Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko uztailaren 24a

Aste bukaerarako ekintza ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez, ospakizunez edota auzoetako jaiekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda zabala:

Musika

arrasate
> Brutal Melodyk Jimmy (SA) eta Otutorekin (Numen) joko du bihar
Brutal Melody hardcore taldea bueltan da, eta Arrasaten joko dute bihar, barikua, 3.60 aretoan, 23:00etan. Taldearekin joko dute Soziedad Alkoholikako Jimmyk eta Numen-eko kide ohi Otutok. Anger taldeak ere jardungo du.

bergara
> Galiziako jazz doinuak eskainiko dituzte Terela Gradin eta GEM Triok
Terela Gradin galiziarrak jazz gai klasikoak (Cole Porter, Miles Davis…) eta gaur egungo musikarien bertsioak (Sting, Radiohead…) lantzen ditu. Bihar, egubakoitza, GEM Triorekin joko du Espoloian, 22:30ean.

eskoriatza
> Deabruak Teilatuetan taldeak diskoa aurkeztuko du
Tolosako Deabruak Teilatuetan laukoteak 1973 delako diskoa grabatu du. Aritz Mendietak (ahotsa), Iñigo Arrutik (bateria), Joni Ubedak (baxua) eta Imanol Ubedak (gitarra) osatutako taldeak Inkernu tabernan joko ditu disko horretako kantuak. 1998. urtean Deabruak guarda diskoaren ondoren hartu zuten atsedenalditik buelta irrikaz hartu dute taldearen zale askok.
Martitzenean, hilak 29, Inkernu tabernan, 22:30ean.

arrasate
> Jazza kolonbiar erara joko du Puerto Candelaria taldeak
Medellingo Puerto Candelaria taldea hiri horretako jazz talde garrantzitsuena bilakatu da azken urteotan, eta Kolonbian jazzaren ordezkari handienetako bat ere. Gaur egungo musika elementuak sartzen dituzte euren musikan, Kolonbiako erritmo eta melodia tradizionalen funtsa eta oinarria galdu barik. Bihar, egubakoitza, Monterron parkean, 22:30ean.

bergara
> Dantzarako musika ipiniko dute Ziripot tabernan
Dantzarako musika saioak egongo dira Ziripot tabernan. DJ Elektro_K disko-jartzaileak emanaldia egingo du bihar, egubakoitza, eta DJ Ene! vs. DJ Balza disko-jartzaileek, etzi, zapatua.
Emanaldiok 23:00etan hasiko dira.

arrasate
> Disko-jartzaileen emanaldia izango da oraingo zapatuan
Ene! (kogollo crew) eta Departure Brothers (bcn) disko-jartzaileek emanaldia egingo dute 3.60 aretoan. Zapatuan, hilak 26, 3.60 aretoan, 04:00etan.

eskoriatza
> Txatarreria Keaton taldeak gaur, eguena, joko du
Eguraldi txarragatik, Errekan Gora egitarauaren barruan hilaren 5erako iragarrita zegoen Txatarreria Keaton taldearen emanaldia bertan behera geratu zen, eta gaur, eguena, egingo dute.
Euren emanaldiak 20ko hamarkadetako filmetan eta, batez ere, Buster Keaton-enetan daude oinarrituta; ikusten diren irudiei musika ipintzen diete.
Gaur, herriko plazan, 23:00etan.

oñati
> Candelaria taldeak 70eko hamarkadako musika joko du
Oñatiko Kalean egitarauaren barruan, Madrilgo Candelaria taldeak egingo du emanaldia. 70eko jazz-rock estiloa egiten dute: Chick Corea, Weather Report edo Guadalquivir bezalako egileengandik ikasitakoak dira. Jazz-rocka funkarekin, folkarekin eta doinu latindarrekin nahasten dute. Zahar kutsua duten instrumentuak –perkusio itsaskorra, hammond-a…– erabiltzen dituzte. Candelaria izeneko diskoa aurkeztuko dute Oñatin.
Hilaren 30ean, San Anton plazatxoan, 22:30ean.

Antzerkia

arrasate
> Ipuinen baloreen gaineko ipuin kontaketa izango da
Gazte Bulegoak eta Sexologia Zerbitzuak antolatuta, ipuin kontaketa saioa izango da eguenean, honako izenburuarekin: Zein balio transmititzen dugu betiko ipuinekin? Arrasateko neska batzuek egingo dute. Gaur, eguena, Biteri plazan, 19:00etan.

Erakusketak

bergara
> Rikardo Azkargortaren ikasleen lanak, gaur azkenekoz
Oraingo ikasturtean Rikardo Azkargorta margolariarekin ikasten ibili direnek euren lanak erakusten dihardute, eta gaur, eguena, da erakusketa bisitatzeko azken eguna. Kultura etxean dago erakustaldia.
Bisita ordutegia: 18:00-21:00.

eskoriatza
> Jose Aranaren inguruko erakusketa bisitatzeko parada
Jose Aranaren heriotzaren mendeurrena dela eta, haren gaineko erakusketa ikus daiteke Ibarraundi museoan. Erakusketaren gaineko liburuxkak ere banatuko dituzte.
Bisita ordutegia hauxe da: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Urria arte egongo da zabalik.

bergara
> Esther Astarloaren zeramika lanen erakusketa Aroztegin
Esther Astarloaren (1975) zeramika lanen erakusketa dago hilaren 27a arte.
Arte Ederretan lizentziaduna da Esther Astarloa. Doktoretza ikastaroak baditu. Ikastaro asko egin ditu hainbat artistarekin, Euskal Herrian eta Espainian. Hezkuntzan ere lan egin du, ikastaroak eta maisu lanak egiten. Bere lanean, abstrakziorako joera dauka, baina konnotazio organiko nabarmena dute bere lanek. Eskulturak zeramika teknikarekin landutakoak dira.
Bisita ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan: 12:00-14:00.

bergara
> Euskal akuarelisten erakusketa egongo da Aroztegin
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako 33 akuarelistak erakusketa ipiniko dute Aroztegi aretoan abuztuaren 1ean. Euskal Akuarelisten Elkarteko kideak dira. Margolanez gain, bideo bat ere emango dute, elkartearen lanaren eta ematen dituzten eskolen berri emateko, eta akuarelak egitearen gaineko hainbat material eta testu erakutsiko dituzte.
Bisita ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan: 12:00-14:00.

Lehiaketak

oñati
> 'Batetik bestera' oporretako argazkien lehiaketa deitu dute
Batetik bestera delako argazki lehiaketa deitu du gaztelekuak, 12 eta 18 urte artekoendako. Oporretan ateratako argazkiak eskatzen dituzte. Jasotako lanekin erakusketa ipiniko dute, eta ikustera joaten direnen botoen bidez aukeratuko dituzte irabazleak. 150 eta 100 euroko sari bana emango dute.
Argibideak, gaztelekuan.

bergara
> Film laburren lehiaketa deitu dute debagoiendarrendako
III. Film Laburren lehiaketa deitu du Bergarako Udalak. Debagoienean bizi den edozein aurkez daiteke, bakarka edo taldeka, eta edozein hizkuntzatan. Gaia librea da eta film laburra, bideo-klipa, iragarkia, irudi muntaia, esketxa, dokumentala, arte bideoa… edozein genero landu daiteke.
Muga-iraupena 30 minutu da. 400 eta 300 euroko sariak eta, bi horietan bergararrik ez badago, bergarar onenarendako 150 euroko saria emango dituzte. Lanok kultura etxean aurkeztu behar dira; azaroaren 3a da horretarako azken eguna.
Argibideak: www.bergara.net, edo 943 77 91 60 telefonoan.

Ospakizunak

oñati
> Bertso eta saiheski-jan festa egingo dute etzi, zapatua
Oñatiko Bertso Eskolak antolatuta, etzi, zapatua, ospakizuna izango dute.
Hain zuzen, Foruen plazan, Odriozola harakinaren 100 kilo txahal saiheski prestatzen ibiliko dira Bertso Eskolakoak. Sagardoa, freskagarriak, urteko ardo beltza eta gorria, eta ura egongo dira edateko. Horrez gain, herriko bertsolariek eta Saioa eta Maider trikitilariek emanaldiak egingo dituzte.
Etzi, zapatua, Foruen plazan, 18:00etatik 21:00etara.


oñati
> Pintxoak, txikiteoa, bazkaria eta animazioa, Duruko Jaian, domekan
Duruko Jaia ospatuko dute domekan, hilak 27, hango 12 aterpetxek antolatuta. 11:00etan, meza izango dute Aierdiko aterpean, eta, han bertan, pintxoak eta salda; gero, gazta-dastatzea, txikiteoa, bazkaria, bertsolariak, musika…


bergara, elgeta
> Santiago jaiak ospatuko dituzte Goimendin eta Basalgon
Basalgo auzoan, gaur kanpai-jotzea, etxafuegoak eta makala jasotzea (18:30) izango dira; bihar, egubakoitza, meza (11:00), txirrindularitzako 26. Basalgo Igoera (12:00), pilota pardituak (12:30), erromeria, XV. Dantza Txapelketa (17:45), herri kirolak (18:45) eta erromeria izango dituzte; etzi, zapatua, meza (11:30), umeendako jolasak eta bertso bazkaria (14:30).
Goimendi auzoan, gaur, berakatz-zopak (21:30) eta erromeria (23:00) egongo dira; bihar, egubakoitza, meza (11:00), soka-dantza (12:00), bertsolariak eta trikitilariak (12:30), jolasak (13:00), herri kirolak (18:00), bola-joko txapelketa (18:30), bertsolariak (19:00), erromeria eta urdaiazpikoaren zozketa eta txokolate-jana (20:00) egongo dira.
Ospakizunak gaur, eguena, hasiko dira bi auzoetan.

oñati
> Hainbat ekintza antolatu ditu Oñatiko Gazte Batzarrak
Gaztetxe berria dagoela ospatzeko ekintzak antolatu ditu Gazte Batzarrak: gaur, eguena, batzar informatiboa izango dute (kultura etxean, 18:00etan) eta gero, afaria (gaztetxean, 20:30ean; 3 euro da); bihar, egubakoitza, afaria, leku eta ordu berean, eta gero, Aniaren kontzertua (22:00etan).
Ekintzak kultura etxean eta gaztetxean (Otadui Zuhaiztia, 1) izango dira.

Bestelakoak

oñati
> Birziklatze tailerra eta artisau azoka egingo du ARTaso taldeak
ARTaso elkartea sortu da Oñatin, arteari eragin eta hura sustatzeko, eta artisau azoka eta birziklatze tailerra eta erakusketa antolatu ditu hilaren 27rako. Azokan, 10 artisauk hartuko dute parte, otzarak, zeramika, zilarra, pilotak… lantzen. Birziklatze tailerreko arduradunak Amaia Zinkunegi eta Ines Gereka izango dira.
Hilaren 27an, domeka, Arantzazuko Gandiaga Topagunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak