Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko eka. 6a, 12:37
Aste bukaerarako ekintzan ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez edota ospakizunekin gozatzeko aukera izango da. Bergaran gainera, Mundumira jaia ospatuko da eta aste bukaera osoan musika eta ekintza ugariz gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda:

Musika

oñati
> Musika eskolako kideek kontzertua egingo dute gaur
Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleek kontzertua egingo dute gaur, egubakoitza.
Foruen plazan, 19:00etan.

arrasate
> Arrasate Musikaleko orkestra gazteak emanaldia egingo du
Gaur, egubakoitza, Arrasate Musikaleko orkestra gazteak, urteroko ohiturari eutsiz, kontzertua egingo du, Domentx Uzinek zuzenduta.
Gaur, egubakoitza, San Juan Bataiatzailearen parrokian, 20:00etan.

arrasate
> La Txusma eta Bacon Maiden taldeen kontzertua
Arrasateko La Txusma (rock eta metala) eta Bacon Maiden (Iron Maidenen tributua) taldeek kontzertua egingo dute gaur, egubakoitza, 3.60 aretoan.
Gaur, 3.60 aretoan, 23:00etan.

bergara
> Reggae gaua eta dantzarako musika Ziripot tabernan
Reggae gaua egongo da gaur Ziripot tabernan, Rude Kanka Soundsystem & Ras Miguelen emanaldiarekin. Bihar, zapatua, Mr. Dubbin-ek musika ipiniko du.
Emanaldiok 23:00etan hasiko dira.

arrasate
> Dantzarako musika emanaldia egongo da 3.60 aretoan
Gonzalo Morbid disko-jartzaileak dantzarako musika ipiniko du.
Bihar, zapatua, 04:00etan.

arrasate
> Goikobalu Txiki eta Gazte taldeek kontzertua egingo dute
Goikobalu Txiki eta Gazte abesbatzek emanaldia egingo dute; eurez gain, Billabonako Eresargi Ttipi eta Eresargi Txiki abesbatzek jardungo dute, 100 ume, guztira. Talde bakoitzak bere errepertorioa abestuko du, eta bukaeran, denek batera, Xabier Sarasola musikari beasaindarren eskutik bi euskal abesti eta maori tribuaren abesti bat kantatuko dute.
Etzi, domeka, San Frantzisko elizan, 17:00etan.

arrasate
> Goikobaluk Mozarten lan bat kantatuko du
Goikobalu Abesbatzak Mozarten Vesperae solennes de confessore lana estreinatuko du, San Feliperen 110. urteurrena ospatzeko.
Bihar, zapatua, San Frantzisko elizan, 20:00etan.

bergara
> Willis Drummond eta Hotel taldeen kontzertua
Txapa Irratiak antolatuta, Baiona, Irun eta Basoitako Willis Drummond laukoteak kontzertua egingo du. Anthology delako diskoko abestiak joko dituzte. Hotel taldeak ere joko du. Kontzertua FMko 97.25ean zuzenean entzuteko aukera egongo da.
Bihar, zapatua, gaztetxean, gauean.

Lehiaketak

eskoriatza
> Jaietako esaldia aukeratzeko lehiaketan parte hartzeko
Gaur, egubakoitza, bukatzen da San Pedroetako esaldi lehiaketan parte hartzeko epea. 13 urtetik gorako eskoriatzar guztiek parte har dezakete, hiru eta bost lagun arteko taldeetan. Gura adina esaldi aurkez ditzake talde bakoitzak, jaiak ondo pasatzera gonbidatzeko; jaiak, euskara eta gazteak elkartuz; jaiak neurrian ospatzea desiratuz… Esaldiok udaletxeko eta kultura etxeko eskapeetan jarriko dituzte posta kutxetan bota behar dira.
Hiru eta bost lagun arteko taldeetan parte hartu behar da.

arrasate
> 10 urte arteko umeendako marrazki lehiaketa, Badabilen
Badabil dendak marrazki lehiaketa deitu du, eta ekainaren 14a arte egongo da zabalik. Bi maila osatu dituzte: 0-6 urtekoak (txikiak) eta 7-10 urtekoak (juniorrak). A4 formatuko orrietan marrazkiak egin eta dendara eraman beharko dira. Honako sariak daude: txikien mailan, arbel bat eta 30 euroko erosketa txartela; eta, juniorrendako, eskuz egindako zurezko zango-maila pare bat eta 50 euroko erosketa txartela.
Argibideak, Badabil arropa dendan (Arrasate pasealekua, 3).

Ikuskizunak

bergara
> 'Nömadak TX' ikuskizuna aurkeztuko du Oreka TX taldeak
Oreka TX taldeak Nömadak TX delako ikuskizuna estreinatuko du Mundumira kulturen jaialdiaren barruan. Munduko zenbait kulturatan barrena egindako bidaien bizipenak ikusi eta entzun ahal izango dira ikuskizun horretan.
Gaur, egubakoitza, Euskal Herria aldizkariko harpidedunek ikusiko dute, eta bihar, zapatua, beste lau emanaldi izango dira, 11:00etan, 12:00etan, 18:00etan eta 19:00etan; bukatzeko, etzi, domeka, 11:00etan eta 12:00etan egingo dute.
Emanaldi guztiak frontoian izango dira.

bergara
> 'Auñamendien hatsa' delako diapositiba emanaldia
Auñamendien hatsa izeneko diapositiba emanaldia antolatu du Jardun elkarteak, Kultur Errotaren eskutik, datorren eguenerako. Gema Arrugaetak egingo du, eta 40 bat minutu iraungo du.
Europako mendikate gazteenetako bat orain 60 milioi urte altxatu zen, eta Bizkaiko Golkoko kostaldean bizi ziren euskaldunek, orain 10.000 urte eskas, Auñamendi izenez bataiatu zuten. Nafarroako eta Bidasoako mendiek bat egiten dute, euskal Pirinioek osatzen duten harresi handian. Diapositiba emanaldi horretan, horko izadia, mendiak, herriak, bizimoduak, ohiturak eta kultura ezagutzeko modua egongo da.
Eguenean, kultura etxean, 20:00etan.

arrasate
> I. Mugarik Gabeko Zinemaldia aurkeztuko du Felix Linaresek astelehenean
Amaia antzokian hasiko da zikloa, 20:00etan, Felix Linaresek aurkeztuta; diktadura gai hartuta, Paseo eta Madres (argazkian) emango dituzte. Zapatua arte, egunero izango dira emanaldiak Arrasaten eta Eskoriatzan.

Ospakizunak

elgeta
> Herri eskolako umeek jaialdia izango dute gaur
Elgetako herri eskolako ikasleek ikasturte amaierako jaialdia izango dute.
Espaloian, 14:30etik 16:00etara.

arrasate
> X. Garagardoaren Festa antolatu du errugbi taldeak gaurko eta biharko
Arrasate Rugby Taldeak X. Garagardoaren Festa antolatu du. Herriko plazan, Alemaniako edaria eta errekiak dastatzeko aukera izango da gaur, egubakoitza, eta bihar, zapatua, 19:00etan hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte.

eskoriatza
> Baserriko produktuak, artisautza, herri kirolak, animazioa… XII. Ferixien
XII. Ferixie ospatuko dute bihar, herriko plazan eta kale nagusietan. Baserri eta artisautza produktuak, gazta-dastatze eta lehiaketa –aurtengo berritasuna–, Bihurri aizkolariaren emanaldia, hankapaloak… egongo dira goiz osoan.

bergara
> San Antonioko jaiak ospatzen hasiko dira eguenean
San Antonio auzoko jaiak ospatzen hasiko dira eguenean, txupinazoarekin (19:45). Hilaren 13an, egubakoitza, izango dira ekintza nagusiak.
Eguenean hasi eta aste bukaera osoan izango dituzte ospakizunak.

Erakusketak

arrasate
> Eskulan eta orratz-lan erakusketa irekiko du Ekin elkarteak
Ikasturtean barrena eskulan eta orratz-lan ikastaroetan egindako lanen erakusketa antolatu du Ekin Emakumeak elkarteak, eta berau irekiko dute datorren egubakoitzean, hilak 13, Harresi aretoan. Erdialdean zein Musakolan ikastaroetan ibilitako emakumeen lanak dira.
Egubakoitzean, hilak 13, Harresi aretoan, 18:00etan.

arrasate
> Euskara elkarteen gaineko erakusketa bisitatzeko aukera
Euskara elkarteen gaur egungo dimentsioaren argazkia eskaintzeko erakusketa muntatu du AED elkarteak. Elkarteon bilakaeraren eta gaur egungo jardueraren berri ematen du erakusketak.
Kulturaten dago, ekainaren 15a arte.

bergara
> Basa-landareen erakusketa ipini du Jose Antonio Aperribaik
Jose Antonio Aperribai bergararrak basa-landareen gaineko erakusketa zabaldu du. Urte askoan berak bildutako makina bat landare dauzka, eta horietako batzuk jarri ditu jendeak ikusteko moduan. Ekainaren 10a arte egongo da beroiek ikusteko modua.
Kultura etxean, astelehenetik egubakoitzera, 18:00-21:00.

bergara
> Himalaiaren gaineko erakusketa egongo da Aroztegin
Mundumira jaialdiaren barruan, Himalaya, la puerta hacia Shambala delako argazki erakusketa egongo da Aroztegi aretoan. Juan Ramon Llavoriren argazkiak dira.
Gonbidatu bereziak izango dira Indiatik etorritako lau tibetar monje. Bergaran dauden bitartean, hau da, domekara bitartean, bakearen alde eta munduko hondamendi naturalek eta goseteek kaltetutakoen alde errezatuko dute, eta euren kantu sakratuak entzuteko aukera egongo da.
Etzi, domeka, da bisitatzeko azken eguna. Ordutegia: gaur, egubakoitza, 18:00-20:30; bihar, zapatua, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta etzi, domeka, 12:00-14:00.

oñati
> Corpus prozesioko irudiak erakusketan ipiniko dituzte
Corpuseko prozesioko irudien erakusketa ipini dute Kofradiakoek. Parrokian izango dira ikusgai, honako ordutegian: zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era; domeka eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta jai bezperetan, 17:30etik 20:30era.
Bestalde, uztail eta abuztuan, turismo bulegoko bisita gidatuen barruan egongo da erakusketa.
Urriaren 26ra bitartean egongo da zabalik erakusketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak