Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko aza. 21a, 09:55
Aste bukaera ekintzaz gainezka dator. Badago zerekin gozatu gaur eta aste bukaera osoan: musika, erakusketak, ospakizunak, jaiak edota antzerkiaz besteak beste. Hemen duzue prestatutako kultura agenda:

Musika

arrasate
> Arrasate Musikaleko bandak kalejira egingo du
Arrasate Musikaleko bandak kalejira egingo du gaur, egubakoitza.
Pieza hauek joko dituzte: Egun da Santimamiñe eta Ikusi mendizaleak. Zuzendari berria du bandak: Mikel Markiegi, eskolako tronboi irakasle ere badena.
Gaur, egubakoitza, 19:30ean hasita.

oñati
> Donostiako Orfeoi Txikiak emanaldia egingo du etzi, domeka
Donostiako Orfeoi Txiki Abesbatzak emanaldia egingo du etzi, Santa Ana antzokian, 19:00etan, eta sarrerak salgai daude kultura etxean. Isabel Manteconek eta Esteban Urtzelaik zuzenduta, pieza erlijiosoak, herrikoiak… abestuko dituzte.

arrasate
> 'El barberillo de Lavapiés' zarzuela estreinatuko dute
Francisco Asenjok konposatu eta Luis Mariano de Larrak idatzitako El barberillo de Lavapiés zarzuela estreinatuko du Izaskun Murgia elkarte lirikoak bihar, zapatua, Amaian. Lau emanaldi egingo dituzte: bihar, zapatua, eta etzi, domeka, 19:30ean, eta datorren zapatuan, hilak 28, 20:00etan, eta domekan, hilak 29, 19:30ean. Argazkian, iazko zarzuela.
Emanaldiak bihar, zapatua, eta etzi, domeka, 19:30ean.
elgeta
> Esne Beltza taldeak doako kontzertua egingo du
Euskal Telebistak antolatuta, Xabier Solanok gidatzen duen Esne Beltza taldeak kontzertua egingo du gaur, egubakoitza.
Sarrera doan da.
Gaur, Espaloia antzokian, 22:30ean.

oñati
> Eibarko Sostoa eta Oñati abesbatzen emanaldia
Oñati abesbatzak eta Eibarko Sostoa abesbatzak kontzertua egingo dute agustindarren elizan, ohiko mezaren ondoren.
Bihar, zapatua, meza eta gero.

arrasate
> The Casualties eta Krum Bumbs taldeak, zuzenean
AEBetako bi taldek joko dute 3.60 aretoan. The Casualties (New York) eta Krum Bums (Texas).
The Casualties hardcore
eta streetpunk doinuak egiten dituen taldea da eta
euren abestietan gai politikoak lantzen dituzte, batik bat.
Krum Bums taldekoek ere punk eta hardcore doinuak ekarriko dituzte, eta Hernaniko Afoniakoek, punka.
Bihar, zapatua, 3.60 aretoan, 22:30ean.


oñati
> Oñatiko musika bandak kontzertua egingo du
Udal musika bandaren kontzertua entzuteko aukera izango da etzi.
Etzi, domeka, Santa Ana antzokian, 12:30ean.

elgeta
> Juan Carlos Perez musikariak kontzertua egingo du
Juan Carlos Perez musikariaren emanaldia egongo da etzi, domeka.
Etzi, domeka, Espaloia antzokian, 20:00etan.

eskoriatza
> Santa Zeziliaren omenezko emanaldia egingo du bandak
Santa Zezilia, musikaren zaindaria omentzeko, emanaldi berezia egingo du herriko musika bandak.
Bihar, zapatua, elizan, 20:00etan.


bergara
> Santa Zeziliaren omenezko bandaren kontzertua
Musikaren zaindari Santa Zezilia omentzeko, Bergarako bandak kalejira eta kontzertua egingo ditu etzi, domeka.
Etzi, domeka, pilotalekuan, 12:30ean.

Erakusketak

antzuola, elgeta
> Hiesaren inguruko erakusketa bisitatzeko aukera
Hiesaren inguruko kartel erakusketak egongo dira. Antzuolan, bihar, zapatua, eta etzi, domeka, izango da Olaranen, 12:30-14:00 eta 18:30-20:30. Bestetik, Elgetako Udalak Espaloia antzokian ipiniko du eguaztenean. Abendura arte egongo da ikusgai.
Antzuolan, aste bukaeran dago zabalik; Elgetan, eguaztenean hasita.

 

bergara
> Manu Muniategiandikoetxearen erakusketa, oraindik datorren astean
Manu Muniategiandikoetxeak azaroaren 30era arte izango du zabalik Nahiaren eta ezinaren delako erakusketa Aroztegi aretoan. Margolanak, ispilu bat, ikus-entzunezko bat… horiek dira erakusketaren osagaiak.


gasteiz
> Iñaki Jauregialtzo oñatiarrak erakusketa zabalduko du gaur
Iñaki Jauregialtzo artista oñatiarrak zeramika erakusketa inauguratuko du gaur, egubakoitza, Juan Lopez de Aelen Galería Itinerante arte espazioan (Zapateria, 79). Ekitaldia 20:00etan izango da.
Erakusketa zabalik dago abenduaren 20a arte, astelehenetik zapatura,
19:00etatik 21:00etara.

arrasate
> Oñatin bizi den Joxan Iza bergararrak erakusketa ireki du
Bergaran jaio baina azken 20 urteotan Oñatin bizi den Joxan Iza margolariak erakusketa dauka Arregi arte galerian (Maalako Errebala, 8). Abenduaren 4a arte dago zabalik.
Bisita ordutegia: astegunetan, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00.


oñati
> 'Uraren alde… tantaz tanta aurrera' delako erakusketa
Uraren alde… tantaz tanta aurrera. Ura neurrian, elkartasuna gainezka delako erakusketa irekiko dute gaur, egubakoitza, kultura etxean, eta hilaren 29a arte egongo da zabalik. Gurutze Gorriak antolatzen du. Bisita ordutegia: egunero, 18:30-20:30.

arrasate
> Naturaren gaineko argazki erakusketa irekiko dut gaur
Naturaren argazkilariak 2008 izenburuarekin, erakusketa irekiko dute gaur, egubakoitza, Kulturaten.
Abenduaren 10a arte dago zabalik.

bergara
> Juanjo Altunaren ikasleek erakusketa ipiniko dute
Juanjo Altunarekin margogintza ikasten jardun duten herritarrek erakusketa irekiko dute gaur, egubakoitza, kultura etxean. Hilaren 28a arte egongo da zabalik.
Bisita ordutegia: astegunetan,
18:00-21:00; zapatuetan: 12:00-14:00.

bergara
> Xanti Arrietak erakusketa ipini du Nahikari tabernan
Xanti Arrieta margolari, eskultore eta zeramikagile bergararrak erakusketa ipini du Masterreka kaleko Nahikari tabernan.
Azaro osoan egongo da ikusteko aukera.

aretxabaleta
> Uraren inguruko erakusketa egongo da kultura etxean
Ura, bizi iturri izenburuarekin, erakusketa dago Arkupe kultura etxean azaro osoan.
Bisita ordutegia: 11:00-13:00 eta
18:00-20:00.

Antzerkia

arrasate
> Umore eta magia emanaldia, gaur Iamai kafetegian
Toño magoak umorea eta magia uztartzen dituen emanaldia egingo du.
Gaur, egubakoitza, Kontzezino kaleko Iamai kafetegian, gauerdian.

aretxabaleta
> Umeendako zirku ikuskizuna izango da bihar
Xabi Larreak zirku emanaldia egingo du bihar, zapatua, umeendako. Sarrera 5 euro da.
Bihar, zapatua, kultura etxeko Zaraia aretoan, 17:00etan.

bergara
> Leire Iruin kontalariak emanaldia egingo du gaur
Irakurri kanpainaren barruan, Leire Iruin kontalariaren saioa izango da haur liburutegian. 4-6 urte artekoei ipuinak kontatuko dizkie, 45 bat minutuko saioan.
Gaur, egubakoitza, haur liburutegian, 17:45ean.

aretxabaleta
> Patxika Lamourren antzezlana izango da gaur
Patxika Lamourrek Nik egin beharko delako antzezlana egingo du, helduei zuzenduta. Sarrera 10 euro da. Gaur, egubakoitza, kultura etxean, 22:00etan.

Ospakizunak

bergara
> Kultura astea ospatuko dute Mizpirualde egoitzan
Mizpirualdeko egoiliarrek honako ekintzak izango dituzte: astelehenean, hilak 24, karta txapelketa (17:00) eta musika eskolako saxo, txistu eta klarinete taldeen emanaldia (18:30); martitzenean, hilak 25, toka eta txantxiku txapelketa (17:00) eta musika eskolako txikien abesbatza eta akordeoi eta biolontxelo taldeen emanaldiak (18:30); eguaztenean, hilak 26, bingoa eta opari zozketa (17:00) eta musika eskolako gitarra eta trikiti taldeen emanaldia (18:30); eguenean, hilak 27, modu positiboan pentsatzearen gaineko hitzaldia (16:45) eta musika eskolako flauta eta biolin taldeen emanaldia (18:30).
Ekintza gehiago izango dira azaroaren 29a arte.

Lehiaketak

bergara
> XVII. Amodiozko Gutunen Lehiaketa deitu du Jardunek
XVII. Amodiozko Gutunen Lehiaketako deialdia egin du Jardun euskara elkarteak. 1993an edo lehenago jaiotako edozeinek parte har dezake, jatorrizko eta inoiz argitaratu gabeko gutunekin. Honako helbideetara bidal daitezke lanak: posta arruntez, Amodiozko Gutunen XVII. Lehiaketa; Jardun elkartea, Errotalde jauregia z/g; 20570 Bergara. Posta elektronikoz: amodiozkogutunak@euskalerria.org.
Honako sariak emango dituzte: 500 euro, gutun onenarendako; 250, bigarrenarendako; 150, bergarar onenarendako; eta 100 euro, 26 urtetik beerako onenarendako.
Argibide gehiago, www.jardun.net webgunean edo 943 76 08 19 telefono zenbakian.
Mugaeguna urtarrilaren 6a da.

Bestelakoak

elgeta
> 'Che'-ren bidearen gaineko ikus-entzunezkoa emango dute
Hego Amerika motoan Che-ren bidetik delako ikus-entzunezkoa emango du Angel Cuerdok, Udalak antolatutako emanaldian.
Eguenean, Espaloian, 20:00etan.

bergara
> II. Patataren Feria ospatuko dute bihar, zapatua, San Antonion
San Antonioko Gure Ametsa elkarteak antolatuta, bigarren urtez, Patataren Feria egingo dute bihar, zapatua. 17 postu ipiniko dituzte hainbat produkturekin, eta patatak errioxar erara prestatzeko lehiaketa egongo da. 11:30ean hasiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak