Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2008ko mai. 9a, 13:58
Aste bukaerarako ekintzan ugari daude gure ibarrean. Musikaz, antzerkiaz, erakusketez, film emanaldiez edota ospakizunekin gozatzeko aukera izango da. Hona hemen prestatutako kultura agenda:

Musika

Bergara
> Scam eta Metralleta taldeek emanaldia egingo dute
Aretxabaletako Scam taldeak hardcore melodikoa jorratzen du, eta Zarauzko Metralletak, fastcorea. Bi taldeok kontzertua egingo dute Bergarako gaztetxean. Sarrera doan da.
Gaur, egubakoitza, gaztetxean, 23:00etan.

Arrasate
> AEBetako Gore gore girls taldeak diskoa aurkeztuko du gaur gauean
Michigango underground joerako garage-rockaren berpizkundean diharduen taldea da Gore gore girls. Get the gore diskoa aurkeztuko dute gaur, Amaia antzokian, 21:00etan. Arrasateko Los Cretinos taldeak ere joko du.


Bergara

> Hainbat kontzertu antolatu dituzte Mendekosteetan
Gaur, egubakoitza, Enboskada, Hesian eta Amaiur taldeek joko dute; bihar, zapatua, Turboshit, Inoren ero ni eta Pikutara taldeek; eta etzi, domeka, Belceblues, Olympic darts, Adi Holden eta Mahaster River taldeek.
Bideberrin, 22:30ean.

Arrasate
> Hudson Falcons, First Wave eta Friday Crew taldeak
AEBetako New Jerseyko Hudson Falcons taldeak kontzertua egingo du 3.60 aretoan. Punk-rocka egiten dute, eta The Clash, Stiff Little Fingers, Bruce Springsteen, Johnny Thunders, Blitz eta beste talde batzuen eragina jasotzen dute. Eurekin batera, Memphis eta Philadelphiako The First Wave taldeak joko du, eta Friday Crew-k ere.
Gaur, 3.60 aretoan, 22:30ean.

Oñati
> Azkoitiko abesbatzak kontzertua egingo du bihar
Azkoitiko Iraurgi Abesbatzak kontzertua egingo du bihar, zapatua, agustindarren elizan. Oñatiko abesbatzak gonbidatuta etorriko da.
Bihar, agustindarren elizan, 20:00etan.

Bergara
> Musika eskolaren udaberriko kontzerturako txartelak
Musika eskola hasi da udaberriko kontzertua prestatzen. Aurten, egun berean, bazkaria beharrean, afaria egingo dute eskolakoek. 18:30ean, trikiti kalejira egingo dute; 19:00etan, kontzertua; eta 21:00etan, afaria eta dantzaldia.
Kontzerturako sarrerak 3 eurotan jarriko dituzte salgai musika eskolan; afarira joan nahi duten helduendako, gehi kontzertua, 16 eurotan; eta afaria bakarrik, 6 eurotan.
Kontzertua eta afaria maiatzaren 17an izango dira, pilotalekuan, 19:00etan.

Arrasate
> Disko-jartzaile batek emanaldia egingo du 3.60 aretoan
Elektit disko-jartzailearen emanaldia izango da.
Bihar, 04:00etan.

Bergara
> Musika emanaldi bereziak antolatu ditu Ziripot tabernak
Bergarako jaiak direla eta, dantzarako musika emanaldi bereziak antolatu dituzte: gaur, egubakoitza, Txabi Funtsak eta Dubby Kogollo disko-jartzaileek joko dute; bihar, zapatua, Lalas eta KRC!-k; etzi, domeka, Kaiet eta Alkate Klorofilak; eta astelehenean, Ima Txillaut eta Balza Kogollok.
Emanaldi guztiak, 23:00etan.

Erakusketak

Arrasate
> 'Libelandula' marrazki eta poesia erakusketa Harresin
Maite del Reyk eta Maider Zubillagak Libelandula erakusketa daukate. Zubillagaren artelanak Del Reyren poesiaren laguntzarekin erakutsiko dituzte. Maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik.
Bisita ordutegia: astegunetan, 18:00-20:00; zapatu eta jaiegunetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

Arrasate

> Arrasateko Tailaginen Elkarteak erakusketa zabalduko du
Arte Arrasateko Tailaginen Elkarteak erakusketa zabalduko du gaur, egubakoitza, Kulturaten. Elkarteak 25 urte bete ditu, eta hori ospatzeko antolatu dute honako erakusketa. Elkarteko kideen ibilbidea eta garapena jasotzen ditu.
Bisita ordutegia: martitzenetik domekara, 17:30-20:30, maiatzaren 25a arte.

Bergara

> Joxerra Elortzaren erakusketa bisitatzeko aukera dago
Joxerra Elortzaren lanen erakusketa dago Aroztegi aretoan. Margolan erakusketa horretan, irudi geometrikoen koadroak erakutsiko ditu.
1978az geroztik, 50 erakusketa baino gehiago egin ditu Elortzak, bakarka zein taldeka, eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Gure Artea lehiaketako lehen saria irabazi zuen.
Bisita ordutegia: astegunetan, 18:00-20:30; zapatuetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan: 12:00-14:00.

Eskoriatza
> 'Islama, guztion ondarea' delako erakusketa ibiltaria
Islama, guztion ondarea delako erakusketa zabalduko dute etzi, domeka, Ibarraundi museoan, eta bisitatzeko modua izango da hilaren 29ra arte. Islamiar mundua hainbat alderditatik aztertzeko eta ezagutzeko aukera ematen du: zientzia, kultura, kaligrafia, erlijioa, bizimodua…
Bisita ordutegia: lanegunetan, 09:00-14:00 eta 17:00-19:00; zapatuetan, 17:00-20:00; eta domeketan, 12:00-14:00 eta 17:00-19:00.

Lehiaketak

Eskoriatza
> Jaietako egitarauaren azal eta esaldia aukeratzeko lehiaketak
San Pedroetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa deitu du Udalak. Edozeinek parte har dezake, 15 x 25 cm-ko irudiekin. 2008ko Sanpedruak Eskoriatza esaldia agertu beharko da irudian. Irabazleak 300 euro jasoko ditu. Lanak udaletxera edo kultura etxera eraman behar dira.
Bestalde, esaldi lehiaketa ere antolatu dute, eta maiatzaren 23tik ekainaren 6a arte egingo dute. 13 urtetik gorako eskoriatzar guztiek parte har dezakete, hiru eta bost lagun arteko taldeetan. Gura adina esaldi aurkez ditzake talde bakoitzak, jaiak ondo pasatzera gonbidatzeko; jaiak, euskara eta gazteak elkartuz; jaiak neurrian ospatzea desiratuz… Esaldiok udaletxeko eta kultura etxeko eskapeetan jarriko dituzte posta kutxetan bota behar dira.
Irudi lehiaketarako lanak entregatzeko mugaeguna maiatzaren 30a da.

Bergara
> Mendekosteetako argazki rallyan parte hartzeko aukera
Aurtengo Mendekoste jaietako argazki rallyan parte hartzeko aukera dago gaur, maiatzak 9, hasi eta hilaren 13ra arte. Helburua da jaietako argazki bilduma bat osatu eta jendaurrean ipintzea.
Edozeinek parte har dezake, gehienez ere, bost argazki aurkeztuta. Koloretan izan beharko dira, formatu horizontal zein bertikalean. Kartulina baten edo formatu digitalean aurkez daitezke. Lanak Bergarako kultura etxean entregatu behar dira.
Sari banaketa ekainaren 16an egingo dute. 200 euroko saria emango diote bilduma onenaren egileari, eta bi argazki onenen egileek 100a euro jasoko dute.
Lanak entregatzeko mugaeguna ekainaren 2a da, 12:00etan.

Ospakizunak

Bergara
> Gaur egingo diote ongietorria Bergaran Bitorianatxori
Bergarako plazan batuko dira gaur ilunkaran hainbat herritar eta debagoiendar, Bitorianatxori ongietorria egiteko; horrela hasiko dira Mendekoste jaiak. Txosnak ere gaur irekiko dituzte, 20:30ean.
Bihar, besteak beste, lehiaketak, erromeria… izango dira, eta etzi, txirrindularitzako 72. Mendekoste Saria, dantza solte txapelketa, errekortadore ikuskizuna…
Bitorianatxoren jaitsiera gaur, Bergarako plazan, 20:00etan.

Arrasate
> Antzinako Arrasate berpiztuko dute zapatuan eta domekan
Antzinako Arrasate izeneko jaia izango da aste bukaeran. Udalak eta herriko hainbat elkartek parte hartu dute antolakuntzan. Besteak beste, 60 salmenta postu egongo dira herriko kale eta plaza nagusietan.

Arrasate
> Corazon de Encinaren kultura asteko egun handia, bihar
Corazon de Encina extremadurar kultura elkarteak oraingo aste bukaeran amaituko du bere kultura astea. Gaur, egubakoitza, poesia errezitaldia (19:30), saiheski-jana (21:00), flamenkoa (23:30) eta magia (00:00) izango dira; bihar, zapatua, patata tortilla lehiaketa (12:30), presidentearen agurra, ohorezko topa eta Extremadurako jatekoen dastatzea (13:00); folklore emanaldiak (18:15) eta bazkidendako afaria (21:45); eta etzi, domeka, bideoak eta Extremadurako musika (12:00) eta mahai-jokoen finalak (16:30).
Euren egoitzan izango dira ekintzak.

Eskoriatza
> II. Aitzorrotz Kultur Taldearen Eguna eta Loreen Eguna ospatuko dituzte
Bihar, txistu eta trikiti kalejira, bertso poteoa, herri bazkaria, dantzaldia… izango dira, eta 16:30ean, ekitaldi nagusia: Herriko plazan, bertsoak, umeen txokoa, kontzertuak eta beste. Gauean, kontzertuak izango dira Inkernun.

Bestelakoak

Debagoiena

> Kimuak film laburren programan parte hartzeko eskariak
Euskadiko Filmategia fundazioak egiten duen Kimuak programan parte hartzeko eskaria egin dezakete errealizadoreek edo ekoizleek. Zinema edo bideo formatuan egindako edozein ikus-entzunezko lan aurkez daiteke, 30 minututik beherakoa. 35 mm-ko azken kopia eduki behar da, eta 2007ko irailaren 30a baino beranduago egindakoa izan behar du.
Eskaerak honako helbidera bidali behar dira: Euskadiko Filmategia fundazioa (2008ko Kimuak programa); Antso Jakituna hiribidea, 17 –atzea; 20010 Donostia.
Mugaeguna uztailaren 24a da, berau barne.
Argibide gehiago: www.filmotecavasca.com webgunean, 943 11 55 11 telefono zenbakian edo kimuak@filmotecavasca.com helbide elektronikora idatzita.

Oñati

> Txokolateixia inauguratuko du Klaxk elkarteak gaur
Klaxk Oñatiko Txokolateroen elkarteak Txokolateixia inauguratuko du gaur arratsaldean; erakusketa, txokolate-dastatzea, informazioa eta salmenta izango dira.
Horrez gain, Anton Azpiazu elkartearen sortzaileak La amargura del cacao y la magia del chocolate en Oñati liburuaren bigarren edizioa eta euskarazko, katalanezko, ingelesezko eta alemanezko bertsioak aurkeztuko ditu.
Gaur, egubakoitza, Sancti Spiritus Unibertsitateko Gela Nagusian, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak