Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko mai. 23a, 12:24
Aste bukaerarako ekintzan ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez edota ospakizunekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda:

Musika

elgeta
> The Long Fathers taldeak kontzertua egingo du
The Long Fathers taldeak musika emanaldia egingo du Espaloia antzokian. Bilboko rockzale zaharrak dira. Bihar, zapatua, 22:30ean.

arrasate
> Jabier Muguruzak 'Konplizeak' diskoa aurkeztuko du zuzeneko baten
Jabier Muguruza bere 9. diskoarekin, Konplizeak, etorriko da Amaia antzokira bihar, zapatua, 20:00etan. Sarrerak erosteko aukera dago www.kutxa.net webgunean, 943 00 12 00 telefonoan edo Servikutxa sarean.

oñati
> Supagroup taldeak 'Fire for hire' diskoa aurkeztuko du
Gaztemaniak egitasmoak antolatuta, New Orleans-en oinarritutako Supagroup rock taldearen kontzertua izango da Oñatin. Rock mota askoren eragina jasotzen dute: punka, garagea, sleazy-rock delakoarena, glamarena… Fire for hire diskoko abestiak joko dituzte Oñatiko gaztelekuan.
Kontzerturako sarrerak 5 eurotan erosi ahal izango dira.
Bihar, zapatua, gaztelekuan, 22:30ean hasita.

arrasate
> Disko-jartzaileen emanaldiak eta Funk House festa, 3.60an
Hainbat DJk emanaldia egingo dute 3.60 aretoan, Loud Klub emanaldian. Hain zuzen, Kasper & Papol, Koldo (intermusic) eta Haitz (nothing without) DJak ibiliko dira.
Bihar, zapatua, ere dantzarako musika jaialdia egongo da, Funk House festa. Acido C, THC eta DJ Alain (elektronische) DJek girotuko dute gaua. Gaur, egubakoitza, gauerdian; eta bihar, zapatua, 23:00etan.

bergara
> Disko-jartzaileen emanaldiak egongo dira Ziripot tabernan
Gaur, egubakoitza, DJ Papik girotuko du gaua, eta bihar, zapatua, Humana DJk.
Emanaldiak 23:00etan hasiko dira.

arrasate, bergara

> Hainbat ekintza egingo ditu Arrasate Musikalek egunotan
Gitarra kontzertua egingo dute Monterron jauregian, 18:30ean, eta orkestra txikiaren kontzertua Oñatiko nagusien egoitzan, 18:00etan.
Bi emanaldiok gaur, egubakoitza.

bergara
> Rock kontzertua egongo da, Txapa Irratiak antolatuta
Borrokan, The Paniks eta Mara taldeek joko dute gaztetxean, Txapa Irratiak antolatutako emanaldian. Gaur, egubakoitza, 22:30ean.

Antzerkia

oñati
> 'Improvisados' umorezko bakarrizketak egingo dituzte
Paramount-eko Carlos Ramos, Pedro Llamas eta Dani Lopezek Improvisados delako umorezko eta inprobisaziozko bakarrizketa saioa egingo dute. Sarrera 10 euro kostatuko da.
Gaur, egubakoitza, Santa Ana antzokian, 22:30ean.

oñati
 Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorren bi emanaldi

elgeta
> 'Amama Pantxikaren altxor ezkutua' antzezlana
Amama Pantxikaren altxorra lapurtzen dute, eta Ane Monnak, Oskolak eta Karramarroik, haurrek lagunduta, hura berreskuratzen lagundu beharko diote. Bitartean, Mister Kaskarin gaiztakerietan arituko da. Etzi, domeka, Espaloia antzokian, 17:30ean.

eskoriatza

> Umeendako ipuin kontaketa emanaldia izango da
Maite Franco ipuin kontalariak 3 urtetik aurrerako umeendako ipuin emanaldia egingo du datorren eguenean. Udalak antolatutako emanaldia da honakoa.
Eguenean, hilak 29, liburutegian, 18:00etan.

Lehiaketak

eskoriatza
> Jaietako egitarauaren azal eta esaldia aukeratzeko lehiaketak
San Pedroetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa deitu du Udalak. Edozeinek parte har dezake, 15 x 25 cm-ko irudiekin. 2008ko Sanpedruak Eskoriatza esaldia agertu beharko da irudian. Irabazleak 300 euro jasoko ditu. Lanak udaletxera edo kultura etxera eraman behar dira.
Bestalde, esaldi lehiaketa ere antolatu dute, eta gaur, egubakoitza, hasi eta ekainaren 6a arte egingo dute. 13 urtetik gorako eskoriatzar guztiek parte har dezakete, hiru eta bost lagun arteko taldeetan. Gura adina esaldi aurkez ditzake talde bakoitzak, jaiak ondo pasatzera gonbidatzeko; jaiak, euskara eta gazteak elkartuz; jaiak neurrian ospatzea desiratuz… Esaldiok udaletxeko eta kultura etxeko eskapeetan jarriko dituzte posta kutxetan bota behar dira.
Irudi lehiaketarako lanak entregatzeko mugaeguna maiatzaren 30a da.

arrasate

> 10 urte arteko umeendako marrazki lehiaketa, Badabilen
Badabil dendak marrazki lehiaketa deitu du, eta ekainaren 14a arte egongo da zabalik. Bi maila osatu dituzte: 0-6 urtekoak (txikiak) eta 7-10 urtekoak (juniorrak). A4 formatuko orrietan marrazkiak egin eta dendara eraman beharko dira. Honako sariak daude: txikien mailan, arbel bat eta 30 euroko erosketa txartela; eta, juniorrendako, eskuz egindako zurezko zango-maila pare bat eta 50 euroko erosketa txartela.
Argibideak, Badabil arropa dendan (Arrasate pasealekua, 3).

Erakusketak

arrasate
> Kulturateko margo ikastaroko ikasleen lanak, ikusgai
Kulturateko margo ikastaroko parte-hartzaileek euren lanak erakutsiko dituzte Harresi aretoan. Gaur, egubakoitza, inauguratuko dute erakusketa.
Bisita ordutegia: ekainaren 1a arte, lanegunetan, 18:00-20:00, eta zapatu eta jaiegunetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

bergara
> Bergara Hiria lehiaketako argazkiak, erakusketan
Bergara Hiria argazki lehiaketan jasotako lanekin erakusketa zabalduko dute gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan. Bisitatzeko aukera egongo da ekainaren 1a arte.
Bisita ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; domeketan, 12:00-14:00.

arrasate

> Arrasateko Tailaginen Elkarteak erakusketa dauka zabalik
Arte Arrasateko Tailaginen Elkarteak erakusketa dauka Kulturaten, eta bisitatzeko aukera dago domeka arte. Elkarteak 25 urte bete ditu, eta hori ospatzeko antolatu dute honako erakusketa. Elkarteko kideen ibilbidea eta garapena jasotzen ditu.
Bisita ordutegia: domeka arte,
17:30etik 20:30era.

eskoriatza
> 'Islama, guztion ondarea' delako erakusketa ibiltaria
Islama, guztion ondarea delako erakusketa ikusteko aukera dago Ibarraundi museoan, hilaren 29ra arte.
Bisita ordutegia: lanegunetan, 09:00-14:00 eta 17:00-19:00; bihar, zapatua, 17:00-20:00; eta etzi, domeka, 12:00-14:00 eta 17:00-19:00.

Ikuskizunak

arrasate
> II. eko-zinema zikloa egingo dute hilaren 27tik 31ra
Zor ekologikoaren eta energiaren gaineko filmak emango dituzte hilaren 27tik 31ra bitartean. Hilaren 27an, Crudo despertar eta RIPsol – Contrajunta 2007 filmak emango dituzte; 28an, Los ojos cerrados de América Latina; eta 29an, Soberanía violada filma eman eta Gilda Roa Nekazari eta Gizarte Mugimenduko kidearen berbaldia izango dute.
Horrez gain, birziklatutako materialez egindako jostailuak ipiniko dituzte Seber Altube plazan, goizez eta arratsaldez.
Emanaldiak: 27an, 28an eta 29an, Kulturateko areto nagusian, 19:00etan.

Ospakizunak

bergara
> Otaba jaiak ospatuko dituzte aste bukaeran Elosun

bergara
> Maiatzeko bigarren erromeria egingo dute gaur iluntzean Munibe plazan
Gazte-Alai dantza taldearen emanaldia, 20:30ean, eta Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria izango dira; datorren egubakoitzean, Bergarako trikitilarien kalejira eta erromeria, afaria eta Izer, Alabier eta Lutxurdiorekin erromeria.

oñati

 

> Gorpuzti egunean, bisita gidatua egingo dute prozesioaren aurretik

Bisita gidatua 09:45ean hasiko da, turismo bulegotik. Prozesioko pertsonaiak zelan janzten diren ere ikusiko dute. Argibideak: 943 78 34 53. Ospakizunetarako garaiz bukatuko da: 11:00etako meza eta Corpuseko prozesioa.

 

Bertsolaritza

oñati
> Gipuzkoako eskola arteko txapelketako saioa
28. Gipuzkoako eskola arteko bertsolari txapelketako eskualdeko kanporaketa jokatuko dute bost bertsolari oñatiarrek. Gai jartzailea ere oñatiarra izango da.
Gaur, egubakoitza, Santa Ana antzokian, 15:00etan.

Bestelakoak

arrasate
> Ardo-dastatzea egingo dute gaur Kajoi tabernan
Gaur, egubakoitza, Rezabal txakolina dastatzeko parada izango da. Sarrera librea izango da, eta dastatzearen ondoren pintxoak egongo dira.
18:30etik 20:30era izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak