Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko eka. 13a, 12:19
Aste bukaerarako ekintzan ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez edota ospakizunekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda:

Ospakizunak

eskoriatza
> Eskoriatza Kirol Elkartearen eguna ospatuko dute bihar
Hauxe da egitaraua: areto-futbol partidua, beteranoen eta neska taldearen artean (10:00); saskibaloi partidua, gizonezko beteranoen eta emakumezko beteranoen artean (11:15); eskalatzaileen erakustaldia (11:45); umeendako jokoak, plazan (11:00); tortilla lehiaketa (11:00-12:00); disko-musika (12:00); motorren kontzentrazioa (12:30); herri kirol bazkaria (14:00); txuleta-jana (18:30); pilotari ohien partiduak (19:00); disko-musika (19:30) eta jai bukaera (23:00).
10:00etatik 23:00etara, denetariko ekintzak izango dira.

bergara
> Gaztetxearen 8. urteurreneko ospakizunak izango dira
Honako ekintzak antolatu dituzte biharko, zapatua: bazkari begetarianoa (14:30ean; izenematea, Pol-Polen edo gaztetxean); Los pies en la tierra liburu aurkezpena, Dani Lopezekin; agroekologiaren gainean egingo du berba (16:30); eta, gauean, Turboshit eta Obligaciones taldeen kontzertua.
Bestetik, etzi, domeka, Izotzezko eskaladak Perun delako diapositiba emanaldia egingo du Iñigo Mujikak (21:30).
Hainbat ekintza bihar, zapatua, eta etzi, domeka.

elgeta
> Motorzaleen jaia ospatuko dute aste bukaera osoan
Gaur, izenematea (20:00), afaria (20:30) eta boleta txapelketa (22:30) izango dituzte; bihar, zapatua, izenematea (10:00), gosaria (10:00-11:30), ibilbidea eta jokoak (18:00), ikuskizuna (20:30), afaria eta ezustea (21:30) eta Dune Buggy, The Fever eta Fision Boyz taldeen kontzertua (00:00); eta etzi, domeka, gosaria (10:00-11:30) eta ibilaldia, luntxa eta agurra (12:00).
Ekintzak gaur 20:00etan hasiko dira, eta domeka eguerdian bukatuko da jaia.

arrasate
> Presoenganako Elkartasun Eguna ospatuko dute bihar
Presoen aldeko egun osoko jaialdia izango da bihar, honako ekintzekin: umeen txokoa Biteri plazan (11:00), herri kirolak (11:30), manifestazioa (13:00), herri bazkaria (14:00) eta kontzertuak herriko taberna gehienetan eta, 22:00etan, Monterronen.
Ekintza guztiak, Biteri plazan, herriko tabernetan eta Monterronen; agerraldia, Seber Altuben hasita.

bergara
> San Antonio auzoko jaiak ospatuko dituzte
Gaur, Paduako San Antonio eguna, meza (10:30), San Joxepe abesbatzaren kontzertua eta luntxa (12:00), bederatziurrena (20:00) eta afaria (21:00) izango dira; bihar, zapatua, basurdeak, poniak eta zezentxoak (12:00), mus txapelketa (16:00), 72. San Antonio Txirrindularitza Saria (16:00), mus txapelketako sari banaketa eta afaria (20:00).
Ekintza nagusiak gaur eta bihar egingo dituzte.

bergara
> Bertso afaria ospatuko dute bihar Osintxun
Bertso afaria izango dute bihar Xabi Paia eta Andoni Egaña bertsolariekin, frontoian, 21:00etan; baina, egunean barrena, beste ekintza batzuk izango dituzte: mendi irteera 07:00etan; bazkaria eguerdian (izenematea, Txuringon); triki-poteoa 20:00etan, eta, afariaren ondoren, erromeria.
Osintxuri buelta, bazkaria, poteoa… izango dituzte bihar.

arrasate
> Hirurehun ume eta 11 konpainia irtengo dira danborradan bihar, zapatua
Sanjuanen atarian, danborrada egingo dute umeek bihar, zapatua. 300 ume ibiliko dira herriko kaleetatik, 11 konpainiatan banatuta. Danborrada 19:00etan hasiko da, Nafarroa etorbidean, eta 21:00ak aldera bukatuko da, plazan.

arrasate
> Gobernuz kanpoko erakundeen hainbat ospakizun, bihar
Bidezko merkataritzako produktuak erakutsi eta salduko dituzte, tea emango dute dastatzeko, Saharako dantzak erakutsiko dituzte, umeendako jokoak eta jolasak egongo dira… 10:00etan hasita, Ibai-Artek emandako produktuen tonbolako txartelak salduko dituzte. 20:00etan, Mugarik Gabeko Zinemaldiaren barruan, Urre beltza dokumentala emango dute.
Ekintza guztiak bihar, zapatua, egingo dituzte, Seber Altube plazan, 10:00-20:00.

Musika

bergara
> Loud-E disko-jartzaileak emanaldia egingo du bihar
Kogollo Disko Krew taldeak gonbidatuta, Loud-E disko-jartzaileak emanaldia egingo du GoJam aretoan. Gaur egun disko musikaren inguruan dabiltzan DJ esanguratsuenetariko bat da. Horrez gain, DJ Zero bartzelonarrak ere jardungo du, 7notas7colores taldeko sortzaile izateagatik ezaguna. Oreretako Mikel Kobakek eta kolektiboko Balzak ipiniko dute musika.
Sarrera eta edaria 12 euro kostatuko da.
Bihar, zapatua, GoJam aretoan, 00:00etan.

bergara
> Disko-jartzaileen emanaldiak izango dira Ziripot tabernan
Gaur, egubakoitza, DJ Dubby (kpk) disko-jartzaileak musika ipiniko du Ziripot tabernan. Bihar, zapatua, Imanol Costas DJ-k egingo du emanaldia.
Saiook 23:00etan hasiko dira.

bergara
> Obligaciones eta Turboshit taldeek emanaldia egingo dute
Gasteizko Obligaciones eta Bergarako Turboshit taldeek kontzertua egingo dute bihar, zapatua. Gaztetxearen 8. urteurreneko ospakizunen barruan antolatu dute emanaldi hori.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 23:00etan.

bergara
> Decepción eta Crisis taldeen kontzertua, Oilagorra tabernan
Oilagorra tabernak Decepcion eta Crisis taldeen kontzertua antolatu du gaurko, egubakoitza. Sarrera doan izango da.
Gaur, 19:00etatik 23:00etara.

bergara
> Musika eskolako orkestrako ganbara eta orkestra
Orkestrako ganbara taldeak Mozart, Vivaldi, Rimski-Korsakov eta Purcellen lanak joko ditu, Andoni Sierrak zuzenduta; eta orkestrak, berriz, irlandar kantak, frantziar kantak, Edelweiss (R. Rodgers) eta Cosi Fan Tutte-ko Terzettino (W.A. Mozart) joko ditu.
Gaur, egubakoitza, Mariaren Lagundiko elizan, 19:00etan.º

arrasate
> Arrasate Musikalek hainbat kontzertu egingo ditu
Arrasate Musikal eskolako taldeek ikasturte bukaerako emanaldiak egingo dituzte: gaur, egubakoitza, Monterronen egingo dute, 18:30ean; bihar, zapatua, umeen danborradan parte hartuko du bandak; hilaren 17an, martitzena, Caja Navarraren egoitzan joko dute, 18:00etan; 18an, eguaztena, musika eskolan, 19:30ean; eta datorren astean, emanaldi gehiago egingo dituzte.
Gaur, Monterronen joko dute, 18:30ean.

arrasate
> Beñat disko-jartzaileak emanaldia egingo du
Beñat (Silum Soundz) disko-jartzaileak dantzarako musika ipiniko du 3.60 aretoan.
Bihar, zapatua, 3.60an, 04:00etan.

Erakusketak

bergara
> San Martzialgo erromeriaren gaineko  argazkiak eta hitzaldia, gaur
San Martzialgo erromerixia izeneko argazki erakusketa irekiko dute gaur Aroztegi aretoan. Horren barruan, gaur, Jose Ignacio Homobono irakasleak euskal erromerien eta erromeria horren gainean berba egingo du, 19:00etan.

arrasate
> Lesbianismoaren gaineko irudi erakusketa dago
Udal Emakume Sailak antolatuta, Aldarte gay, lesbiana eta transexualendako arreta zentroak prestatutako erakusketa egongo da Arrasaten. Ekainaren 28an Gay, Lesbianen eta Transexualen Eguna delako antolatu dute honako erakusketa. Bidean: ezkutukotik ikusgarritasunera, 1977-2007 du izena erakusketak, eta, 18 paneletan, 1977. urteaz geroztik lesbianen eta feministen mugimenduek egindako lana erakusten du, kartel, aldizkari eta dokumentuen bidez. Modu kronologikoan ordenatuta daude panelok, eta lesbianen helburu eta erreibindikazio nagusiak azaltzen dituzte.
Bisita egunak: ekainaren 17tik 22ra, Kulturateko klaustroan, 17:30etik 20:30era. Hilaren 18an, bisita gidatua egingo du Aldarteko kide batek, 19:00etan.

arrasate
> Ekin Emakumeak elkartearen eskulan eta orrratz-lanak
Ekin Emakumeak elkarteko kideek egindako eskulan eta orratz-lanen erakusketa gaur, egubakoitza, irekiko dute, 18:00etan. Ekainaren 20a arte egongo da zabalik, honako ordutegian: zapatu eta domekan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta astelehenetik egubakoitzera, 18:00-20:30.
Irekiera, gaur, Harresi aretoan, 18:00etan.

oñati
> Amazoniako herrien eta bizimoduen gaineko argazki erakusketa, gaur hasita
Jose Angel Areta Goñi Juxe argazkilari errenteriarrak egindako Amazoniako oihanetik Pazifikoko kostaldera izeneko erakusketa zabalduko dute gaur gaztelekuko kuboan. 18:30etik 20:00etara egongo da zabalik, hilaren 22a arte.

Ikuskizunak

eskoriatza
> Mugarik Gabeko Zinema Jaialdiko azken emanaldia
Gaur, egubakoitza, bukatuko da Mugarik Gabeko Zinema Jaialdia. Alamitou film laburra emango dute lehenengo, Etiopiako nerabe baten bizimoduaren gainean, eta Bridge over the Wadi (Wadi gaineko zubia) delako dokumentala, arabiarrak eta judutarrak batzen dituen eskola baten inguruan, segidan.
Gaur, Ibarraundi museoan, 19:00etan.

Bestelakoak

arrasate
> Ilargia, Saturno eta Jupiter ikusteko aukera, Ilatargirekin
Ilatargi Astronomia Taldeak behaketa astronomikoa antolatu du, interesa duten guztiondako. Arrasateko Laubide plazan batuko dira, 22:00etan. Eguraldia lagun, Ilargiko kraterrak, Saturno eta bere eraztunak eta Jupiter ikusi ahal izango dute Ilatargik ipiniko dituen teleskopioetatik. Gau ona egiten badu, gauza gehiago ikusten saiatuko dira.
Eguraldi txarra egiten badu, uztailerako utziko dute behaketa hori.
Gaur, egubakoitza, Laubide plazan, 22:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak