Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2009ko urtarrilaren 9a

Gabonen ostean ere ez du etenik ibarreko kultur eskaintzak. Hemen duzue aste bukaeran izango diren ekintzen berri.

Musika

Arrasate
> Punk-rock jaialdia gaur gauean
Arrasateko 3.60 aretoan
Subversion X eta Disturbio taldeek emanaldia egingo dute gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan. Haiekin batera Sospechosos talde oñatiarra izango da. Musikal Lazkano eta Ekaitz (Arrasate), Boga (Oñati) eta Etxagin (Bergara) sarrerak salgai.

Antzerkia

Bergara
> Virginia Imazen 'Encantadas' gaur Zabalotegin
Gaur, egubakoitza, Zabalotegiko aretoan, 22:30ean. Sarrera. 5 euro.

Erakusketak

Elgeta
> Aitor Aulestiarteren 'Begiradak' Espaloian
Aitor Aulestiarte argazkilariaren lanak Espaloia Kafe Antzokian.
Espaloian, hilaren 30era arte.

Bergara
> 'Azur'-en argazkiak Bergarako Artekale pizzerian
Azur bergararraren hainbat lan daude ikusgai Artekale pizzerian; Euskal txokoak postal bildumako jatorrizko argazkiak dira.
Erakusketa urtarrilaren 31ra arte dago ikusgai.

Bergara
> Taila eta zeramika lanak Aroztegiko aretoan, domekara arte
Zeramika eta taila kolektiboetako kideek erakusketa jarri dute Aroztegin. Hain zuzen ere, Bergarako Taila Elkarteko eta Buztinzaleko lagunek 40 bat lan ekarri dituzte Barrenkaleko aretora. Erakusketa domekara arte dago zabalik.

Arrasate
> Baserriko lanabesen erakusketa Kulturaten
Santamas Komisiñuek antolatuta, eguenera arte, hilaren 15era arte. Bixente Pagoaga dihardu gidari lanetan.

Aretxabaleta
> 'Birziklatuz sortu' erakusketa ibiltaria
Birbira talde nafarrak birziklatutako hondakinekin erakusketa jarri du Arkupe kultura etxean, Ingurumen Hilabeteren barruan. Antolatzaileen asmoa da hondakin kontzeptuaren gaineko hausnarketa bideratuz sormena lantzea.
Erakusketa urtarril osoan, Arkupen.

Lehiaketak

Arrasate
> Film labur lehiaketa deitu du Emakume Txokoak
Arrasateko Emakume Txokoak Labur-Laburrak film labur lehiaketa antolatu du, eta emakumeenganako biolentzia da gaia. Lan guztiak DVD euskarrian bakarrik aurkez daitezke, eta gutun-azal batean, lanaren eta egilearen gaineko datuak idatzi beharko dira. Gehienezko iraupenak 5 minutukoa izan behar du.
Lanak entregatzeko epea ekainaren 22ra arte dago zabalik.

Antzuola
> Trikitixa Egunerako logotipo lehiaketa deitu dute
2009ko Trikitixa Egunerako logotipoa aukeratzeko lehiaketa deitu dute antolatzaileek. Edozeinek parte har dezake. Derrigorrez sartu beharreko esaldia hauxe da: Deba Goieneko Trikitixa Eguna 2009, apirilak 25, Antzuola. Norberak nahi beste lan egin ditzake, euskarri digitalean eta paperean, gutun-azal eta goitizen sistemaren bidez. Antzuolako Udal Kultura Batzordera bidali behar dira lanok. 200 euroko saria emango dute.
Argibide gehiago Udaleko Kultura batzordean, 943 76 62 46 telefonoan.

Aretxabaleta
> Kartel lehiaketa Aratusteak iragartzeko
Aratusteak iragarriko dituen kartela hautatu gura du Kultura Sailak. Honako baldintza hauek bete beharko dira: neurria 50x70 zentimetrokoa izango da, eta ordenagailuan eginez gero, DIN-A3an aurkez daiteke. Eta derrigorrez testu hau izan behar du: Aratusteak Aretxabaleta 2009. Irabazleak 300 euro jasoko ditu.
Lanak urtarrilaren 23ra bitartean jasoko dituzte Arkupe kultura etxean.

Zinema

Aretxabaleta
> Zine Ekologikoa eta adituen hitzaldiak astero
Zor ekologikoaren gainean ondoko filmak emango dituzte hilaren 14an: Nork nori zor eta Plantando carbono cosechamos miseria. Emanaldiaren aurretik Iñaki Barcenaren hitzaldia izango da. Urtarrilaren 21ean klima aldaketa izango dute berbagai Carlos Alonso aditua lagun, eta itxaropenerako biderik badagoela erakutsiko duen filma emango dute: Reclain Power. Azkenik, hilaren 28an, Martin Mantxoren eskutik, energia-petrolioa izango da aztergai, Crudo despertar filmaren laguntzaz.
Eguaztenero, Arkupen, 19:00etan.

Debagoiena

> Zinema emanaldiak Aretxabaletan, Bergaran, Arrasaten, Oñatin, Elgetan eta Aramaion

  • Aretxabaletan, 007 Quantum of solace. Gaur eta bihar, zapatua, 22:00etan, Arkupen; domekan, 19:30ean; eta astelehenean, 16:00etan. Domekan, 17:00etan, High School Musical 3.
  • Bergaran, No es país para viejos zapatuan, 19:30ean eta 22:30ean, eta domekan, 19:30ean; bihar Kung Fu Panda 17:00etan eta domekan, ordu berean, Bee Movie.
  • Arrasaten, Amaia antzokian, Quemar después de leer; zapatuan 19:30ean eta 22:00etan, domekan 19:30ean eta astelehenean 20:30ean.
  • Oñatin, La buena nueva gaur eta bihar 22:30ean; domekan, 19:30ean eta 22:30ean, eta astelehenean 19:30ean. Zapatuan eta domekan, 17:00etan, Olentzero eta oparien eguna.
  • Elgetan, Doraemon domekan, 17:30ean, Espaloian.
  • Aramaion, gaur, Cartas desde Iwo-Jima, 22:15ean kultura etxean. Domekan, Colegas en el bosque II, 17:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak