Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko ira. 12a, 11:27
Aste bukaeran makina bat ekintzaz gozatzeko aukera izango da. Besteak beste, musika, antzerkia, jaia eta ospakizunak izango dira nonahi. Hona hemen Debagoienean zer egongo den gaurtik domekara bitartean:

Musika

aramaio
> Betiko rocka joko du Madrilgo Burning talde aitzindariak gaur Aramaion
Kontzertu berezia izango da gaur Aramaioko plazan, 23:30ean: Madrilgo Elipa auzoko Burning taldea etorriko da. 30 urteko ibilbidea atzean dutela, rock nostalgikoa eta kastizoa egiten dute, "galtzaileendako eta bakartiendako".

arrasate
> Suburban Rebels, Last Rebels eta The Crackers taldeak
Kontzertua egongo da 3.60 aretoan: Suburban Rebels, Last Rebels eta The Crackers taldeek joko dute. Gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan, 22:30ean.

aramaio
> Jazzaukera kontzertua egongo da gaur, egubakoitza
Vital Kutxa erakundearen eskutik, Jazzaukera delako musika emanaldia egongo da. Sarrera doan da.
Gaur, egubakoitza, kultura etxean, 20:00etan.

arrasate
> Decepcion Rock taldeak kontzertua egingo du
Arrasateko Decepcion Rock punk-rock estiloko taldeak musika emanaldia egingo du.
Gaur, egubakoitza, Etxoste tabernan, 21:00etan.

Antzerkia

bergara
> 'Hnuy Illa' antzerki eta dantza emanaldia egingo dute
Kukai dantza konpainiak eta Tanttaka antzerki taldeak prestatuta eta Mireia Gabilondo bergararrak zuzenduta, Hnuy Illa antzerki eta dantza emanaldia izango da pilotalekuan, 20:00etan.
Joseba Sarrionandiaren poesian du oinarria, eta Jon Maiak egin du koreografia. Etzi, domeka, pilotalekuan, 20:00etan.

arrasate
> 'Locomotivo' bakarkako zirku ikuskizuna izango da Arrasateko plazan
Manolo Alcantara Solomanolo aktoreak Locomotivo ikuskizuna egingo du etzi, domeka, Herriko Plazan, 19:30ean. Zirku ikuskizuna da eta mugimendua, ezohikotasuna, sormena… bateratzen ditu.

aretxabaleta
> 'Honolulu, leku bat' delako antzezlana ikusteko aukera
Honolulu, leku bat delako antzezlana egingo du Gilkitxaro antzerki taldeak.
Etxebizitzaren jabe izatea gaur egungo mendebaldeko gizakion ezinbesteko nahi bihurtu da. Egoera aztertzeko Elmer eta Lulu, tokian toki eta lekuz leku esperimentatzen ari dira. Etxebizitzak alaitasuna, jakinduria, maitasuna, dibertimendua eta adimena ordezkatu ditu. Egoerari aurre egiteko... Luluk eta Elmerrek, sistema enpiriko propioa sortu dute.
Galder Perezek idatzitako lanak gaur egungo bizitza ulertzeko moduaz hitz egiten du… Batzuetan, komikoki gertatzen dira gauzak; beste batzuetan, poetikoki, betiere ukitu absurduak ahaztu gabe.
Gaur, egubakoitza, kultura etxean, 22:00etan. Prezioa: 10 euro.

aretxabaleta
> Umeendako antzerki musikal emanaldia egongo da
Hamaika koloretan dantza delako antzerki musikala egongo da, 3 urtetik gorakoendako. Sarrera 5 euro da. Bihar, zapatua, kultura etxean, 17:00etan.


bergara
> 'Hitzen lapurra' bertsotxongiloa egingo dute gaur, barikua
Jardun euskara elkarteak antolatuta, Hitzen lapurra delako bertso eta txotxongilo emanaldia egongo da gaur arratsaldean, San Martin jaien barruan.
Enkarni Genuak idatzitako istorioa da, eta Gorka Tolosa, Erika Lagoma eta Oskar Estanga dira aktoreak. Libe, Ander eta Amaia dira pertsonaiak; hitzekin jolas egiten dute. Halako baten, baina, zapi beltzez estalitako norbait agertuko da, hitzen lapurra, alegia, eta ikusleen laguntza beharko dute hari aurre egiteko. Ikuskizuna 3 eta 8 urte arteko umeei dago zuzenduta, batik bat. Gaur, egubakoitza, Munibe plazan, 18:30ean.

Erakusketak

eskoriatza
> Jose Aranaren inguruko erakusketa bisitatzeko parada
Jose Aranaren heriotzaren mendeurrena dela eta, haren gaineko erakusketa ikus daiteke Ibarraundi museoan. Bisita ordutegia hauxe da: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Urria arte egongo da zabalik.

oñati
> Corpus prozesioko irudiak erakusketan ipini dituzte
Corpuseko prozesioko irudien erakusketa ipini dute. Parrokian daude ikusgai, honako ordutegian: zapatuetan, 11:00-14:00 eta 17:30-20:30; domeka eta jaiegunetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00; eta jai bezperetan, 17:30-20:30. Urriaren 26ra bitartean dago zabalik.


arrasate
> 'Islama, guztion ondarea' delako erakusketa ipiniko dute
Islama, guztion ondarea delako erakusketa didaktikoa ipiniko du Elkarhezitzen taldeak gaur, egubakoitza. Islamaren zibilizazioak egindako ekarpena azalduko du erakusketa horrek.
Kulturaten egongo da erakusketa, martitzenetik domekara: 17:30-20:30.

bergara
> Txomin Amasorrainen argazkiak ikusteko aukera
Txomin Amasorrain, arrasatearra baina Bergaran bizi izan zena, gogoratzeko erakusketa dago Aroztegi aretoan, jaio zela 100 urte betetzen direlako. Haren argazkiak oso lotuta daude Bergararekin eta Labegaraietako lantegiarekin. Aroztegi aretoan, hilaren 16a arte.


aretxabaleta
> Nafarroaren gaineko argazki erakusketa dago Arkupen
Hil osoan, Navarra a la carta delako erakusketa dago zabalik, izen bereko liburuan oinarrituta. Argazkien bidez, Nafarroako historia, kultura, natura eta gastronomia ondarea ezagutaraztea da helburua. Ordutegia: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.

Lehiaketak

bergara
> San Martinetako margo lehiaketa jokatuko dute etzi
Ageriko margo lehiaketa izango da etzi, domeka. 35. aldia du. Euskarriak lehiaketa egunean, 09:00-11:00, Bergarako kultura etxean markatuko dira. Lanak, bukatuta, 13:00etatik 14:00etara bitartean entregatu beharko dira.
Honako sariak emango dituzte: 480, 360, 240, 210 eta 162 euro eta garaikurra; 23 urtetik beherakoen kategorian, 180, 90 eta 60 euro eta garaikurra.
Etzi, domeka, jokatuko da lehiaketa.

aramaio
> VI. Zuiako Koadrilako argazki lehiaketa deitu dute
Zuiako Koadrilari begirada bat izenburuarekin, argazki lehiaketa deitu dute. Koadrilako sei udalerrietan hartutako argazkiak aurkez daitezke. Edozeinek har dezake parte. Honako helbidera bidali behar dira lanok:  Zuiako Koadrila; Udaletxeko plaza 1, 2. ezk.; 01130 Murgia (Araba). Honako sariak daude: 400, 300 eta 200 euroko sari bana eta euskal buztingintzako pieza bana; horiez gain, herri bakoitzeko, 75 euroko sari bana. Argibideak: www.cuadrillazuia.com edo 945 43 01 67.
Mugaeguna urriaren 22a da.

oñati
> San Migel jaietako leloa aukeratzeko lehiaketa
Laixan elkarteak jaietako esaldi lehiaketa deitu du. Aker, Aloña Mendi, Guria, Arrano, Luis eta Ona tabernetan utzi dituzten kaxetan utzi behar dira esaldiok, norbere izen-abizenarekin. Esaldia jaietako pegatinetan ipiniko du Laixan elkarteak.
60 euroko saria emango dute.

arrasate
> Bidaien gaineko 'Gomendatzen Dizut!' sariketa
Arrasateko eta Bergarako Gazte Informazio Bulegoek antolatuta, Gomendatzen Dizut! oporretako gomendio lehiaketa dago zabalik. 12tik 34ra urte artekoek parte har dezakete.
Argibideak, Gazte Informazio Bulegoetan edo www.aizue.com 
webgunean.

bergara
> Film laburren lehiaketa deitu dute debagoiendarrendako

Ospakizunak

arrasate
> Umeendako festa antolatu du Txatxilipurdik gaurko
Ludoteketan eta gazte txokoetan ere ikasturtea hastera doala-eta, 3-12 urte arteko umeendako jaialdia antolatu du Txatxilipurdik. Aurpegi margotzea, zirku tailerra… izango dira, besteak beste.
Gaur, egubakoitza, Usaetxe plazan, 17:00etan.

oñati
> Haurren Eguna ospatuko dute etzi, domeka, San Migelen atari
Oñatzez gain, Euskal Herri osoko beste 13 ume dantzari talde ibiliko dira etzi Haurren Egunean; 550 ume eta 160 arduradun. 09:00etan kalejira egingo dute, eta hainbat ospakizun egin ondoren, 17:00etan alardea egingo dute.


landa
> Extremadurako Eguna ospatuko dute Arrasatekoek
Arrasateko Corazon de Encina Extremadurako kultura elkarteak Landan ospatuko du Extremadurako Eguna. 10:30ean, sardinak eta ardoa banatuko dituzte, eta ohorezko topa egingo dute; gero, Extremadurako ereserkia abestuko dute. Karta-joko –kuatrola eta txintxona–, sukaldaritza –gazpatxoa, gazta, sandia handienarena, tortilla, ardoa, meloi pisutsuenarena…– eta sokatira txapelketak egongo dira, besteak beste. Ekitaldiak 20:00ak inguruan bukatuko dira.
Bihar, zapatua, Landan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak