Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko eka. 27a, 12:14
Aste bukaerarako ekintza ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez, ospakizunez edota San Juan jaiekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda zabala:

Musika

bergara
> Bihotz Bakartien Klubak 'Katamalo' aurkeztuko du
Debagoienean egondakoa da Bihotz Bakartien Klub literatura taldea, poesia eta musika bateratzen. Oraingoan, Larrabetzukoek Katamalo disko eta ikuskizun berria ekarriko dute. Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Nerea Urbizu (Itzalak) eta Jon Piris (Ruper Ordorika) musikariak batu zaizkie, eta Gotzon Barandiaranen poemetan oinarritutako abestiak egin dituzte.
Gaur, egubakoitza, Espoloian, 18:00etan, Jardunek antolatuta.

oñati
> Oskorrik Oñatiko bandarekin joko du uztailaren 18an
Oskorrik eta Oñatiko musika bandak batera joko dute uztailaren 18an, Banda Band biraren barruan. Kontzerturako sarrerak salgai daude kultura etxean, 10 eurotan; egunean bertan, txarteldegian, 12 euro kostatuko dira.
Kontzertua kiroldegian izango da, 22:30ean.


arrasate
> Arrasate Musikaleko Big Bandak kontzertua egingo du
Arrasate Musikal musika eskolako Big Bandak emanaldia egingo du. Euren ohiko estiloak ukituko dituzte: jazza, bossa, funka, rocka…
Gaur, egubakoitza, Monterron parkean, 22:30ean.

bergara
> Disko-jartzaileen emanaldiak egongo dira Ziripot tabernan
Gaur, egubakoitza, DJ Paki (kpk) disko-jartzailearen emanaldia egongo da Ziripot tabernan, eta bihar, zapatua,   I-Real Workhouse-rena.
Emanaldi biak 23:00etan izango dira.

bergara
> Orkestra Sinfonikoak, San Martzialeko kontzertua
San Martzial eguna datorrela ospatzeko, Bergarako Orkestra Sinfonikoak kontzertua egingo du gaur, egubakoitza, Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzenduta.
Honako piezak joko dituzte: Tanhauser martxa handia (R. Wagner), Iphigenie in aulis obertura (C.W. Gluck), Valse triste (J. Sibelius), Elisabeth musikala (Kunze-Levay) eta The last of the Mohicans-eko soinu banda (Jones-Edelman; Alfredo Gonzalez Chirlaquek moldatuta).
Gaur, egubakoitza, San Pedro parrokian, 20:00etan.

bergara
> Musika bandak kalejira eta kontzertua egingo ditu
Bergarako Udal Musika Bandak San Martzialetako emanaldiak egingo ditu etzi, domeka. Lehenengo, kalejira egingo du: San Martin plazan hasi eta Bidekurutzeta, San Pedro, Artekale eta Barrenkaletik pasatu eta gero, San Martin plazan bukatuko dute.
Gero, kontzertua egingo du Espoloiko kioskoan, honako errepertorioarekin: Lagartijilla pasodoblea (J. Martín), Algona obertura (J. V. der Roost), Raquel vals erromantikoa (M. Gonzalez Bastida), San Martzial euskal estanpak (M. Gonzalez Bastida) eta American beauties (N. Iwai). Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzenduko ditu.
Etzi, domeka; kalejira 11:30ean hasiko da, eta kontzertua, 12:30ean, Espoloiko kioskoan.

arrasate
> Enboskada, Malos Tiempos eta Hell Beer Boys taldeak
Hiru talderen kontzertua egongo da egubakoitzean. Enboskada talde arrasatearrak punk-rock doinuak joko ditu; Beasaingo Hell Beer Boys taldea streetpunk musikarekin etorriko da, euren laugarren diskoa aurkezten; eta Donostia aldeko punk beteranoek osatutako Malos Tiempos taldeak ere joko du, izen bereko diskoa aurkezten. Santos Inocentes, Micky Kaos eta inguru horretako beste talde askotan ibiliak dira, eta eskarmenturik gabeko Marijo batu zitzaien izaera handiz abesteko. Taldekideen esanetan, gaur egungo garaiak lehengoak baino okerragoak dira; eta halakoak dira kantuen hitzak. Musikari dagokionez, 80ko hamarkadako punka egiten dute, oso iluna batzuetan eta melodikoa beste batzuetan; eta Oi!-ari ere tarteka keinu batzuk egiten dizkiete. Horrez gain, Bob Geldof eta Cock Sparrer-en bertsio bana ere grabatu dituzte.
Gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan, 23:00etan; sarrera 5 euro da.

arrasate
> Gasteizko Sergio Absolut DJak emanaldia egingo du 3.60an
Xixonen jaio eta gaur egun Gasteizen bizi den Sergio Absolut disko-jartzaileak emanaldia egingo du. 1996an hasi zuen bere ibilbidea, tech house eta techno Detroit emanaldiekin. Asturiasko hainbat klubetan jo ondoren –Oxigeno, Particular, El Club…–, Gasteizen errotu zen, eta hango hainbat klubetan –Cairo Stereoclub, Tapioca…– emanaldiak egiten hasi zen, azkenean Absolut-en finkatu eta hango erresidente bihurtu arte. Bere estiloa minimal, elektro, italo, tech, brokenbeats… estiloetan oinarritzen da.Bihar, zapatua, 3.60 aretoan, 04:00etan.

Ospakizunak

oñati
> Torreauzoko jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran
San Pedroak ospatuko dituzte Torreauzon. Honako egitaraua prestatu dute: bihar, zapatua, etxafuego jaurtiketa (09:00), kalejira baserririk baserri (10:00), auzo txikiteoa (13:00), 24. Mus Txapelketa (16:00), Arnoren zezenen erakustaldia (17:00), umeendako txokolate-jana eta goxokiak (19:00) eta Gau-Alai taldeak girotutako erromeria (20:00; 23:00etan jarraituko du). Etzi, domeka, honako ekintzak egongo dira: XI. Torreauzoko Herri Krosa (10:30), sari banaketa (12:00), meza nagusia (12:30), luntxa herriko trikitilari, bertsolari eta dantzariekin (13:00) eta auzotarrendako bazkaria (14:30).
Ekintza guztiak, bihar, zapatua, eta etzi, domeka.

oñati
> Zubillagan jaiak izango dituzte aste bukaera osoan
Honako egitaraua gertatu dute: gaur, egubakoitza, txupinazoaren ondoren, futbolin txapelketa (19:00) eta rock kontzertua: Desprezio, Rombos negros, Clavo oxidado eta Banda de Pegaso (22:30); bihar, zapatua, umeendako jolasak (16:30), mus azkar txapelketa (17:00), bertso afaria (21:00) eta dantzaldia (22:30); eta etzi, domeka, meza (11:00), luntxa eta erretiratuei omenaldia (12:00-14:00), zinta lasterketa (17:30), Ganbara Txikiren kontzertua (19:30) eta musika emanaldia frontoian (20:00).
Ekintzak egongo dira gaur, egubakoitza, hasi eta domekara bitartean.

bergara
> San Martzialera erromesaldia egingo dute, eta datorren domekan, erromeria
San Martzial egunean, astelehenean, erromesak auzo horretara igoko dira, letania errezatzen. 07:30ean irtengo dira Santa Marinatik. Han, meza entzungo dute. Datorren domekan, uztailak 6, San Martzialeko erromeria ospatuko dute.

oñati
> Bazkaria, antzerkia, kontzertuak… bihar, zapatua, IV. Gaztetxe Egunean
Triki-bertso-poteoa, herri bazkaria, jokoak, kale agerraldia eta kontzertuak –Mak, Sanlo Garage Brothers, Vomitori tributua eta The Witols– egongo dira. Gaur eta etzi ere ekintzak izango dira. Argazkian, iazko kontzertu bat.

Erakusketak

bergara
> Unai Azkarateren collage lanak ikusteko aukera
Unai Azkarate artista bergararrak egindako hainbat collage lan ikusteko aukera dago egunotan.
Espoloiko Hamaika tabernan dago.
antzuola
> Sexu askapenaren inguruko erakusketa egongo da zabalik
Ekainaren 28ren, Sexu Askatasunaren Egunaren harira, Borroka baten koloreak delako erakusketa egongo da Olaran etxean. EHGAM elkarteak egindako lanaren lekuko, 24 koadro ipiniko dituzte.
Bisita ordutegia: zapatuan eta domekan, 12:30etik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era.

eskoriatza
> Jose Aranaren inguruko erakusketa inauguratuko dute
Jose Aranaren gaineko erakusketa inauguratuko dute gaur, egubakoitza, Ibarraundi museoan. Erakusketaren gaineko liburuxkak ere banatuko dituzte.
Gaur, egubakoitza, Ibarraundi museoan, 19:00etan.

oñati
> Korpus prozesioko irudiak erakusketan ipini dituzte
Korpuseko prozesioko irudien erakusketa ipini dute Kofradiakoek. Parrokian izango dira ikusgai, honako ordutegian: zapatuetan, 11:00-14:00 eta 17:30-20:30; domeka eta jaiegunetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00; eta jai bezperetan, 17:30-20:30. Bestalde, uztail eta abuztuan, turismo bulegoko bisita gidatuen barruan egongo da erakusketa.
Urriaren 26ra bitartean egongo da zabalik erakusketa.

Bestelakoak

donostia
> Euskal Herriko –tartean, ibarreko– motorzaleen batzarra
Debagoieneko motorzale batzuek dei egiten dute etzi Donostian egingo den Euskal Herriko motorzaleen batzarrera joateko. Errepidean motorzaleak babesteko neurri hobeak eskatuko dituzte.
Honako ibilbidea egingo dute: Tolosa etorbidea, Concha, San Martin, Miracruz, Bidebieta, Antiguo eta Juan Ramon Arantzabal motorzalea hil zen lekutik pasatuko dira gero.
Etzi, domeka, batuko dira Ibaetako aparkalekuan, 10:00etan.


arrasate
> Grafitiak eta DJ baten emanaldia izango dira datorren eguenean
Gazte Bulegoak eta Sexologia Zerbitzuak aisialdi programa antolatu dute, eta lehenengo emanaldia eguenean, hilak 3, izango da, Biteri plazan. Esan-ek grafitiak egingo ditu eta DJ Kirrinek, musika ipini. 


oñati
> Ekitaldi irekiak, Lege Soziologiaren Erakundeak antolatuta
Lege Soziologiaren Nazioarteko Erakundeak antolatu dituen udako ikastaroen barruan, honako ekitaldi irekiak egingo dituzte: martitzenean, uztailak 1, Munduko Emakumeak delako jardunaldi irekia egongo da, kultura etxean, 17:00etan; eguaztenean, hilak 2, SOS Arrazakeriak berriketaldia bideratuko du, eta El lobo de los cuentos filma emango dute, hori ere kultura etxean, 17:00etan; azkenik, eguaztenean ere, Oñatz dantza taldeak emanaldia egingo du Unibertsitateko klaustroan, 19:30ean.
Argibideak, www.iisj.es webgunean.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak