Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko urr. 3a, 11:43
Aste bukaera honetan ere musikarekin, ospakizunekin eta jaiekin gozatzeko aukera izango da. Izan ere, Oñatiko San Migel jaiak martitzenera arte ospatuko dira. Bihar egun handia, Herri Eguna, ospatuko dute oñatiarrek. Gaur, ordea, Maritxu Kaxoi eguna dute Arrasaten. Bestelako ekintzak ere badira urriko lehen aste bukaeran, esaterako, Bergaran Txotxongilo Mostra.

Jaiak

oñati
> San Migeletako hitzordu erakargarrienetako bat, Herri Eguna, bihar
Herri Eguna ospatuko dute Oñatin bihar, zapatua. 10:30ean, Unibertsitate inguruan, fruta, barazki, gazta eta abere erakusketa eta lehiaketa egongo da. Sagardo-dastatzea egongo da plazan, 12:00etan, eta sari banaketa, 13:15ean.

Musika

arrasate
> Marc Houle eta Elektit-en emanaldia, 3.60 aretoan
Marc Houle (Kanada) eta Elektit-en musika emanaldia egongo da gaur, egubakoitza, Maritxu Kajoiko egitarauren barruan.Gaur, 3.60 aretoan, gauerdian.


oñati
> Musika eskolako ikasle eta irakasleen kalejira dago bihar
Jose Azpiazu musika eskolako trikiti, pandero eta akordeoi ikasle eta irakasleak kalejiran irtengo dira Herri Egunean. San Martin egoitzatik abiatuko dira 11:00etan.
14:00etan bukaera, Foruen plazan.


arrasate
> The Maharajas taldeak kontzertua egingo du
The Maharajas taldeak kontzertua egingo du urriaren 24an, In Pure Spite (Bloody Hotsak) diskoa aurkezteko.
Talde beterano horrek bi irudi handi ditu gaur egun: Mathias, bere ahots kementsuarekin, eta Jens Lindberg, 60ko garra bizirauten. In Pure Spite euren laugarren diskoa da, eta hor, erakusten dute garaje-rock etiketa txiki geratu zaiela eta benetako rock-and-roll talde bat direla.
Los Cretinos talde arrasatearrak ere joko du gau horretan.
Urriaren 24an, 3.60 aretoan.

Erakusketak

aretxabaleta
> Beatles taldearen inguruko erakusketa dago hil osoan
Pop musikaren aitzindari Beatles taldearen inguruko erakusketa multimedia dago kultur etxean urri osoan. Honako elementuak ditu: panelak, talde osoaren eta taldekide bakoitzaren ingurukoak; merchandising-a, musika eta ikus-entzunezkoak; diskoak; biografia…
Bisita ordutegia: 11:00-13:00
eta 18:00-20:00.

bergara
> Mari Paz Alustizaren margolanen erakusketa, Aroztegin
Mari Paz Alustizak hainbat margolan jarriko ditu erakusketan Aroztegi aretoan. Urriaren 10ean, egubakoitza, irekiko dute erakusketa, eta azaroaren 2an itxi.
Bisita ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30;
zapatuetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; domeketan: 12:00-14:00.

oñati
> Corpus prozesioko irudiak erakusketan ipini dituzte
Corpuseko prozesioko irudien erakusketa ipini dute Kofradiakoek.
Parrokian daude ikusgai, honako ordutegian: zapatuetan, 11:00-14:00 eta 17:30-20:30; domeka eta jaiegunetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00; eta jai bezperetan, 17:30-20:30.
Urriaren 26ra bitartean egongo da zabalik erakusketa.

bergara
> Maddi Mujikaren margolanak daude Nahikari tabernan
Maddi Mujika Arrizabalaga (Bergara, 1994) gaztetxoaren margolanak daude Nahikari tabernan urriaren 5a arte. Edurne Erañaren gidaritzapean, azken hiru urteotan egindako dozena bat olio-lan eder daude ikusgai.
Masterreka kaleko Nahikari tabernan dago erakusketa.

Lehiaketak

oñati
> San Migeletako ageriko margo lehiaketa jokatuko dute
IV. Ageriko Pintura Lehiaketa jokatuko dute etzi, Errosaixo Egunean. Euskarri eta oinarri guztiak onartzen dira, eta edozeinek esku har dezake.
Euskarria markatzera eraman behar da kultura etxean, 09:00-11:00; bukatutako lana leku berera eraman behar da, 13:00-14:00. Bi kategoria daude: 16 urtetik beherakoak eta hortik gorakoak. Zortzi sari banatuko dituzte: helduen taldean, lehenengo saria 620 eurokoa da, eta gaztetxoenean, 100 eurokoa.
Epaimahaiaren erabakia egun horretan jakinaraziko da, 14:30ean.
Lanen erakusketa ipiniko dute urriaren 7tik 19ra, kultur etxean.

bergara
> Film laburren lehiaketa deitu dute debagoiendarrendako

debagoiena

> Komiki lehiaketa deitu du Tolosako Galtzaundi taldeak
Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean, Ibarra Galtzakomik 2008 lehiaketa deitu du. Edozeinek parte har dezake, bakarka, eta bi kategoria daude: 18 urtetik beherakoak eta hortik gorakoak. Gaia librea izango da, eta ez dituzte onartuko eduki bortitz, sexista edo arrazistak edo intolerantzia bultzatzen dutenak.
Lanak euskaraz aurkeztu beharko dira, honako helbidera: Galtzaundi Euskara Taldea; Ibarra Galtzakomik komiki lehiaketa; Nafarroa etorbidea 6, behea; 20400 Tolosa. Mugaeguna azaroaren 26a da.
18 urtetik beherakoendako, 400 euro eta argitalpena, eta 200 euroko sariak daude; 18 urtetik gorakoendako, 600 euro eta argitalpena, eta 400 euro.
Argibideak: 943 65 50 04 telefono zenbakian / kultura@galtzaundi.com posta elektroniko helbidean / www.galtzaundi. com webgunean.

Antzerkia

bergara
> IX. Txotxongilo Mostrako hainbat emanaldi egunotan

aretxabaleta
> Kiki eta Moko pailazoek ikuskizuna egingo dute
Kiki eta Moko pailazoen ikuskizuna egongo da oraingo aste bukaeran, umeei zuzenduta. Sarrera 5 euro da.
Bihar, zapatua, kultur etxeko Zaraia aretoan, 17:00etan.


arrasate
> Kale animazioa, dantzaldia, rocka eta parranda, gaur gauean Maritxu Kajoin
Maritxu Kajoi ospatuko dute gaur, egubakoitza. Egun osoan izango dira ekintzak: batzuk aipatzearren, Maritxuren txaranga (19:00), lore eskaintza (20:30), Jo ta Hanka eta Neguri Gorriak taldeak (00:00) eta rock kontzertua (03:00).


aretxabaleta
> 'Sommer jaunaren istorioa' delako antzezlana egingo dute
Txalo Produkzioak taldeak Sommer jaunaren istorioa delako antzezlana egingo du. Jose Ramon Soroiz da protagonista. Sarrera 10 euro da.
Patrick Süskind idazle alemanaren lanean dago oinarrituta antzezlana, Lourdes Oñederrak euskaratuta.
Inork ez du Sommerren izena ezagutzen. Horrexegatik hain justu deitzen diote izen horrekin: Sommer (uda). Ibili eta ibili, eta besterik ezean, ibiltzen jarraitzen duen gizon arrotza da herrian.
Datorren egubakoitzean, urriak 10, kultura etxeko Zaraia aretoan, 22:00etan.

bergara
> Helduendako ipuin kontaketa saioa egongo da eguenean
Bea Egizabal ipuin kontalariak Gu geu pertsonak delako helduendako emanaldia egingo du datorren eguenean.
Urriaren 9an, Aroztegin, 19:00etan.

Bestelakoak

aretxabaleta
> Alberto Iñurrategiren 'Begiz begi' dokumentala emango dute
Alberto Iñurrategi mendizalearen Begiz begi ikus-entzunezkoa emango dute. Dokumental horrek egungo mendizaletasunari begiratua ematen dio eta, horren bidez, gizarteak mendiarekiko duen jarrera ere aztertzen du. Bestalde, alpinistak bere hausnarketak jakinaraziko ditu, zenbaitetan pentsamendu globalizatuaren aurka dauden hausnarketak. Horrez gain, bidaiariek helmuga berri bat hautatzeko orduan hartzen dituzten jokabideei ere egiten die tartea.
Eguenean, hilak 9, Arkupe kultur etxean, 19:30ean.

aretxabaleta
> 'Josetxiki'-ren oroitzapenen inguruko liburua, bihar
La Mancha nos dio un gudari. José María Horcajada (Josetxiki) delako liburua aurkeztuko dute. Aretxabaletan bizi izandako Josetxiki-ren gerra garaiko oroitzapenak batzen ditu liburu horrek.
Bihar, zapatua, kultur etxean, 12:00etan.

bergara
> Jolasleku ibiltaria egongo da Simon Arrietan
Jardun euskara elkartearen eskutik, jolasleku ibiltaria egongo da Simon Arrietan, ume eta gaztetxoek euskaraz jolas egiteko aukera izan dezaten.
Gaur, egubakoitza, 17:00etan.

aretxabaleta
> Lehenengo jam inprobisazio eguna egingo du Jaikik
Jaiki elkarteak Aretxabaletako lehenengo jam saioa antolatu du etzirako, domeka. Edozein joan daiteke. Lehenengo, beroketa joko batzuk egingo dituzte; gero, inprobisatzen joango dira. Antzerkiak, bertsolaritzak, musikak, dantzak, poesiak… denetarako tokia dago.
Norberak laguntzeko zerbait eraman dezake: ehun zati bat, instrumentu bat, CD bat, margoak…
Etzi, domeka, kuartel zaharrean,
18:00-18:30.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak