Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2010ko mar. 4a, 15:36
Aste bukaeran gainean daukagu eta gaurtik, barikutik, hasita, makina bat ekintzaz gozatzeko aukera izango da gure ibarrean. Besteak beste, kontzertuak, antzezlanak, edota erakusketak izango dira. Bergaran gaiena, jai giroan, Santu Martirien jaiak ospatuko dituzte Osintxun. Jarraian duzue kultura ekintzen proposamena:

Antzerkia

arrasate
> Angelito 'El Largo' aktorearen umorezko bakarrizketa Iamain
Iamai kafetegiak 10 urte dituela-eta, emanaldi bereziak antolatu ditu. Hala, gaur, egubakoitza, Angelito El
Largo-k umorezko bakarrizketa egingo du. Sarrera doan da.
Gaur, egubakoitza, Kontzezino kaleko Iamai kafetegian, gauerdian hasita.

oñati, aretxabaleta
> 'Rosas rojas' emakumearenganako tratu txarren gaineko antzezlana ikusteko aukera
Martxoaren 8a aintzat hartuta, emakumearen aurkako tratu txarren inguruko Rosas rojas antzezlanaren emanaldiak antolatu dituzte zenbait udalek. La Papa antzerki taldearen lan horrek Lydiak eta Raulek osatutako bikotea aurkezten digu. Apurka-apurka, Lydiari tratu txar psikologikoak ematen hasten da Raul.
Oñatin, etzi, domeka, Santa Ana antzokian, 19:30ean; Aretxabaletan, astelehenean, hilak 8, Zaraia aretoan, 19:30; Bergaran, hilaren 19an.

bergara
> 'Cruzadas cotidianas' antzezlana, emakumearen gainekoa
Cristina Castillok Cruzadas cotidianas antzezlana egingo du gaur, egubakoitza, Zabalotegin, 22:30ean. Komedia giroan, hainbat emakumeren rola egiten du, euren aldarrikapenak eta eguneroko kezkak plazaratuz. Sarrera 5 euro da.

aretxabaleta
> Sei urtetik gorako umeendako ikuskizuna Arkupen
Baziren behin… neska abenturazaleak eta mutil abeslariak 6 urte eta gorako neska-mutikoendako ikuskizuna egongo da Arkupen, Kontu Kantoi taldearen eskutik.
Bihar, zapatua, kultura etxean, 11:30ean.

bergara
> 'Alfonbra majikoa', umeei zuzendutako antzezlana
Alfonbra majikoa umeendako antzezlana egingo du Oihulari Klown taldeak. Sarrera 3 euro da.
Etzi, domeka, Zabalotegi aretoan, 17:00etan.

Musika

arrasate
> Arrasate Musikaleko txistulariek kontzertua egingo dute
Arrasate Musikaleko txistularien kontzertuak bi zati izango ditu; lehenengoan, ikasleek talde txikietan edo bakarka joko dute, eta bigarrenean, txistulari bandak joko du, Juan Karlos Larreategik zuzenduta. Errepertorioaren zati handi bat Euskal Herriko musika izango da. Sarrera doan da.
Bihar, zapatua, Kulturaten, 12:00etan.

elgeta
> 'Nomadak' ikus-entzunezkoa ikusteko aukera, Mundukideren eskutik
Mundukide GGKEak 10 urte dituela ospatzeko, Espaloia antzokian elkartuko dira gaur, egubakoitza, 19:30ean, urtemugako ekitaldia egiteko; eta 22:30ean, Oreka TX-en Nomadak ikus-entzunezkoa emango dute.

arrasate
> Anarik 'Irla izan' diskoko abestiak joko ditu bihar, zapatua, Amaian
Anari musikariak Irla izan delako diskoa plazaratu zuen 2009an, eta horko abestiak eskainiko ditu bihar, zapatua, Arrasateko Amaia antzokian, 20:00etan, otsailean Heletan hasi zuen birarekin jarraituz. Sarrera 10 euro da.

bergara
> Denial, Instinct eta Dark Code taldeen metal kontzertua
Metal estiloko honako taldeek kontzertua egingo dute: Denial (Aretxabaleta), Instinct (Bermeo) eta Dark Code (Bergara). Sarrera 3 euro da.
Bihar, zapatua, gaztetxean, 22:00etan.

bergara
> Mursego biolontxelo-jotzaileak 'Bat' diskoa aurkeztuko du
Mursegok, Maite Arroitajauregi eibartarrak, Bat diskoko piezak joko ditu.
Bihar, zapatua, Zabalotegin, 20:00etan.


antzuola
> Txistulariek kontzertua egingo dute etzi, domeka
Herriko txistulariek kontzertua egingo dute, abesbatzarekin eta Bergarako metal boskotearekin.
Etzi, domeka, Torresoroan, 12:00etan.

Erakusketak

aretxabaleta
> Gerrako hilobien gaineko erakusketa ikusteko aukera
Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen delako erakusketa ipini du Aranzadi Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren eta Intxorta 1937 kultura elkartearen laguntzarekin. Aranzadiko kideek joandako 10 urteetan egindako hobitik ateratze lanak ikus daitezke, argazkitan. Horrekin batera, Intxorta 1937 kultura elkarteko kideek beste bi panel prestatu dituzte, Gerra eta errepresioa Aretxabaletan: Izen guztiak, aurpegi guztiak izenburuarekin. Kultura etxean, 11:00-13:00 eta 18:00-20:00, lanegunetan, eta 11:00-13:00, zapatuetan. 


bergara
> Nagore Igartza antzuolarraren argazki erakusketa
Nagore Igartza argazkilari antzuolar gazteak Barneko lurraldea izeneko argazki erakusketa dauka. Martxoaren 21era arte dago zabalik.
Aroztegin, astelehenetik egubakoitzera: 18:00-20:30; zapatuak: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; domekak: 12:00-14:00.

arrasate
> Jabego publikoko bideen inbentarioaren gainekoak
Arrasateko jabego publikoko bideen inbentarioaren gaineko erakusketa egongo da Kulturaten. Garai bateko bide asko dagoeneko ez dira erabiltzen, eta erakusketarekin nahi da Udalak egindako inbentario lana eta herritarrek ekarri dutena ezagutaraztea.
Kulturaten, martxoaren 8tik 28era arte.

oñati
> 'Argizaiola' argazki erakusketa dago hil osoan kultura etxean
Ilunpetan argazki taldearen eskutik, Argizaiola argazki erakusketa izango da kultura etxeko erakusketa aretoan.
Martxoaren 28ra arte, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

antzuola
> Jone Larrañagaren margo erakusketa, asteburuan
Jone Larrañaga Gorritxok bere margoak erakutsiko ditu. Akuarelak eta olioak dira.
Zapatuan eta domekan, Olaran etxean, 12:30-14:00 eta 18:30-20:00.

Ospakizunak

bergara
> Santu Martirien jaiak ospatuko dituzte Osintxun
Santu Martirien jaiak izango dituzte Osintxun aste bukaeran. Zapatuan izango dira ospakizun nagusiak: Osintxu-Osintxu jubenilendako bizikleta proba (10:00), txokolate-jana eta umeendako jolasak (16:30) eta Jon Maia eta Aitor Sarriegirekin bertso afaria (21:00).
Ekitaldi nagusiak bihar, zapatua.

Hitzaldiak

elgeta
> Iruña-Veleiaren gainean hitz egingo du Elexpuruk
Iruña-Veleiako grafitoak, benetakoak? hitzaldia egingo du Juan Martin Elexpuruk.
Eguenean, hilak 11, Espaloia antzokian, 19:00etan.

eskoriatza
> Emakumearen gaineko kafe-tertulia antolatu dute
Emakumearen Egunaren harira, kafe-tertulia saioa antolatu dute Udalak eta Bizikasik. Función conciliadora de la mujer du izenburua. Nagore Iturriotz izango da hizlaria.
Martitzenean, hilak 9, Ibarraundi museoan, 18:00etan.

antzuola
> Antzuolako armarriaren gaineko berbaldia
Antzuolako armarriaren eta horren kanoien gaineko hitzaldia egingo du Nabarralde elkarteak.
Martitzenean, hilak 9, Torresoroan, 18:30ean.

bergara
> 'Nafarroa Garaiaren konkista' hitzaldia Mikel Lizasorekin
1512-2012 ekimenarekin elkarlanean, hitzaldi sorta bat antolatu du Udalak. Horren barruan, Mikel Lizasok egingo du hurrengoa: Nafarroa Garaiaren konkista. Aitzindariak eta ondorioak. 1512 da izenburua.
Eguaztenean, martxoak 10, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19:00etan.

Bestelakoak

aramaio
> Zuhaixkak landatuko dituzte ikasleek gaur, Zuhaitz Eguna
Zuhaitz Eguna 2010 ospatuko dute herriko Haur Hezkuntzako ikasleek. Andra Marin zuhaixkak landatuko dituzte.
09:15ean hasiko da ospakizuna.

oñati
> Poesia errezitaldia egingo du Andoni Salamerok
Hitz bidean ttakunka delako poesia musikatua errezitatuko du Andoni Salamero idazle eta olerkariak. Ingurumen Astearen barruan antolatutako ekintza da.
Gaur, egubakoitza, kultura etxeko zinema aretoan, 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak