Aste bukaerako kultura agenda

Usoa Agirre 2008ko api. 25a, 17:04
Ekintzaz beteta dator aste bukaera hau ere. Eguraldi eguzkitsua izango dugula dio iragarpenak. Ekintza guztiekin disfrutatzeko giro paregabea, beraz.

Musika

Arrasate
> Hainbat disko-jartzailek jardungo dute 3.60 aretoan
Loud Klub (elektronica) proiektuaren aurkezpen emanaldia egongo da 3.60 aretoan. Kasper&Papol, Koldo (intermusic) eta Haitz (nothing without) disko-jartzaileek musika ipiniko dute. Sarrera 12 euro da.
Bestalde, zapatu goizaldean, Gonzalo Morbid disko-jartzailea arituko da.
Loud Kluben aurkezpen emanaldia gaur, egubakoitza, 23:00etan izango da.

> Lau ikastetxe, 21. Eskola Arteko Abesbatzen Topaketan
Arizmendi ikastolako Basabeazpi, Gazteluondo, Santa Teresa eta DBHko ikasleek –194, guztira–, Arrasateko Mesedeetako Andra Mariko 45ek, Oñatiko Elkar Heziko 35ek eta Oñatiko Txantxiku Ikastolako 30ek parte hartuko dute aurtengo topaketetan. Talde bakoitzak bi abesti eskainiko ditu, eta bukaeran denok batera kantatuko dute. Arizmendi Ikastolak antolatzen du.
Bihar, zapatua, Uarkape pilotalekuan, 17:00etan.

> Guatemalako proiektu bati laguntzeko kontzertua, bihar
Guatemalako herri baten liburutegia eraikitzeko proiektu bat dago martxan. Horri laguntzeko kontzertua egingo dute Never Surrender, Porron y cuenta nueva, Ume gaiztuen festa eta Golpe de Estado taldeek. Sarrerekin batutako dirua proiektu horretarako izango da.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 22:00etan.

Bergara
> Musika Eskolako ikasleek emanaldia egingo dute
Bergarako Musika Eskolak apirilerako antolatu dituen emanaldien barruan, kantu ikasleen emanaldia egongo da gaur, egubakoitza.
Sierbetako elizan, 20:00etan.

> Asturiasko Angel Embil abesbatzaren emanaldia
Aritzeta abesbatzak gonbidatuta, Asturiasko Pola de Sieroko Angel Embil abesbatzak emanaldia egingo du; Aritzetak pare bat abesti kantatuko ditu eurekin batera. 2006an Aritzetak Pola de Sierora egindako bisitaren itzulera da honakoa.
Bihar, zapatua, Santa Marina parrokian, 19:45ean.

> Disko-jartzaileen emanaldia izango da Ziripot tabernan
Ziripot tabernak disko-jartzaileen saio bana antolatu du egubakoitz eta zapatu gauerako. Egubakoitzean, Alkate (klorofila) disko-jartzailea ibiliko da, eta zapatuan, Naiwal vs Balza (kogollo).
Bi emanaldiak 23:00etan hasiko dira.

Oñati
> Jose de Azpiazu Musika Eskolako ikasleen kontzertua
Oñatiko Jose de Azpiazu Musika Eskolako ikasleek kontzertua egingo dute datorren eguenean. Talde askok parte hartuko dute: musika tailerra eta hizkuntza musikal, txistulari, metal, piano, gitarra, trikiti eta pandero taldeek eta koruek.
Astelehenean, hilak 28, Santa Ana antzokian, 18:30ean.

> Ganbara Abesbatzak bere ibilbidea laburtzeko emanaldia egingo du
Etzi, domeka, izango da emanaldia, Bidaurretako monasterioan, 13:15ean. Koruak bere 14 urteko ibilbideko hainbat kantu eskainiko ditu: abesti zaharrak, Sagatz diskokoak, eta uztailean Torreviejako lehiaketan aurkeztuko dituztenak.

Antzerkia

Eskoriatza
> Umorezko antzezlana egingo du gaur Aitziber Bilbaok
Aitziber Bilbao aktoreak Txapela buruan eta ibili munduan delako helduendako antzezlana egingo du; xumea forma aldetik, baina aberatsa, ikusleekin lortzen duen energia eta harremanaren ikuspegitik. Ondo pasatzeaz gain, hainbat konturen gaineko gogoeta proposatzen du antzezlanak: gure helburuen alde borroka egitearen garrantzia eta sentimenduen aurrean dugun ahultasuna. Hori guztia hiru sketch-en bidez irudikatzen da.
Emanaldia euskaraz izango da, eta sarrera doan da.
Gaur, egubakoitza, unibertsitateko aretoan, 22:30ean.

Aramaio
> 'Hor al zaude?' delako antzezlan ikusteko aukera dago gaur
Asier Hormaza eta Ainhoa Aierbe aktoreek Hor al zaude? delako antzezlana egingo dute gaur. Ane eta Patxi izeneko pertsonaiena egiten dute, batera bizi izatera joan diren bi gazte. Etxea txikia eta traketsa da eta bizilagunekin arazoak dituzte; gainera, gizon ikusezin bat eurekin bizi dela konturatzen dira. Maitasunaren inguruko gogoeta egitera gonbidatzen dute ikuslea.
Gaur, egubakoitza, kultura etxeko aretoan, 22:00etan.

Arrasate
> Iberiar penintsulako ipuinak kontatuko dituzte
Hiru musikarik –Fran Lasuen, David Nanclares eta Asier Ercilla– sortutako giroarekin, Kandido Uranga eta Ruth Quimera aktoreek ipuinak irakurriko dituzte.
Etzi, domeka, Amaia antzokian, 19:30ean.

Erakusketak

Arrasate
> 'Libelandula' marrazki eta poesia erakusketa Harresin
Maite del Reyk eta Maider Zubillagak Libelandula erakusketa ipiniko dute Harresi aretoan datorren martitzenean. Zubillagaren artelanak Del Reyren poesiaren laguntzarekin erakutsiko dituzte. Bion bigarren elkarlana da; aurretik, La mirada poética delako erakusketa izan zuten Debagoieneko zenbait lekutan.
Maiatzaren 17ra arte egongo da berau bisitatzeko parada.
Bisita ordutegia: astegunetan, 18:00-20:00; zapatu eta jaiegunetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.

> Hitz, irudi eta musika erakusketa eta poesia irakurketa
Liburuaren Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekintzen artean, Mugarri estaliak delako erakusketa eta poesia irakurketa antolatu du Udal Liburutegiak. Hitza (Castillo Suarez), irudia (Koldo Arnantz) eta musika (Juan Miguel Arzelus) bateratzen ditu erakusketa eta poesia irakurketa horrek.
Bisitatzeko aukera dago apirilaren 27ra arte, Kulturateko klaustroan.

Bergara
> Begiak taldearen argazki erakusketa, Hamaika tabernan
Begiak taldearen argazki erakusketa bisita daiteke Hamaika tabernan. Formatu handiko hamar argazkik osatzen dute, eta Bizi-giroak ene begian du izenburua.
Apiril osoan dago zabalik.

> Nekane Eskibel bergararraren margolanak, erakusketan
Nekane Eskibel bergararrak margolanak ipini ditu erakusketan. Hain zuzen, hogei lan dira, olio teknikan eginak, tamaina txiki eta ertainekoak. Etxeko abereak eta inguruko paisaiak margotzen ditu, batik bat, Eskibelek.
Rikardo Azkargortaren ikaslea da, eta honakoa da bakarka egiten duen lehenengo erakusketa.
Masterreka kaleko Nahikari tabernan dago erakusketa.

> Joxerra Elortzaren erakusketa inauguratuko dute gaur
Joxerra Elortzaren lanen erakusketa inauguratuko dute gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan. Margolan erakusketa horretan, irudi geometrikoen koadroak erakutsiko ditu.
1978az geroztik, 50 erakusketa baino gehiago egin ditu Elortzak, bakarka zein taldeka, eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Gure Artea lehiaketako lehen saria irabazi zuen.
Bisita ordutegia: astegunetan, 18:00-20:30; zapatuetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan: 12:00-14:00.

Oñati
> Medicus Mundi taldearen argazki erakusketa
Medicus Mundi elkarteak antolatutako argazki erakusketa zabalduko dute astelehenean, hilak 28, kultura etxean. Egunero egongo da berau bisitatzeko aukera, maiatzaren 8ra arte.
Bisita ordutegia: 18:30-20:30.

Bestelakoak

Oñati
> 'Sumenditik ozeanora' delako umeendako tailerra, gaur
Zientziaren gaineko tailerrak antolatu ditu umeendako Liburutegiak.
Gaur, egubakoitza, haur liburutegian, 18:00etan hasita.

> Trikiti eguna. 10:15ean, ongietorria Unibertsitateko plazan eta hamarretakoa; 11:00etan, ibarreko trikitilariak herriko kaleetan zehar banatu; 12:30ean, ibarreko trikiti eskolen ekitaldia Unibertsitateko plazan; 13:45ean omenaldia herriko hainbat trikitilariri; 14:15ean herri bazkaria Zubikoan; 17:00etan Trikizio taldearekin erromeria Unibertsitate plazan; 19:00etan txikiteo herrikoia; 22:30ean Erromeria Imuntzo eta Beloki bikotearekin.

> Joxe Mari Iriondok eta Pello Zabalak Ez dok amairu gogoratuko dute
Elkar Hezi ikastetxearen Ez dok-badok amairu jardunaldien barruan, Joxe Mari Iriondok eta Pello Zabalak Ez dok amairu sortuz eta haziz, nola joan zen? Nor bere talaiatik delako hitzaldia egingo dute gaur, Santa Anan, 19:00etan.

Antzuola
> Dantzarien eguna. 10:30ean, taldeei harrera; 11:30ean, kalejira; 12:45ean, goizeko dantza saioa plazan; 14:45ean, bazkaria; 18:00etan, arratsaldeko dantza saioa plazan.

Elgeta

 

> Udaberri Jaia egingo dute, lore azoka, pastel salmenta eta umeendako jolasekin

Guraso Elkarteak antolatuta, Udaberri Jaia egingo dute bihar, zapatua, Herriko plazan, 10:00-15:00. Lore azoka, ogitarteko eta etxean egindako pastel eta tarta salmenta eta umeendako marrazketa, ohe elastikoak, jolasak… izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak