Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko uzt. 18a, 12:04
Aste bukaerarako ekintza ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez, ospakizunez edota auzoetako jaiekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda zabala:

Ikuskizunak

eskoriatza
> Logela Multimediak 'Mokaua' ikuskizuna egingo du bihar
Errekan Gora egitarauaren barruan, Logela Multimedia taldeak emanaldia egingo du bihar, zapatua. Mokaua delako ikuskizunean, lau musikarik abestiak jotzen dituzten bitartean, bideo-jockey batek irudiak nahasten ditu zuzenean. Ikuskizun multimedia horren ezaugarri nagusia interakzioa da: musikariak pantaila erraldoi garden bateko irudietan integratzen dira, eta musika, irudiak eta mugimenduak zuzenean sinkronizatzen dira. 11 abesti eta bost esketx umoretsu batzen dituen ikuskizun multimedia koloretsua da.
Bihar, zapatua, unibertsitateko klaustroan, 23:00etan.

arrasate
> Beningo eta Komi Errepublikako dantza eta folklorea
Bi taldek folklore emanaldia egingo dute hilaren 22an, martitzena, Udalak antolatutako udako egitarauaren barruan. Les As du Benin taldea Beningo gazte batzuek osatzen dute, eta hango kantuak eta dantzak gorde eta ezagutaraztea da euren helburua. Beningo ballet esanguratsuenetariko bat dira. Houetanou izeneko ikuskizuna egingo dute; vodoun auzo bat antzezten dute, eta materiaren eta materiagabearen arteko liskarrak antzezten dituzte, egunaren eta gauaren artekoak.
Bestalde, Komi Errepublikako Assya Kya taldeak egingo du emanaldia. Talde horrek hango abestiak, dantzak, musika-tresnak eta jantziak erakusten ditu; komien sineskerak eta izaera nazionalak gorpuzten dituzte horiek. Herrialde horretako tradizioen aberastasuna eta konposatzaile eta musikarien herentzia jasotzen du Assya Kyak.
Hilaren 22an, martitzena, Monterron parkean, 22:30ean.

Musika

arrasate
> Surfin Kaos, Captain Nemo eta Plan B taldeek joko dute
Donostiako Surfin Kaos taldekoek Tryphyllon diskoko abestiak joko dituzte. 70eko eta 80ko hamarkadetako musikaren eragina nabarmena da disko horretan, batez ere, garai horretako punk rock, hard rock eta garage talde ingeles eta estatubatuarrena.
Captain Nemo eta Plan B taldeek ere joko dute.
Gaur, 3.60 aretoan, 22:30ean.


bergara
> Donostiako Mariaren Bihotza abesbatzaren saioa
Bergarako Orfeoiak antolatuta, Donostiako Mariaren Bihotza abesbatzak emanaldia egingo du bihar, zapatua. Kontzertu horrekin, bi taldeon arteko elkartrukea amaitutzat emango dute.
Euren errepertorioan, euskal musika eta polifonia nabarmentzen dira. Miren Urbietak zuzenduko du taldea.
Bihar, zapatua, Mariaren Lagundiko elizan, 20:00etan.

arrasate
> Garifuna Collective eta Habib Koite-k joko dute gaur, egubakoitza
Garifuna Collective taldeak (argazkian) Erdialdeko Amerikako afrikar sustraidun musika jotzen du, eta Habib Koitek Maliko musika estiloak lantzen ditu. Monterron parkean joko dute, 22:30ean eta 00:00etan, hurrenez hurren.

oñati
> Oñatiko bandarekin joko du Oskorri taldeak, Banda Band biran
Banda Band delako biran sartuta dabil Oskorri taldea, Euskal Herriko hainbat musika bandarekin jotzen eta euren abestiak gogoratzen. Horrela, bada, Oñatikoarekin joko dute gaur, egubakoitza, kiroldegian, 22:30ean.

bergara
> Jose Luis Pardo and the Mojo Workers taldearen jazz emanaldia dago gaur
Jose Luis Pardo argentinarra bere herriko gitarra jole handienen artean dute. Bluesaren AEBetako hiri mitikoenetan jo du. The Mojo Workers taldearekin That's right diskoa kaleratu zuen iaz. Gaur joko dute Espoloian, 22:30ean.

eskoriatza
> Txatarreria Keaton taldeak eguenean joko du
Eguraldi txarragatik, hilaren 5erako iragarrita zegoen Txatarreria Keaton taldearen emanaldia bertan behera geratu zen, eta eguenean egingo dute.
Euren emanaldiak 20ko hamarkadetako filmetan eta, batez ere, Buster Keaton aktore eta zuzendariarenetan daude oinarrituta; hain zuzen ere, ikusten diren irudiei musika ipintzen diete, betiere, inprobisazio saio baten.
Eguenean, hilak 24, herriko plazan, 23:00etan.

arrasate
> Ion2 disko-jartzaileak emanaldia egingo du 3.60 aretoan
Ion 2 (ellectric Fridays) disko-jartzaileak dantzarako musika ipiniko du 3.60 aretoan.
Bihar, zapatua, 04:00etan.

bergara
> Pikulitxa Roots dantza jaialdia egingo dute bihar
Honako taldeek parte hartuko dute: Bihotzez (pailazoak), Armiarma (Euskal Herriko flamenkoa), A-Marhaba (sabel dantza), Ras Reguilon & Riddim Family Band eta  Dingwash.
Bihar, zapatua, Gorlako zelaietan, 19:00etan.

Lehiaketak

arrasate, bergara
> 'Gomendatzen dizut!' lehiaketa deitu dute Gazte Bulegoek
Gomendatzen dizut! Merezi du delako lehiaketa deitu dute Arrasateko eta Bergarako Gazte Informazio Bulegoek. Oporretan ezagututako lekuen, zerbitzuen… gaineko gomendioak eskatzen dituzte. 12-34 urte arteko edozeinek parte har dezake. Argibideetarako, jo www.aizue.com webgunera.
Urriaren 26ra bitartean egongo da zabalik erakusketa.

bergara
> Film laburren lehiaketa deitu dute debagoiendarrendako
III. Film Laburren lehiaketa deitu du Bergarako Udalak. Debagoienean bizi den edozein aurkez daiteke, bakarka edo taldeka, eta edozein hizkuntzatan egindako filmekin. Gaia librea da, eta film laburra, bideo-klipa, iragarkia, irudi muntaia, esketxa, dokumentala, arte bideoa… edozein genero landu daiteke. Muga-iraupena 30 minutu da.
400 eta 300 euroko sariak eta, bi horietan bergararrik ez badago, bergarar onenarendako 150 euroko saria emango dituzte. Lanok Bergarako kultura etxean aurkeztu behar dira, eta azaroaren 3a da horretarako azken eguna.
Argibideak: www.bergara.net, edo 943 77 91 60 telefonoan.

Antzerkia

arrasate
> Ipuinen baloreen gaineko ipuin kontaketa izango da
Gazte Bulegoak eta Sexologia Zerbitzuak antolatutako udako aisialdi eta kultura egitarauaren barruan, ipuin kontaketa saioa izango da eguenean, honako izenburuarekin: Zein balio transmititzen dugu betiko ipuinekin? Arrasateko neska batzuek egingo dute emanaldia.
Eguenean, hilak 24, Biteri plazan, 19:00etan.

aretxabaleta
> Umeendako antzerkia egingo dute Hipo eta Tomaxek
Arkupe kultura etxea zabaldu dutela ospatzeko ekintzen artean, 4 urtetik gorakoendako antzerki saioa egongo da bihar, zapatua, Hipo eta Tomax taldearen eskutik. Sukaldarien istorio bat antzeztuko dute: Argiñano sukaldari famatuaren telebistako platoan batuko dira.
Ikuskizunera joateko sarrera 5 euro da.
Bihar, zapatua, kultura etxean, 17:00etan.

Ospakizunak

bergara
> Santa Marinako jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran
Santa Marinako auzotarrek jaiak izango dituzte egunotan. Hala, gaur, egubakoitza, umeendako kukainak, poniak eta bigantxak egongo dira (11:30); meza, eliza nagusian, eta Aritzeta abesbatzaren emanaldia segidan (19:00), eta XVI. Boccia Txapelketa (19:00); bihar, jaiak bukatzeko, Erretiratuen Eguna ospatuko dute: 20. Ibilaldi Neurtua erretiratuendako, aitonetan (10:30), XVII. Santa Marinako Txirrindularitza Saria (16:00), karta txapelketetako finalak eta sari banaketa, aitonetan (16:30) eta disko-festa, Matxiategin (22:30).
Ospakizunak gaur, egubakoitza, eta bihar, zapatua, izango dira.

antzuola
> Herriko jaiak eta alardea ospatuko dituzte antzuolarrek
Eguenean hasi ziren ospakizunetan bete-betean sartuko dira antzuolarrak aste bukaeran. Gaur, egubakoitza, I. Marmitako Lehiaketa, pilota partiduak, ikuskizuna… izango dira; bihar, zapatua, Mairuaren Alardea egingo dute 18:30ean, eta orain arte mairuarena egin duen Salvador Peñari omenalditxoa egingo diote. Afaria, rocka, bertsolariak, trikiti eguna… ere izango dira.
Mairuaren alardea 18:30ean hasiko da; lehen, 18:00etan zen.


oñati
> Madalena auzoko jaiak ospatuko dituzte egunotan
Madalenako jaiak ospatuko dituzte oraingo aste bukaeran. Honako ekintzak izango dira: gaur, egubakoitza, jaien hasiera eta Madalenaren jaitsiera (20:30); auzo afaria (21:15) eta rock jaialdia (02:00); bihar, zapatua, meza eta luncha (13:00), Gorritiren abereak eta herriko bertsolariak (18:00), erromeria Kaixo taldearekin (23:00) eta berakatz zopa-jana (goizaldean); eta etzi, domeka, meza, Oñati abesbatzak abestua, eta luncha (12:00); herri kirolak, Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolariarekin, auzoko trikitilariek girotuta (13:00); eta mus txapelketa (16:00).
Zapatuan, goizaldeko 03:00etan hasita, autobusa ibiliko da Oñatiko erdigune eta Madalena auzo artean.

arrasate
> Pedro Biteri arrasatear filantropoari gorazarrea
Arrasaten eta beste herri batzuetan eskolak sortu eta mantendu zituen Pedro Biteri zenari gorazarre ekitaldia egingo dio Arrasateko Udalak gaur, egubakoitza, eta parte hartzeko dei egiten diete herritarrei. Biteri jaio zela 175 urte betetzen dira gaur.
Gaur, egubakoitza,  Alfontso X.a plazan, 19:00etan.

oñati
> Arrano elkartearen 25. urteurrena ospatuko dute
Arrano elkarteak 25 urte betetzen dituela ospatzeko, hainbat ekintza antolatu dituzte biharko, zapatua. Besteak beste, triki-poteoa (12:00), bazkaria (14:30) eta gero, bertsolariak eta trikitilariak izango dituzte.
Hilaren 21ean, luncha izango dute Arranoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak