Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko ekainaren 20a

Aste bukaerarako ekintza ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez, ospakizunez edota San Juan jaiekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda zabala:

Musika

bergara
> Musika eskolako diplomadunek kontzertua egingo dute
Bergarako musika eskolan diploma jasotzen dutenek kontzertua egingo dute gaur, egubakoitza. Hainbat musika tresna joko dituzte. Kontzertua eta gero, diplomak banatuko dituzte, eta luntxa egongo da gurasoendako. Gaur, egubakoitza, euren egoitzan, 19:00etan.


bergara
> Ikasturte amaierako kontzertua egingo du Orfeoiak; sarrera doan da
Bergarako Orfeoiak kontzertua egingo du etzi, Mariaren Lagundiaren elizan, 20:00etan. Rutter, Sarasola, Lauridsen, Shearing eta beste batzuen lanak eskainiko dituzte. Aitor Biainek zuzenduko ditu, eta Eli Mendiaratzek, pianoa jo.


arrasate
> Ikasturte amaierako kontzertua, Arrasate Musikalek
Arrasate Musikaleko ikasleek ikasturtean barrena eureganatu dutena erakutsiko dute gaur.
Gaur, egubakoitza, Amaia antzokian, 18:30ean.

bergara
> Gabero eta Orfeoi Txikiko abesbatzen emanaldia
Gabero eta Orfeoi Txikiko abesbatzek kantu emanaldia egingo dute gaur, egubakoitza.
Gaur, Mariaren Lagundiko elizan, 20:00etan.

oñati
> Ganbara Txiki, Txikitxo eta kantu tailerren kontzertua
Ganbara Txiki, Ganbara Txikitxo eta kantu tailerretako umeek ikasturte amaierako kontzertua egingo dute bihar, zapatua. Talde bakoitzak bere emanaldia egingo du, eta, bukaeran, denek batera abestuko dute. Alaitz Urkiak eta Aitor Biainek zuzenduko dituzte, eta Araceli Guridik pianoa joko du.
Sarrerak salgai daude kultura etxean: 18 urtetik gorakoendako, 5 eurotan, eta besteendako 3 eurotan. Bihar, Santa Ana antzokian, 19:00etan.


arrasate
> Küm, Tigger Travis eta Seventhate taldeak, kontzertuan
Küm rock esperimental taldeak diskoa aurkeztuko du 3.60 aretoan. Karlos Osinagarekin grabatu dute, Bonberenea aretoan, Ekerot trio, Xabi mockba, David zura, Genua, Ohia eta beste batzuen elkarlanarekin. Tigger Travis eta Seventhate taldeek ere joko dute gau horretan.
Gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan, 22:30ean.

arrasate
> Disko-jartzaileen emanaldiak izango dira 3.60 aretoan
Bihar, zapatua, Alain (elektronische) disko-jartzaileak egingo du emanaldia, eta astelehenean, hilak 23, San Juanetako emanaldi berezi moduan, Elektit-ek.
Emanaldiok 04:00etan hasiko dira.

Bertsolaritza

oñati
> Umeei zuzendutako 'bertsotxongilo' emanaldia
Bertso Eskolak antolatuta, 3 eta 8 urte arteko umeendako Hitzen lapurra delako bertsotxongilo emanaldia egongo da, 17:00etan. Sarrera 3 euro kostatuko da. Lau lagunek hitzen lapurrari aurre egingo diote, umeek lagunduta. Etzi, domeka, Santa Anan, 17:00etan.

Ospakizunak

arrasate
> Capoeira erakustaldia eta Ardo eta Gazta Eguna, San Juanak hasi aurretik
San Juanen aurretik, bi ospakizun izango dira: capoeira dantza erakustaldia, gaur, egubakoitza, Monterron parkean (22:30); eta Ardo eta Gazta Eguna bihar, Herriko plazan eta Seber Altuben (11:00 eta 18:00).

bergara
> Ikasturte amaiera ospatuko dute umeek Jardunekin
Jardun euskara elkartearen ekintzetan parte hartzen duten ume eta gaztetxoek ikasturte bukaera ospatzeko aukera izango dute gaur, egubakoitza, jaialdi baten. Euskara errefortzuetara joaten diren umeak, trikiti eta pandero taldekoak eta beste batzuk egongo dira, eta emanaldiak egingo dituzte.
Gaur, egubakoitza, Munibe plazan, 18:00etan.

bergara
> Euskal Astearen bukaera San Martin ikastetxean
San Martin Agirre ikastetxean, Euskal Astea ospatu dute oraingo aste osoan. Gaur, egubakoitza, bukatuko dira ospakizunak: musika eguna eta Azken Txanpa lehiaketa izango dituzte.
Gaur, egubakoitza.

oñati
> Ikasturte bukaerako jaialdia Elkar Heziko haurtzaindegian
Elkar Hezi ikastetxeko haurtzaindegiko lorategian, ikasturte amaiera ospatuko dute ikasle, guraso eta irakasleek. 17:30ean, Monda Lironda taldearen Baietz lortu delako emanaldia izango dute; 18:30ean, txitxi-burduntzia; eta, arratsalde osoan, musika, jolasak…
Gaur, egubakoitza, Elkar Heziko haurtzaindegiko lorategian, 17:30ean hasita.

aretxabaleta
> Kalejira-berbena eta beste ekintza batzuk, ludotekarekin
Ludotekako azken jaia ospatuko dute gaur, egubakoitza: 7-12 urte artekoendako ginkana (16:00), Goloka taldearen antzezlana (18:00), eta kalejira-berbena Benta Zarreko Mutiko Alaiekin (19:30). Kalerik kale ibiliko dira San Juan bezperarako animuak berotzen.
Gaur, egubakoitza, Arlutz osteko plazan, 16:00etan hasita.

eskoriatza
> Jai Zapatista ospatuko dute bihar, zapatua
Biharko Jai Zapatistarekin bukatuko da Eskoriatzan mugimendu horri eskainitako astea. 12:00etako txupinazoa eta gero, poteoa egongo da; 14:30ean, herri bazkaria plazan; segidan, animazioa. 19:30ean, Guzti-guztiontzako lekua duen mundu baten aldeko kalejira egingo dute; eta 21:30ean, plazan, Egunsenti berrirantz musika jaialdia egongo da.
Gaur, Zapajokoak (18:00) eta Elikagaien subiranotasuna hitzaldia (19:30) egongo dira.


oñati
> Zu Zeuk! jaialdia egingo dute gaur, 12-16 urte artekoendako
Kalexka aisialdi taldeak antolatuta, Zu Zeuk! delako jaialdia egongo da gaur, 12 eta 16 urte arteko umeendako, bereziki, baina beste edozeinendako ere zabalik dago. Bizikleta eta skate pistak, rokodromoa, tirolina eta puzgarriak izango dituzte. Gero, 19:30ean, karaokea eta festa izango dituzte gaztelekuan.
Arratsaldeko ekintzak, Foruen plazan, 16:30etik 19:00etara; eguraldi txarra egiten badu, kiroldegian.

bergara
> Gaztetxearen 8. urteurreneko ospakizun gehiago
Gaztetxearen 8. urteurrena ospatzeko ekitaldiek jarraituko dute oraingo aste bukaeran. hain zuzen, gaur, egubakoitza, marrazki tailerra izango dute, eta bihar, zapatua, gaztetxeko antzerki taldeak Enramonados: somos diferentes, somos iguales antzezlana egingo du.
Antzezlana, bihar, zapatua, 22:30ean.

oñati
> Garagaltza auzoan jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran
Garagaltza auzoko jaiak izango dira aste bukaeran. Bihar, zapatua, auzoko bertsolarien ikuskizuna, auzo bazkaria eta mus txapelketa egongo dira; etzi, domeka, meza eta luntxa.
Ekintzak egongo dira bihar eta etzi.

eskoriatza
> San Juan sua egingo dute astelehenean, plazan
San Juan bezperan, astelehenean, hainbat ospakizun izango dituzte: herriko plazan batuko dira txorimaloaren bila joateko (18:00); umeendako su japoniarrak (19:30), gazta eta edatekoak (19:30), San Juan sua –aurten, 1991n jaiotakoek isiotuko dute– (22:30); gero, txistuak lagundutako erromeria eta su gainetik salto egiteko aukera; eta, bukatzeko, 1991n jaiotakoek tantaia jasoko dute (22:30).
Ospakizun guztiak herriko plazan egingo dituzte.

Erakusketak

arrasate
> Lesbianismoaren ibilbidearen gaineko erakusketa dago
Udal Emakume Sailak antolatuta, Aldarte gay, lesbiana eta transexualendako arreta zentroak prestatutako erakusketa dago Arrasaten. Bidean: ezkutukotik ikusgarritasunera, 1977-2007 du izena erakusketak, eta, 18 paneletan, 1977. urteaz geroztik lesbianen eta feministen mugimenduek egindako lana erakusten du, kartel, aldizkari eta dokumentuen bidez. Irudiok kronologikoki ordenatuta daude. Bisita egunak: domeka arte, Kulturateko klaustroan, 17:30etik 20:30era.

oñati
> Amazoniako herrien gaineko argazki erakusketa
Jose Angel Areta Goñi, Juxe, argazkilari errenteriarrak egindako Amazoniako oihanetik Pazifikoko kostaldera izeneko erakusketa dago gaztelekuko kuboan.
Argazkilariak Amazonia eta Ekuador aldera egindako bidaian atera zituen argazkiotan, hango herrien bizimodua eta kultura islatzen dira.  Bisitatzeko azken eguna, etzi, domeka. Ordutegia: 18:30-20:00.

bergara
> San Martzialgo erromeriaren gaineko argazkiak
San Martzialgo erromerixia izeneko argazki erakusketa dago zabalik Aroztegi aretoan. Urriaren 26ra bitartean egongo da zabalik.
Bisita ordutegia: astegunetan, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan, 12:00-14:00.

Bestelakoak

oñati

Klown emanaldia egingo du Ukraniako talde batek etzi, gaztelekuan. Kiev-eko Mimirichi klown taldeak Paperezko gerra muntaia egingo du, mezu bakezalea duen antzezlana. Kaleko bufoi eslaviarren tradizioa Europako antzerki mimikoarekin (Chaplin, Marceau) bateratzen dute. 18:00etan da saioa.

 

bergara
> Altxorraren Bila jokoa antolatu du Jardunek biharko
Jardun euskara elkarteak antolatuta, Altxorraren Bila delako jokoan egiteko aukera izango dute 12 eta 15 urte arteko umeek. Jokoa 17:00etan hasiko da.
Bihar, zapatua, herriko kaleetan, 17:00etan hasita.

Oñati
> Afari solidarioa eta berriketaldia egingo dituzte gaur
Oñatiko Pastoral Barrutiko Misio Taldeak antolatuta, afari solidarioa egingo dute gaur. Aurrekoetan bezala, afaltzeko patata tortilla letxugarekin egongo da. Ondoren, berriketaldia egingo dute.
Gaur, egubakoitza, Bidaurretako fraideen etxean, 20:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak