Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko urr. 17a, 13:39
Aste bukaera ekintzaz gainezka dator. Gaur, barikua, Danbaka Musika Lehiaketa hasiko da. Bestalde, aste bukaerero bezala musika, antzerkia, ikuskizunak eta azokak izango dira nagusi Debagoienean. Hona hemen prestatutako agenda:

Antzerkia

aretxabaleta
> Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoen emanaldia
Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoek emanaldia egingo dute umeendako bihar, zapatua. Sarrera 5 euro da.
Bihar, zapatua, kultura etxean, 17:00etan.

oñati
> Umeendako 'Karabas' antzezlana egingo dute bihar
Umeei zuzendutako Karabas delako antzezlana egingo dute bihar, zapatua. Sareak (Euskadiko Antzoki Sarea) antolatu du emanaldia, herritarrei antzerkia gerturatzeko kanpainaren amaiera gisa.
Sarrerak salgai daude kultur etxean, 3 eurotan.
Bihar, zapatua, Santa Ana antzokian, 17:00etan.

aretxabaleta
> 'Carretera y manta' antzezlana egingo du Aitziber Bilbao aktoreak gaur
Carretera y manta antzezlana egingo du Aitziber Bilbaok. Helduendako da. Bi helburu ditu: bat, dibertitzea; bestea, gogoraraztea zein garrantzitsua den gure helburuengatik borrokatzea. Kultura etxean da, 22:00etan; sarrera, doan.

oñati
> 'Mobbing'-aren gaineko 'Arrainen bazka' antzezlana
Euskadiko Antzokien Elkarteak (Sarea) antolatuta, Arrainen bazka antzeztuko du Tanttaka taldeak etzi, domeka, Santa Ana antzokian, 19:30ean. Euskadiko Literatura saria irabazitako lan horrek mobbing-a edo lanean egiten den jazarpenaren gaia ukitzen du. Hainbat galdera planteatzen du: "Zein da duintasunaren prezioa? Ze jasateko gertu nago lanpostuari eusteko?".
Sarrerak, salgai kultura etxean: umeena, 3 euro, eta helduena, 10.

Musika

elgeta
> Danbaka lehiaketako lehenengo kontzertua gaur
Danbaka musika lehiaketako lehenengo kontzertua izango da gaur, egubakoitza. Ymotek (Abadiño), Mery May (Arrasate), Damudot (Mallabia) eta The 5 Twisters (Arrasate) dira taldeak.
Gaur, egubakoitza, Espaloia antzokian, 22:30ean.

bergara
> Disko-jartzaileak izango dira Ziripot tabernan
Disko-jartzaileen emanaldiak izango dira Ziripot tabernan. El Txef A & The Gonzo & Olasolo DJak ibiliko dira gaur, egubakoitza; eta Koldo Intermusic & Miximal, bihar, zapatua.
Emanaldiak 23:00etan hasiko dira.


bergara
> Decepcion Rock taldeak kontzertua egingo du
Arrasateko Decepcion Rock taldeak musika emanaldia egingo du Pol-Pol tabernan.
Bihar, zapatua, 22:00etan.

bergara
> Hainbat herrialdetako musika ipiniko dute Arranon
Musika jaialdia egingo dute Arrano tabernan. Euskal musika, mexikarra, jamaikarra eta beste batzuk ipiniko dituzte.
Bihar, zapatua, 21:00etan hasita.

bergara
> Musika bandaren kontzertua egongo da etzi, domeka
Udal Musika Bandak kontzertua egingo du. Honako errepertorioa joko dute: Añoranza (A. G. Chirlaque), La princesa amarilla (C. Saint-Saëns), Don't cry for me, Argentina (A. L. Webber) eta Lau urtaroak (J. Franco). Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzenduko ditu musikariok.
Etzi, domeka, Santa Marina parrokian, 18:30ean.

elgeta
> The Commitments talde irlandarraren kontzertua
The Commitments soul eta blues estiloko talde dublindarrak kontzertua –Euskal Herriko bakarra– egingo du Espaloia antzokian.
Bihar, zapatua, Espaloia antzokian, 22:30ean.

arrasate
> 70 eta 80ko hiru tributu talde bihar, zapatua, 3.60 aretoan
Zenbait tributu taldek joko dute 3.60 aretoan: Fat Lizzyk (Thin Lizzy), Bacon Maiden-ek (Iron Maiden) eta Queens of Rock-ek (70eko eta 80ko hamarkadetako taldeen bertsioak).
Bihar, zapatua, 3.60 aretoan, 22:00etan.

bergara
> Abesbatza eta organo kontzertua daude bihar, zapatua
Beasaingo Loinatz abesbatzak eta Gerardo Rifon organo joleak kontzertua egingo dute. Abesbatza Xabier Sarasolak zuzenduko du.
Bihar, zapatua, San Pedro parrokian, 20:00etan.

arrasate
> The Maharajas taldeak kontzertua egingo du
The Maharajas taldeak kontzertua egingo du urriaren 24an, In Pure Spite (Bloody Hotsak) diskoa aurkezteko. Talde beterano horrek bi irudi handi ditu gaur egun: Mathias, bere ahots kementsuarekin, eta Jens Lindberg, 60ko garra bizirauten. In Pure Spite euren laugarren diskoa da, eta hor, erakusten dute garaje-rock etiketa txiki geratu zaiela eta benetako rock-and-roll talde bat direla.
Los Cretinos talde arrasatearrak ere joko du gau horretan.
Urriaren 24an, 3.60 aretoan.

arrasate
> 'Hnuy Illa' dantza ikuskizuna egingo dute Kukai eta Tanttaka taldeek
Hnuy Illa antzerki eta dantza ikuskizuna ikusteko aukera dago etzi, domeka, Amaia antzokian, 19:30ean. Joseba Sarrionandiaren testuak ardatz gisa hartuta, amodioa, desamodioa, bakardadea, erbestea… ukitzen ditu lan horrek.

arrasate
> Julio Hernandez kubatarrak kontzertua egingo du gaur, egubakoitza
Julio Hernandez musikari kubatarrak kontzertua egingo du 3.60 aretoan, 22:30ean, Kubart promotoreak antolatuta. Kubako troba tradizionala gaur eguneko erritmoekin batzen ditu. Joseba Britek ere joko du. Sarrera 6 euro da.

Erakusketak

elgeta
> 'Libelandula' marrazki eta poema erakusketa
Maite del Rey eta Maider Zubillagak prestatutako Libelandula delako erakusketa dago ikusgai Espaloia antzokia. Eurek egindako marrazkiek eta poesia lanek osatzen dute.
Urri osoan dago ikusgai.

aretxabaleta
> Beatles taldearen inguruko erakusketa dago hil osoan
Pop musikaren aitzindari Beatles taldearen inguruko erakusketa multimedia dago kultur etxean urri osoan.
Honako elementuak ditu: panel biografikoak; merchandising-a, musika eta ikus-entzunezkoak; diskoak; biografia…
Bisita ordutegia: 11:00-13:00
eta 18:00-20:00.

bergara
> Mari Paz Alustizaren margolanen erakusketa, Aroztegin
Mari Paz Alustizak hainbat margolan ditu erakusketan Aroztegi aretoan. Azaroaren 2a arte egongo da zabalik.
Martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; domeketan: 12:00-14:00.

arrasate
> San Josepe harrobiaren ideien lehiaketako lanak, ikusgai
San Josepe harrobi
zaharra biziberritzeko ideien lehiaketara aurkeztutako lanak jendaurrean ipiniko dituzte Kulturaten.
Azaroaren 9a arte.

bergara
> Jon Balentziagaren margolanak ikusteko aukera
Jon Balentziaga bergararraren hainbat margolan daude ikusgai kultura etxean. Urriaren 25a arte dago zabalik.
Bisita ordutegia: astegunetan, 18:00-21:00; zapatuetan: 12:00-14:00.

Bestelakoak

antzuola
> Auto klasikoek geldialdia egingo dute Antzuolan etzi
Beasainen urtero auto klasikoen kontzentrazioa egiten dute, eta auto horiek geldialdia egingo dute etzi, domeka, Antzuolan. 12:00ak aldera ailegatuko dira, eta luntxa izango dute Herriko plazan eta beste leku batzuetan. Eguraldi ona badago,
50 bat auto etorriko direla espero dute.
Etzi, domeka, 12:00etatik 13:30era.

eskoriatza
> Perretxikotara irtengo dira Luis Ezeiza ikastetxekoak
Perretxikoak batzeko irteera antolatu dute Luis Ezeiza ikastetxeko gurasoek biharko, zapatua. 09:00etan batuko dira herriko plazan. 16:30ean, perretxikoak sailkatuko dituzte ikastetxeko jantokian. Etzi, domeka, perretxikoen erakusketa eta dastatzea izango dira herriko plazan, 12:00-14:00. Herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta.
Irteera bihar, zapatua, herriko plazatik, 09:00etan.

arrasate
> II. Historia eta Zinema jardunaldietako film emanaldia
Arizmendi ikastolak antolatutako Historia eta Zinema bigarren jardunaldietako lehen filma emango dute martitzenean: Sierra de Teruel (Andre Malraux, 1939). Gero, Huheziko irakasle Andres Gostinek hitzaldia egingo du.
Urriaren 21ean, martitzena, Kulturateko areto nagusian, 18:00etan.

bergara
> Antxon Artzak ikus-entzunezkoa emango du
Antxon Artza piraguista eta abenturazaleak Bizimoduak delako ikus-entzunezko saioa emango du, Bergarako Udal Euskaltegiak antolatuta.
Gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan, 19:30ean.

aretxabaleta
> Che-ren ibilbidearen gaineko diapositibak
Hego Amerika motorrean, Che-ren ibilbidea delako diapositiba emanaldia egingo du Sapochonco elkarteak eguenean, kultura etxean.
Urriak 23, kultura etxean, 19:30ean.

oñati
> Futbolin txapelketa jokatuko dute gaztelekuan
Futbolin txapelketa antolatu dute gaurko, egubakoitza, gaztelekuko topalekuan. Izena hantxe edo gazte bulegoan eman daiteke. Sari banaketa datorren egubakoitzean egingo dute, hilaren 24an.
Txapelketa gaur, egubakoitza, topalekuan, 18:00etan hasita.

bergara
> Bedelkarreko merkatarien azoka pilotalekuan
Bergarako merkatarien elkarteak azoka egingo du bihar, zapatua, pilotalekuan, 10:00etatik 20:00etara. Denda bakoitzak bere produktuak saltzeko postu bat izango du. Telebista bat zozkatuko dute erosleen artean.
Bihar, zapatua, 10:00-20:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak