Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko aza. 28a, 13:23
Aste bukaera iritsi da eta ekintzaz gainezka dator gainera. Gaur, Espaloian Danbakako laugarren kontzertua egingo da 22:30ean. Zapatuan eta domekan ere musikaz, antzerkiaz eta azokaz gozatzeko aukera dago ibarrean. Hemen duzue prestatutako egitarau zabala:

Musika

elgeta
> Danbaka lehiaketako laugarren kontzertua, gaur
Danbaka musika lehiaketako laugarren kontzertua izango da gaur, egubakoitza. Honako talde eta bakarlariek joko dute: Foxy Boxxi (Arrasate), Igor San Juan (Aretxabaleta), Norman (Eibar-Ondarroa) eta Hilbete (Durango).
Gaur, egubakoitza, Espaloia antzokian, 22:30ean.

 eskoriatza
> Inkernu tabernaren agur jaialdia izango da bihar, zapatua
Inkernu tabernan musika maratoia izango da bihar, zapatua, 19:00etan hasita. Honakoek joko dute: Mery May, Petti, Mahaster River, Skovers, Show Business, 5 Twisters, Barua banda, Sweet rockers… Sorpresak ere egongo dira.


oñati
> Orereta Abesbatzak emanaldia egingo du bihar, zapatua
Oñatiko Ganbara Abesbatzak Ganbara Txikiren urteurren egitarauan gonbidatuta, Errenteriako Orereta Abesbatzak emanaldia egingo du zapatuan. Jose Luis Antsorenak sortu zuen talde hori 1968an. Imanol Elizasuk zuzentzen du gaur egun.  Bihar, zapatua, Santa Ana antzokian, 19:00etan.

oñati
> Organo eta tronpeta kontzertua egingo dute bihar
Mila Osinalde organo-joleak eta Jon Aramendi tronpeta-joleak kontzertua egingo dute bihar, zapatua, mezaren ondoren.
Bihar, zapatua, parrokian, 20:00etan.

arrasate
> Los Gramones tributu taldeak kontzertua egingo du
The Ramones taldearen tributu talde Los Gramonesek kontzertua egingo du. Talde horren estetika imitatzen dute, batez ere, It's alive (1976) diskoari dagokiona.
Gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan, 23:00etan.

bergara
> Disko-jartzaileek jardungo dute Ziripot tabernan
Honako DJek joko dute Ziripot tabernan: DJ Dubby KPK (gaur, egubakoitza) eta Munlet + Laida DJ (bihar, zapatua).
Gaurko emanaldia 23:00etan hasiko da; biharkoa, 22:00etan.

bergara
> Anestesia eta Itaka taldeak, Txapa Irratiaren eskutik
Txapa Irratiak Anestesia eta Itaka taldeen kontzertua antolatu du biharko, zapatua. Anestesia 1988an sortu zen Zarautzen. Mikel Kazalis (gitarra eta ahotsa), Dani (baxua), Ibon (bateria) eta Beloki (bateria) dira oraingo kideak. Trash indartsua eta astuna egiten dute.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 23:00etan.

Antzerkia

arrasate
> Angel Miralles aktoreak emanaldia egingo du
Angel Mirallesek umorezko bakarrizketa egingo du Iamai kafetegian.
Gaur, egubakoitza, Kontzezino kaleko Iamai kafetegian, gauerdian.

antzuola
> 'Elefante bitxia' delako txotxongilo emanaldia
Rosa Martinezek Elefante bitxia delako txotxongilo emanaldia egingo du.
Gaur, egubakoitza, Olaran etxean, 17:00etan.

bergara
> Leire Iruin kontalariak emanaldia egingo du gaur
Irakurri kanpainaren barruan, Leire Iruin kontalariaren saioa izango da haur liburutegian. 4-6 urte artekoei ipuinak kontatuko dizkie, 45 bat minutuko saioan.
Gaur, egubakoitza, haur liburutegian, 17:45ean.

arrasate
> 'El barberillo de Lavapies' zarzuelaren azken emanaldiak
Izaskun Murgia elkarte lirikoak El barberillo de Lavapies zarzuelaren azken bi emanaldiak egingo ditu, gaur, egubakoitza, 20:00etan, eta bihar, zapatua, 19:30ean.
Amaia antzokian.

arrasate, aretxabaleta eskoriatza
> Autobus zerbitzu berezia Pirritx eta Porrotx ikusteko
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako autobus zerbitzu berezia antolatu du Udalak. Arrasaten, Zigarrola, Garibai eta San Andresen geldituko da, 16:00etan, 16:20ean, 16:30ean eta 16:45ean; Aretxabaletan, Erdigunetik eta Portasoletik, bost minutu geroago; eta Eskoriatzan, Intxaurtxuetan eta Estankoan geldituko da, handik hamar minutura. Bihar, zapatua.

bergara
> Angel magoak emanaldia egingo du bihar, zapatua
Angel magoaren emanaldia egongo da bihar, zapatua, Osintxun. Kutxak lagundutako ekitaldia da.
Bihar, zapatua, Osintxuko ludotekan, 17:00etan.

aretxabaleta
> 'Euskara sencilloaren manifiestoa' antzezlana ikusgai
Euskara sencilloaren manifiestoa delako antzezlana egingo dute Ez Dok Hiru Bikoteatroa taldeko Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek. Euskara ikasten dabiltzan bi lagunen gorabeherak eta aldarrikapenak kontatzen ditu, umore tonuan.
Martitzenean, hilak 2, kultura etxeko Zaraia aretoan, 19:00etan.

Ospakizunak

arrasate

> San Andres auzoko I. feria egingo dute bihar, zapatua. San Andres Gastronomiko-Kultural Ferixie delakoa antolatu dute auzotarrek, aurten lehenengoa. Errioxa, Aragoi, Extremadura, Torrelavega, Galizia, Gaztela eta Leon, Laudio eta Leintz Gatzagako taldeak eta Ekineko emakumeak egongo dira Gudari plazan egun osoan; Aragoikoek Espainiako urdaiazpiko ebakitze txapeldunordea ekarriko dute. Folklore emanaldiak ere egongo dira. Bihar, zapatua, San Andresko Gudari plazan, egun osoan.

arrasate
> AEDko sortzaileei eta sustatzaileei eta Arrasateko herriari omenaldia
AED elkartearen 25. urteurreneko ospakizunen artean, omenaldia antolatu dute eguaztenerako, hilak 3, Euskararen Eguna. Erakunde ekitaldia izango da, eta txalaparta emanaldia, Goikobalu, dantzariak… Kulturaten izango da, 19:00etan.


aretxabaleta
> Gaztaina-erre eguna ospatuko dute Pausokan
Pausoka haur eskolako ume, irakasle eta gurasoek gaztaina-erre eguna ospatuko dute gaur, egubakoitza. Gaztainak erreko dituzte eskolako patioan.
Gaur, egubakoitza, Pausoka haur eskolan, 10:30ean.


oñati
> Gaztaina erreak jango dituzte Pake Lekuko kideek
Gaztaina-erre jana antolatu dute gaurko Pake Lekuko erretiratuek euren egoitzan.
Gaur, egubakoitza, Pake Leku erretiratuen egoitzan, 18:00etan.

antzuola
> Euskararen Eguneko ekitaldiak etzi, domeka
Abenduaren 3a Euskararen Eguna dela eta, hainbat
ekitaldi egongo dira etzi, domeka, Gaztetxokoen parte-hartzearekin.
Etzi, domeka, Zurrategin, 19:00etan.

bergara
> Kultura asteko azken egunak Mizpirualde egoitzan
Mizpirualdeko egoiliarrek honako ekintzak izango dituzte: gaur, egubakoitza, Imanol magoaren emanaldia (17:00) eta Moises Aspiazu dantza taldearen emanaldia (18:30); eta bihar, zapatua, meza, koruak abestuta (11:45) eta bazkaria, Alai taldearekin, dantzaldiarekin, sari banaketarekin eta opari zozketarekin.
Ekintza nagusiak bihar, zapatua.

arrasate
> Gaztaina-erre jana, Euskararen Egunaren aitzakira
Bihar, zapatua, gaztaina-erre jana egingo du Txatxilipurdik plazan, 17:30ean; dirua Nafarroako euskara elkarte batendako izango da. Abenduaren 3an, Euskararen Eguna, karaokea, Mihi Luze lehiaketa… izango dira Biteri plazan.
Bihar, zapatua, Herriko plazan, 17:30ean.

oñati
> San Martin egoitzako nagusiek eta senideek, bazkaria
San Martin nagusien egoitzakoek eta senideek batera bazkaltzeko aukera dute bihar, zapatua.
Bihar, San Martin egoitzan.

Bestelakoak

bergara
> Dantza erakustaldia, Moises Aspiazu eta Oreretako Beti-prest taldeekin
Bergarako Moises Aspiazu eta Oreretako Beti-prest taldeek hainbat dantza egingo dituzte bihar, zapatua, pilotalekuan, 19:30ean: fandangoa, arin-arina, polka, kalejirak, taldeko dantzak… 67 bat dantzarik jardungo dute.

bergara
> Bergarako film laburren lehiaketako lanak eta sariak
III. Bergarako Film Laburren lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta filmak emango dituzte.
Gaur, egubakoitza, Zabalotegi aretoan, 19:00etan.

arrasate
> AHTren gaineko bideo emanaldia izango da gaztetxean
AHT: Zer ari zaizkigu ezkutatzen? delako bideoa emango du AHT Gelditu! Elkarlanak Arrasateko gaztetxean.
Etzi, domeka, 18:30ean.

bergara
> Indiaren gaineko ikus-entzunezkoa, Jon Anduezak
India; 21 egun, hamaika bizipen delako ikus-entzunezkoa emango du Jon Anduezak Osintxun.
Gaur, egubakoitza, Osintxuko ludotekan, 19:00etan.

Erakusketak

eskoriatza
> Euskarazko jostailuen erakusketa ipiniko dute
Urtero bezala, jostailu erakusketa antolatu du Eskoriatzako Udalak.
"Gabonetako publizitate zoroari" aurre egiteko planteatzen dute. Gurasoendako eta umeendako interesgarri izan daitezkeen jostailuak ipiniko dituzte erakusketan. Hezitzaile bat egongo da azalpenak ematen. Abenduaren 1etik 3ra, kultura etxeko erakusketa gelan, 17:00-20:00.


antzuola
> Argazki lehiaketako lanak ikusteko aukera Olaranen
Herriko argazki lehiaketako lanak erakusketan ipiniko dituzte bihar, zapatua, eta etzi, domeka, Olaran etxean. Horrez gain, domekan sari banaketa ekitaldia egingo dute, 19:30ean.
Bisita ordutegia: zapatuan eta domekan, 12:30-14:00 eta 18:30-20:30.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak