Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko uzt. 4a, 12:49
Aste bukaerarako ekintza ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez, ospakizunez edota herrietako jaiekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda zabala:

Musika

bergara
> Kontzertua egongo da gaur iluntzean Oilagorra tabernan
Oñatiko Ez taldeak kontzertua egingo du gaur, egubakoitza, Oilagorra tabernan. Irizar pasealekuko 3. zenbakian dago.
Gaur, egubakoitza, 19:30ean.

bergara
> Phonk Clubbin' Criminals taldea, zuzenean
Gasteizko Phonk Clubbin' Criminals taldeak emanaldia egingo du gaur, egubakoitza. Virginia de la Casak abestu egiten du, Parrutxok disko-jartzaile lan egiten du, eta Nando de la Casak teklatuak eta programazioa eramaten ditu. Kluba, dancea, musika elektronikoa… bateratzen dituzte.
Gaur, egubakoitza, Espoloian, 22:30ean.

oñati
> Rock kontzertua egongo da bihar, zapatua
Rock kontzertua egingo dute bihar honako taldeek: Afonia, Golpe de Estado, Never Surrender, Sospechosos, Dune Buggy, Doubling Boys eta Nealta Fola.
Bihar, institutu aurrealdean, 20:00etan.
oñati
> Ganbara eta Hondarribiko Nayade abesbatzak
Oñatiko Ganbara abesbatzak eta Hondarribiko Nayade abesbatzak emanaldia egingo dute. Esteban Urtzelaik zuzenduko du Ganbara, eta Alaitz Urkiak, Nayade.
Bihar, zapatua, Santa Ana antzokian, 19:30ean.

Antzerkia

bergara
> Helduendako ipuinak kontatuko ditu Jose Mari Carrerek
Jose Mari Carrere ipuin kontalariak Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka delako helduendako ipuin emanaldia egingo du.
Eguenean, hilak 10, Aroztegi aretoan, 19:00etan.

aretxabaleta
> Umeendako antzerki eta zirku emanaldia egongo da
Arkupe kultura etxearen inaugurazio ospakizunen barruan, Zirika Zirkus taldeak Bazen behin zirkoa delako emanaldia egingo du kultura etxean. 3-8 urte arteko umeendako ikuskizun parte-hartzailea da.
Loretxu y Bolintxe dira protagonistak: altxor bat, lagun piloa eta ehunka ipuin topatuko dituzte. Zirkuko emanaldiak egongo dira, eta irakurtzea zelako dibertigarria den erakutsiko diete umeei.
Bihar, zapatua, kultura etxeko Zaraia aretoan, 17:00etan.

Ospakizunak

aretxabaleta
> Puzgarriak eta txartel banaketa, merkatarien eskutik, bihar
Jendea non, giroa han. Aretxabaleta bizirik leloarekin, merkataritza suspertzeko asmotan, puzgarriak ipiniko dituzte Aretxarte herriko merkataritza elkartekoek bihar, zapatua.
Bestalde, egun horretan elkarteko dendaren baten gutxienez 25 euroko erosketa eginez gero, txartelak emango dizkiete erosleei. Horiekin, kioskoan gozokiak eskuratu ahal izango dituzte bezeroek, edo Brasileña kafetegian kafea edo Orly tabernan freskagarria hartu.
Puzgarriak, Gurea taberna osteko plazatxoan, 11:00etatik 13:00etara.

oñati
> Garagardo festa egingo du Aloña Mendi kirol elkarteak asteburu osoan
Karpa egongo da plazako aparkalekuan, gaur, 19:00-02:00; bihar, 12:00-02:00; eta etzi, 12:00-22:00. Garagardoa eta txerri eta oilasko okela zerbitzatuko dute Aloña Mendiko 14 sailetako kideek, eta kontzertuak eta animazioa egongo dira.

Elgeta
> Feria Nagusia ospatuko dute etzi, eta ospakizunak daude asteburu osoan
Etzi, domeka, da Elgetako jaietako egun handia, Feria Nagusia egingo dute-eta, 09:00etan hasita. Gaur, barikua, herri kirolak, umeendako jolasak, erromeria, rocka… egongo dira; eta bihar, zapatua, asto lasterketa, bazkaria, DJak…

Bergara
> San Martzialgo erromeria egingo dute bergararrek etzi, domeka
San Martzialera igoko dira bergararrak etzi, 10:00etan, gurdiarekin; han, meza entzungo dute, 11:00etan, eta dantzaldia, bertsoak, bazkaria… izango dituzte, 21:00ak arte; jaia San Martin plazan bukatuko dute.

Erakusketak

bergara
> Unai Azkarateren collage lanak ikusteko aukera
Unai Azkarate artista bergararrak egindako hainbat collage lan ikusteko aukera dago egunotan.
Espoloiko Hamaika tabernan dago.

aretxabaleta
> Kantauri itsasoko faunaren inguruko erakusketa
Txomin Rivera urpekari errenteriarrak ateratako argazki erakusketa dago, Kantauriko koloreak delakoa. Kantauri itsasoko flora eta fauna ikusgarrien irudiak dira. Arkupe kultura etxean dago zabalik erakusketa hori, uztail osoan barrena.
Bisita ordutegia: 11:00-13:00
eta 18:00-20:00.

bergara
> Esther Astarloaren zeramika lanen erakusketa Aroztegin
Esther Astarloa (1975) egilearen zeramika lanen erakusketa inauguratuko dute gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan. Hilaren 27a arte egongo da zabalik.
Arte Ederretan lizentziaduna da Esther Astarloa. Doktoretza ikastaroak baditu. Ikastaro asko egin ditu hainbat artistarekin, Euskal Herrian eta Espainian. Hezkuntzan ere lan egin du, ikastaroak eta maisu lanak egiten. Bere lanean, abstrakziorako joera dauka, baina konnotazio organiko nabarmena dute bere lanek. Eskulturak zeramika teknikarekin landutakoak dira.
Bisita ordutegia: martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan: 12:00-14:00.

oñati
> Corpus prozesioko irudiak erakusketan ipini dituzte
Corpuseko prozesioko irudien erakusketa ipini dute Kofradiakoek.
Parrokian dago erakusketa, eta honako ordutegian bisita daiteke: zapatuetan, 11:00-14:00 eta 17:30-20:30; domeka eta jaiegunetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00; eta jai bezperetan, 17:30-20:30. Bestalde, uztail eta abuztuan, turismo bulegoko bisita gidatuen barruan egongo da erakusketa.
Urriaren 26ra bitartean egongo da zabalik erakusketa.
bergara
> Historiako pertsonaia homosexual eta transexualak
Ekainaren 28a, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna, pasatu berri dela-eta, EHGAM elkartearen erakusketa bisitatzeko parada dago oraindik: Historiako pertsonaia gay/lesbiana/transexualak du izenburua eta uztailaren 11 arte egongo da zabalik.
Bisita ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 18:00-21:00; zapatuetan, 12:00-14:00.

eskoriatza
> Jose Aranaren inguruko erakusketa bisitatzeko parada
Jose Aranaren heriotzaren mendeurrena dela eta, haren gaineko erakusketa ikus daiteke Ibarraundi museoan. Erakusketaren gaineko liburuxkak ere banatuko dituzte.
Bisita ordutegia hauxe da: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Urria arte egongo da zabalik.

Ikuskizunak

aretxabaleta
> Vietnamen inguruko diapositiba emanaldia, eguenean
Amaia Belokik Vietnamen zehar delako diapositiba emanaldia gidatuko du datorren eguenean, hilak 10. Eguenean, kultura etxean, 19:30ean.

arrasate
> Kale antzerki emanaldia egingo du Markeliñek plazan
Arrasateko Udaleko Kultura Sailak antolatu dituen aire zabaleko emanaldi sortako lehena egingo du Markeliñe taldeak. Terapia antzezlana egingo du, Herriko Plazan. Propio kalean antzezteko pentsatutako lana da, keinuetan eta ikusteko sorpresatan oinarrituta. "Gure bizitza osorako aukeratu dugun bizi lagunari buruz" hausnartzea proposatzen digute.
Bihar, zapatua, Arrasateko plazan, 22:30ean.

Lehiaketak

arrasate, bergara
> 'Gomendatzen dizut!' lehiaketa deitu dute Gazte Bulegoek
Gomendatzen dizut! Merezi du delako lehiaketa deitu dute Gazte Informazio Bulegoek. Oporretan ezagututako lekuen, zerbitzuen… gaineko gomendioak eskatzen dituzte. 12-34 urte arteko edozeinek parte har dezake.
Argibideak: www.aizue.com.

eskoriatza
> I. San Pedro jaietako Argazki Lehiaketako epea, zabalik
Udalak lehenengo urtez antolatu du aurten San Pedro jaien gaineko argazki lehiaketa, eta lanak bidaltzeko epea zabalik dago uztailaren 18a arte. Argazki digitalak izan behar dira, JPG formatuan eta luzera eta zabaleraren arteko 4x3 faktore proportzionalean –adibidez, 2.000x1.500 pixel. Argazkiak honako helbidera bidali behar dira: kultura@eskoriatza.net, fitxategiaren izen gisa argazkiaren izenburua jarrita: adibidez, kalejira.jpg.
Honako sariak emango dituzte: argazki onenaren egileari, 150 euro; bigarren onenari, 100 euro; eta hirugarren onenari, 50 euro. Bestalde, jasotako argazki guztiak www.eskoriatza.net webgunean ipiniko dituzte. Mugaeguna: uztailak 18.

Bestelakoak

arrasate
> Poesia musikatu emanaldia eta bidaiatzeko aholkuak
Gazte Bulegoak eta Sexologia Zerbitzuak antolatuta, Ain-1-en poesia musikatu emanaldia egongo da martitzenean, hilak 8, eta bidaiatzeko aholkuak emango ditu Mertxe Bilbao bidaiariak eguenean, hilak 10. Biteri plazan, 19:00etan.

arrasate
> 'Esklerosi Anizkoitzagatik busti zaitez!' igeriketa kanpaina
Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkarteak Busti Zaitez! delako kanpaina egingo du etzi, domeka, aurten laugarrenez. Helburua da gizartean sentsibilizazioa piztea eta gaixotasun horren gainean informatzea. Horretarako, Musakolako igerilekuetan ibiltzera dei egiten dute; egindako metro guztiak kontatuko dituzte. Etzi, domeka, Musakolako kiroldegiko igerilekuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak