Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko urriaren 31

Aste bukaeran ekintza ugarirekin gozatzeko aukera dago. Gaur Danbaka lehiaketako bigarren kontzertua egingo da Espaloian, 22:30ean. Gaur ere, Zabalotegi aretoa inauguratuko dute Bergaran. Bestalde musika eta antzerkia ere izango da aste bukaeran:

Antzerkia

eskoriatza
> Munduko ipuin kontaketa izango da, umeendako
Munduko ipuinak delako kontaketa saioa izango da, Garabide elkartearen eta Eskoriatzako Udalaren eskutik. Umeendako da.
Gaur, egubakoitza, liburutegian, 18:00etan.

arrasate
> 'Karabas' antzezlana, Golden Apple Quartet eta Kanpingags-en eskutik
Botadun katuaren ipuinean oinarrituta, familia osoarendako Karabas antzezlana egingo dute Golden Apple Quartet-ek eta Kanpingags-ek bihar, zapatua, Amaia antzokian, 18:00etan. Kantuak eta helduei egindako keinuak dauzka.


bergara
> Antzezlanak egingo dituzte Zabalotegi aretoan
Bihar, zapatua, Ane Monna, Oskola eta Karramarroi taldeak Ino, Ino, Ino, badator Bonbardino delako umeendako antzezlana egingo du. Sarrera  3 euro da.
Hurrengo emanaldia eguenean, hilak 6, izango da: Ixabel Millet-ek Printze txikia delako ipuin kontaketa egingo du, helduendako.
Umeendako antzezlana, bihar, zapatua, 18:00etan; ipuin kontaketa, eguenean, hilak 6, 19:00etan.

arrasate
> Sexismoaren aurkako ipuinak kontatuko dituzte
Sexismoaren eta emakumeenganako biolentziaren aurkako ipuinak kontatuko ditu Kontu Kantoi taldeko Beatriz Egizabalek gaur, egubakoitza. Euskaraz izango da. Emakume Txokoak antolatu du emanaldia.
Gaur, egubakoitza, Irati tabernan, 22:00etan.

oñati
> Teknika berri batekin kontatuko dituzte ipuinak
Kamishibai ipuin saioa antolatu du Oñatiko liburutegiak datorren egubakoitzerako, hilak 7. Debagoienean lehenengo aldiz erabiliko da teknika japoniar hori.
Gonbidapenak banatzen dabiltza haur liburutegian. 7-10 urte artekoendako da, eta 30 umerendako lekua dago.
Ipuin kontaketa saioa, azaroaren 7an, egubakoitza, haur liburutegian, 18:00etan.

bergara
> AHTren inguruko parodia antzezlana egingo dute
Iruñeko Txiflando Improducciones antzerki taldeak S.O.S.temible, el silenciador delako antzezlana egingo du, AHTren gainekoa. Aurretik, trenaren inguruko 20 bat minutuko DVDa emango dute.
Etzi, domeka, gaztetxean (kartzela zaharrean), 19:30ean.

bergara
> Helduendako eta umeendako ipuin kontaketak liburutegian
Irakurri kanpainaren barruan, helduei zuzendutako ipuin kontaketa emanaldia izango da Udal Liburutegian. HHIko (EPA) ikasleek aukera paregabea izango dute kontaketa horrekin disfrutatzeko.
Bestalde, gaur, egubakoitza, hasi eta abenduaren 12a arte, egubakoitzero, Leire Iruin kontalariak ipuinak kontatuko dizkie 4-6 urte arteko umeei.
Umeendako saioa, gaur, egubakoitza, 17:45-18:30; helduendakoa, azaroaren 3an, astelehena, liburutegiko erakusketa gelan, 15:30-17:00.

Erakusketak

aretxabaleta
> Uraren inguruko erakusketa egongo da kultura etxean
Ura, bizi iturri izenburuarekin, erakusketa egongo da Arkupe kultura etxean azaro osoan. Astelehenean, hilak 3, irekiko dute.
11:00-13:00 eta 18:00-20:00.
antzuola
> Anelkarrek Senegalen duen proiektuaren gaineko kontuak
Anelkar taldeak Senegalen, Djiembering-en duen garapen proiektuaren inguruko erakusketa egongo da Olaran etxean. Hango eguneroko bizitza erakutsiko dute.
Bihar, zapatua, eta etzi, domeka, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

Lehiaketak

eskoriatza
> Argazki lehiaketa egiteko aukera dute dute bihar gazteek
Argazki lehiaketan parte hartzeko aukera dute 12-16 urte artekoek gaztelekuan. Bi ordu izango dituzte gai jakin batzuen gaineko argazkiak egin eta aukeratzeko. Txatxilipurdi elkarteak antolatu du.
Bihar, zapatua, gaztelekuan.
bergara
> Uberako jaien inguruko logotipo lehiaketa deitu dute
Uberako jaietarako zapi bat aterako du jai batzordeak, eta horretarako logotipoa aukeratzeko lehiaketa deitu du Uberan jaio edo bizi direnendako, zein Uberan jaiotakoen seme-alaba eta bilobendako. San Pauloak Uberan 2009 leloa agertu beharko da logotipoan. Estiloa eta bestelakoak libreak dira. Zapia laranja kolorekoa izango da, eta logotipoa, kolore bakarrekoa.
Norberak lan bakarra aurkez dezake. Honako helbidera bidali behar dira: Logotipo lehiaketa; Jaolatza elkartea; Ubera; 20570 Bergara.
Irabazleak 100 euro eta zapia jasoko ditu.
Lanak entregatzeko mugaeguna abenduaren 7a izango da.

Ospakizunak

bergara
> Halloween gaua ospatuko dute irlandar tabernan
Halloween gauko ospakizuna egingo dute Galways irlandar tabernan. Opariak egongo dira.
Gaur, egubakoitza, San Martin plazako Galways tabernan.

 

antzuola
> Saiheski eta trikiti jaia antolatu du Antzuolako Trikitixa Taldeak biharko
Saiheski-jana eta trikiti eta pandero emanaldiak izango dira bihar, zapatua, Antzuolako Trikitixa Taldeak egingo duen jaialdian, Zurrategiko plazan, 19:00etan. Jasotako dirua V. Debagoieneko Trikiti Eguna finantzatzeko izango da.

Musika

elgeta
> Danbaka lehiaketako bigarren kontzertua, gaur, barikua
Danbaka musika lehiaketako bigarren kontzertua izango da gaur, barikua, Espaloia antzokian. Honako taldeek joko dute: Ni neu (Eibar), Scam (Aretxabaleta), Lord Witch (Bergara) eta Adi Holden (Bergara).
Sarrerak salgai daude Goienako edozein egoitzatan, 943 25 05 05 zenbakira deituta edo Espaloia antzokian.
Gaur, barikua, Espaloia antzokian, 22:30ean.

arrasate
> RIPeko Karlos eta 'Portu'-ren omenezko kontzertua
RIP taldeko abeslari eta baxu-jole ziren Karlosi eta Portu-ri omenaldi kontzertua egingo diete bihar, zapatua, honako taldeek: Sala&Pascal, Material Rechazado, Never Surrender eta Carrocerías Betoño.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 22:30ean.

bergara
> Disko-jartzaileen emanaldiak izango dira Ziripot tabernan
Honako DJen emanaldiak izango dira Ziripoten: DJ Lalas (gaur, egubakoitza) eta DJ Mugu (bihar, zapatua).
Saiook 23:00etan hasiko dira.
bergara
> Gamora, Repugnancia Social eta Hijas de la Hevasión taldeak
Kontzertua antolatu dute biharko, zapatua, Gamora, Repugnancia Social eta Hijas de la Hevasión taldeekin.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 20:00etan.

arrasate
> The Real McKenzies taldeak joko du gaur 3.60 aretoan
Kanadako Vancouver hiriko The Real McKenzies punk taldeak kontzertua egingo du gaur, egubakoitza, 10,000 Shots delako diskoa aurkezteko. Taldekideak eskoziar jatorrikoak dira, eta kutsu horretako musika eta agerraldiak egiten dituzte.
Gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan, 23:00etan.

arrasate
> Reggae jaia izango da bihar, zapatua, sei talderekin
Chalwa Band, Poor House Rockers, Revolutionary Brothers, King Konsul, Yanu eta 2H's taldeek reggae jaia girotuko dute gau osoan.
Bihar, zapatua, 3.60 aretoan.

bergara
> Zabalotegi aretoa inauguratuko dute gaur, musika eta dantza emanaldiekin
Gaur, egubakoitza, egingo dute Zabalotegi inauguratzeko ekitaldia, 19:00etan. Txistulariek, orkestra sinfonikoak, orfeoiak, Ganbara taldeak eta Mikel Igartua eta Ibane Baseta dantzariek parte hartuko dute.

Bestelakoak

aretxabaleta
> Munduan barrena tandemean ibili zirenen esperientziak
Tandemean Hego Ameriketan barrena delako ikus-entzunezkoa egingo dute Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe senar-emazteek. 45 minutuko emanaldia da, euskaraz eta gaztelaniaz.
Eguenean, hilak 6, kultura etxean, 19:30ean.

arrasate
> II. Historia eta Zinema jardunaldietako film emanaldia
Arizmendi ikastolak antolatutako Historia eta Zinema bigarren jardunaldietako hirugarren filma emango dute martitzenean: Lauaxeta (Jose Antonio Zorrilla, 1987). Gero, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Oscar Alvarez Gilak hitzaldia
egingo du.
Azaroaren 4a, martitzena, Kulturateko areto nagusian, 18:00etan.

eskoriatza
> Kultura arteko  afalostea, hainbat indigenarekin
Garabide elkartearen eskutik, Debagoienean dauden hego mundu osoko –Bolivia, Ekuador, Paraguai, Kolonbia…– indigenekin afalostea egiteko aukera dago gaur, egubakoitza. Euren herrialdeetako egoera kulturalaren eta hizkuntzen berri emango dute. Tertulia girotzeko, kafea, menta, rona eta bestelakoak izango dira. Garabidek eta Eskoriatzako Udalak antolatzen dute.
Gaur, egubakoitza, Ibarraundi museoan, 22:30ean.

oñati
> Gaztetxearen inaugurazio hamabostaldiko ekintzak
Gaztetxea inauguratzeko, honako ekintzak dituzte oraingo aste bukaeran: gaur, egubakoitza, bideo emanaldia (18:30), afaria (21:00) eta kantaldia (22:30); bihar, zapatua, gosaria (10:00), eztabaida (11:00), bazkaria (13:30), mahai-ingurua (15:15), Sospechosos eta Gargantas desgarradas taldeen kontzertua (18:00) eta afaria (21:00); eta etzi, domeka, gosaria (10:00); Zer egin du OGAk gaizki? delako eztabaida (11:00) eta bailarako gazte batzarretako kideekin mahai-ingurua (15:30).
Bazkariak eta afariak, 2 euro;
gosariak, euro 1.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak