako marrazkia izenburuarekin marrazkiok egiteko hitzordua egin dute. 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoendako deialdia da. Gero, txokolate jana ere egongo da.  Bihar, zapatua, 16:30ean. Marrazkiak frontoian margotuko dituzte. Txokolatea, berriz, plazan banatuko dute.
Elgeta
Bigarren eskuko azokarako materiala batzen dihardute.  Udalak bigarren eskuko gauzen azoka antolatu du abenduaren 15erako. Hala, etxean ahaztuta ditugun liburu, disko eta jostailuak udaletxera eramateko dei egin dute, nahiz eta bestelakoak ere jasoko dituzten. Udaletxeko teknikariek materiala sailkatu eta gauza bakoitzari prezioa jarriko diote. Azoka egunean batutako dirua Mexikoko Ciudad Juarezko emakume elkartearendako izango da.  Abenduaren 13ra arte batuko dute materiala.
Oñati
Arrikrutz kobazuloa ezagutzeko bisitaldiak. Azaroarekin batera ordutegi berria du Arrikrutz kobak. Hain justu, otsailera bitartean, 10:00-14:00 eta 15:00-17:00 ordutegian sartu ahal izango da kobazulo barrura. Prezioari dagokionez, helduek 8 euro ordaindu beharko dituzte; erretiratu eta 5 eta 10 urte bitarteko haurrek, 6 euro; eta 0 eta 4 urte bitartekoek, berriz, doan dute. Taldeei dagokienez, 6 euro ordainduko dute, gutxienez 15 lagunekoak baldin badira.
Aurrez txanda hartzeko deitu 943 08 20 00 edo 943 25 10 24 zenbakira.

Euskararen Eguna

Debagoiena

 

Euskararen Egunerako ekitaldi ugari antolatu dituzte. Abenduaren 3an, astelehena, Euskararen Eguna izango da. Horren harira, euskalgintzan diharduten ibarreko taldeek eguna ospatzeko eta euskararen normalizazioa aldarrikatzeko askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Ekitaldiok bihar, zapatua, eta astelehenean egingo dituzte, herriaren arabera. Arrasaten, esaterako, grafiti erakustaldia egingo dute eta gaztaina erreak emango dituzte bihar Herriko Plazan, 17:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak