Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko azaroaren 14a

Aste bukaera iritsi da eta ekintza ugarirekin gozatzeko aukera dago gure ibarrena. Gaur, barikua, Danbakako hirugarren kontzertua egingo da Espaloian, 22:30ean. Zapatuan eta domekan ere musika eta makina bat kultura ekintza izango dira. Hona hemen aste bukaerako kultura agenda:

Musika

elgeta
> Danbaka lehiaketako hirugarren kontzertua, gaur
Danbaka musika lehiaketako hirugarren kontzertua izango da gaur, egubakoitza. Honako taldeek joko dute: Los Viernes al Ron (Antzuola), Bitter Honey (Arrasate), Army-Arma (Zornotza) eta Brankan (Berriz-Markina). Gaur, egubakoitza, Espaloia antzokian, 22:30ean.

bergara
> Su Ta Gar taldeak zuzenekoa egingo du Jam aretoan
Su Ta Gar taldeak bere lehen kontzertua egin zueneko 20 urte bete ziren abuztuaren 14an. Hori ospatzeko, 20. Urtebetetze Ospakizun Bira egiten dihardu taldeak. Bada, bira horretako bigarren emanaldia Bergarako Jam aretoan izango da, bihar, zapatua, Jam aretoan. Sutazale guztiendako, aspaldian jo ez dituzten abesti asko entzuteko aukera izango da biharkoa.
Bihar, zapatua, Jam aretoan, 20:00etan; sarrera, 12 euro.

oñati
> '13 taupada' diskoa aurkeztuko du Sharon Stoner taldeak gaur
Oñatiko Sharon Stoner taldeak 13 taupada disko berria aurkeztuko du gaur Oñatin. 18:30ean, Xagu tabernan diskoa salgai eta entzungai izango da eta luntxa emango dute; 22:30ean, Ona tabernan kontzertua egingo dute.

arrasate
> Losdelgas taldeak kontzertua egingo du 3.60 aretoan
Losdelgas taldeak emanaldia egingo du gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan. Belladona eta Trainsalpine Boys taldeek ere joko dute. Gaur, egubakoitza, 3.60an, 22:30ean.

eskoriatza
> 'Une akustikoak' diskoa aurkeztuko du Keu Agirretxeak
Inkernu tabernaren despedida egitarauaren barruan, Keu Agirretxeak Une akustikoak delako diskoa, bere lehen akustikoa, aurkeztuko du gaur, egubakoitza. Zazpi abesti batu ditu bizkaitarrak lan horretan. Gaur, egubakoitza, Inkernun, 22:30ean.

arrasate, aramaio
> Santa Zezilia ospatzeko ekintzak Arrasate Musikalek
Santa Zezilia eguna ospatzeko, honako ekintzak egingo ditu Arrasate Musikalek: etzi, domeka, txistularien kontzertua Aramaioko Gantzaga auzoko elizan, 12:00etan; 11:00etako mezan ere parte hartuko dute. Bestetik, martitzenean, hilak 18, Nafarroako Kutxan kontzertua egingo dute ikasleek, 18:00etan. Ekitaldi gehiago izango dira datorren egubakoitzean, hilak 21.


bergara
> Donato Goienetxe eta Xabier Arakamaren emanaldia
Zabalotegi aretoaren inaugurazio ekitaldien barruan, Donato Goienetxe eta Xabier Arakamaren trikiti eta perkusio kontzertua izango da.
Bihar, zapatua, Zabalotegin, 19:30ean.

arrasate
> Stoner musika jaialdia izango da 3.60 aretoan
Stoner estiloko honako taldeek joko dute: Kaliforniako Brant Bjork & The Bros-ek eta Cobrak.
Etzi, domeka, 3.60 aretoan, 20:00etan.

oñati
> Astulezek zuzendutako Kantika abesbatza
Basilio Astulezek zuzentzen duen Leioako Kantika abesbatzak emanaldia egingo du bihar, zapatua, Ganbara Abesbatzak gonbidatuta, Ganbara Txikiren 5. urteurreneko ospakizunen barruan. Sarrerak salgai daude kultura etxean, 5 eurotan.
Kontzertua baino ordu bete lehenago eta baita ondoren ere, urteurreneko erakusketa ikusteko aukera izango da.
Bihar, zapatua, Santa Ana antzokian, 19:00etan.

eskoriatza
> Ez! musika taldeak zuzeneko emanaldia egingo du
Ez! Oñatiko musika taldeak kontzertua egingo du Aldatz tabernan.
Bihar, zapatua, 19:00etan.

bergara
> Hainbat disko-jartzaile ibiliko dira GoJam aretoan
Kogollo Party Krew-ren eskutik, honako DJek girotuko dute gaua GoJam aretoan: Departure Brothers, Diego Casares, Xarlene VJ, Ene! Fari eta Balza. Sarrera 10 euro da.
Bihar, zapatua, GoJamen, gauerdian.

> Epica taldeak kontzertua egingo du Jamen
Epica taldearen zuzeneko emanaldia egongo da bihar, zapatua.
Sarrerak 22 eurotan salduko dituzte, bai aldez aurretik, bai txarteldegian.
Bihar, Jam aretoan, 20:00etan.

bergara
> Disko-jartzaileek jardungo dute Ziripot tabernan
Honako disko-jartzaileen emanaldiak izango dira Ziripot tabernan: Ene (live) & Departure Brothers & Diego Casares, gaur, egubakoitza; eta Alkate (klorofila) & Koldo Intermusic, bihar, zapatua.
Emanaldiok 23:00etan hasiko dira.


bergara
> Presoen aldeko kontzertua izango da bihar gaztetxean
Presoen aldeko kontzertua egingo dute Keike eta Nun taldeek.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 22:00etan.

arrasate
> Belceblues taldeak diskoa aurkeztuko du zuzenekoan
Bergarako Belceblues jazz eta blues taldeak Infer bere estreinaldi diskoa aurkeztuko du zuzeneko emanaldi baten, Gure-Leku tabernan.
Etzi, domeka, Gure-Lekun, 19:00etan.

Erakusketa

arrasate
> Oñatin bizi den Joxan Iza margolari bergararrak erakusketa ireki du
Bergaran jaio baina azken 20 urteotan Oñatin bizi den Joxan Iza margolariak erakusketa dauka Arregi arte galerian (Maalako Errebala, 8). Abenduaren 4a arte dago zabalik, astelehenetik egubakoitzera, 09:00-13:00 eta 16:00-20:00.

Zinema

arrasate
> XIX. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko bi film luze, Amaian
Donostian bukatu berri den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemako Asteko Millennium Actress eta Déjame entrar (publikoaren saria irabazi duena) filmak emango dituzte gaur, egubakoitza, Amaia antzokian, 19:30ean hasita.

Antzerkia

aretxabaleta
> 'Sexo gratis' antzezlana ikusteko aukera dago gaur
Txirene taldeak Sexo gratis delako umorezko antzezlana egingo du. Sarrera 10 euro da.
Gaur, egubakoitza, kultura etxean, 22:00etan.

aretxabaleta
> Moronda eta Lironda pailazoen emanaldia, asteburuan
Moronda eta Lironda pailazoek emanaldia egingo dute bihar, zapatua. Sarrera doan da.
Bihar, zapatua, kultura etxean, 17:00etan.

arrasate
> Santa Marinako liburutegian, ipuin kontaketa saioa
Santa Marinako auzo liburutegian, ipuin kontaketa saioa egongo da. Pello Añorgak 4 eta 6 urte artekoei kontatuko dizkie ipuinak.
Eguaztenean, hilak 19, 18:00etan.

arrasate
> 'Haritzaren azalera zehatza' antzezlana, helduendako
Kukubiltxo taldeak 30 urtean helduei zuzendutako bere lehenengo antzezlana egingo du: Haritzaren azalera zehatza. Norbere identitatea osatzen duen kulturaren mundura egindako bidaia da, eta Saioa izeneko neskatila itsua da bidaiaria.
Etzi, domeka, Amaia antzokian, 19:30ean.

arrasate
> Umorezko bakarrizketa eta musika emanaldia
Martín Lunak musika eta umore emanaldia egingo du gaur, egubakoitza.
Gaur, Iamai kafetegian, gauerdian.

bergara
> Umeendako ipuin kontaketa emanaldia egongo da
Leire Iruin kontalariak ipuinak kontatuko dizkie 4 eta 6 urte arteko umeei.
Gaur, egubakoitza, haur liburutegian, 17:45-18:30.

Ospakizunak

arrasate
> Gaztaina-jana egongo da gaur, egubakoitza, plazan
Arrasateko Herri Eskolako Guraso Elkarteak antolatuta, gaztaina erre-jana egongo da gaur, egubakoitza. Herriko ume eta guraso guztiak daude ekintza horretara gonbidatuta.
Gaur, egubakoitza, Arrasateko plazan, 17:00etan.

oñati
> San Martinak ospatuko dituzte San Martingo gaztetxean
Honako ekintzak antolatu dituzte: gaztetxearen gaineko bideoa (Pako taberna, 18:00); triki-kalejira (Pakotik gaztetxera, 18:30); gaztain-jana eta txorizoa gaztetxean; puzker txapelketa (20:00) eta triki-kontzertua (20:30). Bihar, zapatua, Pako tabernan eta gaztetxean.

antzuola
> Gaztaina erre eguna ospatuko dute etzi, domeka
Gaztaina erreak jateko aukera izango da etzi, domeka, egingo duten jaialdian.
Etzi, herriko plazan, 18:30ean.

Lehiaketak

bergara
> XVII. Amodiozko Gutunen Lehiaketa deitu du Jardunek
XVII. Amodiozko Gutunen Lehiaketako deialdia egin du Jardun elkarteak. 1993an edo lehenago jaiotako edozeinek parte har dezakete. Honako helbideetara bidal daitezke lanak: Amodiozko Gutunen XVII. Lehiaketa; Jardun elkartea, Errotalde jauregia z/g; 20570 Bergara. Posta elektronikoz: amodiozkogutunak@euskalerria.org. Sariak hauek dira: 500 euro, gutun onenarendako; 250, bigarrenarendako; 150, bergarar onenarendako; eta 100 euro, 26 urtetik beerako onenarendako. Argibide gehiago, www.jardun.net webgunean edo 943 76 08 19 zenbakian.
Lanak bidaltzeko mugaeguna urtarrilaren 6a da.

bergara
> Uberako jaien inguruko logotipo lehiaketa deitu dute
Uberako jaietarako zapiaren logotipoa aukeratzeko lehiaketa deitu du hango jai batzordeak, Uberan jaio edo bizi direnendako, zein Uberan jaiotakoen seme-alaba eta bilobendako. San Pauloak Uberan 2009 leloa agertu beharko da logotipoan. Estiloa eta bestelakoak libreak dira. Zapia laranja kolorekoa izango da, eta logotipoa, kolore bakarrekoa.
Norberak lan bakarra aurkez dezake. Honako helbidera bidali behar dira: Logotipo lehiaketa; Jaolatza elkartea; Ubera; 20570 Bergara.
Irabazleak 100 euro eta zapia jasoko ditu.
Lanak entregatzeko mugaeguna abenduaren 7a izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak